Araba Buru Batzarreko presidentearen aburuz ez dago elementurik “beren eskumenekin zerikusirik ez duten gaiengatik Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren jardunak kritikatzeko deitu den protesta horretan parte hartzea arrazoitzen dutenik”
Atzo Radio Vitorian egin zioten elkarrizketan , Jose Antonio Suso ABBko presidenteak zera esan zuen “ez dago elementurik helburu politiko argiak dituen greba batean parte hartzea arrazoitzen dutenik”. Greba deialdia duela hiru hilabete egin zen “Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Foru Gobernuaren jarduna kritikatzeko, beren eskumenekin zerikusirik ez duten gaiengatik”.
Pentsioei eta azken lan erreformari heldu egin behar zaiela aitortu arren, Susok esan zuen gai horien erantzukizuna soilik Espainiako gobernuari dagokiola. Etxebizitzari eta menpekotasunari buruzko gaiei dagokienez, horiek ere greba deitu dutenen erreklamazioak direlarik, EAJ-PNVren Arabako Herrialde Erakundeko presidenteak esan zuen Euskadi dela etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzen duen Autonomia Erkidego bakarretako bat. Menpekotasun alorreko gaiei dagokienez, “Estatuko biztanleria osoaren %5 a izan arren, Euskadik bere gain hartzen du menpekotasun arloko ordainketen %39”, esan zuen. Beste alde batetik, Susok kritikatu zuen greba deitu duten sindikatuek lan harremanetarako Euskadiko marko propioa erreklamatzen ari direla, baina aldi berean uko egin diotela “Lan Harremanen Kontseiluan eta Kontseilu Ekonomikoan edo Lanbide eta Elkarrizketa sozialerako Administrazio Kontseiluetan parte hartzeari”.
Herrialde mailan, Arabako Buru Batzarreko presidenteari galdetu zitzaion Iruña Okako alkatearen dimisioaz, epaitegiek hirigintza auzi baten ondorioz partikularrei milioi bat euroko kopurua ordaintzera derrigortzeko ezarri duten epaia ezagutu denez geroztik. “Guk ez dugu eragotziko PSEk alkatetzari eustea, udal hauteskundeak irabazi zituztelako. Guk proposatu genuen akordioaren ildotik jarraitu nahiko genuke. Duela hilabete batzuk ezinezko gertatu zen baina une honetan ez dago gure esku. PSEren esku dago. Gai hori dago alderdi biotako udal taldeen eskuetan. Akordioa badaukagu alkate sozialista berriaren alde bozkatuko dugu; alderantziz, abstentzioa bozkatuko dugu”.
Amaitzeko, Arabako jeltzaleen presidenteak baieztatu du Arabako Agenda ere presente egongo dela Estatuarekin aurrekontuei buruz egingo diren negoziaketetan. “Estatuak Araban dituen eskuduntzetan sartzen diren gaiak aztertuko ditugu, bereziki aurreko negoziaketetan hitzeman zirenak, gaur egun bete gabe jarraitzen dutenak, besteak beste Forondako aireportuko instalazioen erreforma, abiadura handiko trena eta Vitoria-Gasteizen trenbideak lurperatzeko lanak”, adierazi zuen José Antonio Susok.