2019ko azken Tokiko Gobernu Batzarraren ostean, Gasteizko alkateak aurtengo udal kudeaketaren balantzea egin du, eta datorren urterako erronka eta proiektu nagusiak izan ditu hizpide. “Kudeatzen dakien, akordioak lortzen dakien eta proiektuak gauzatzen dakien udal gobernua osatzen dugu, eta gaitasun horiek guztiak areagotu egingo ditugu legealdian zehar. Etorkizuneko proiektuz beteriko Agenda gasteiztarra dugu agintaldi honetan garatzeko“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.
Ekainean hasi zen lanean maiatzaren 26ko hauteskundeetatik sortutako udal korporazio berria. EAJ-PNVren eta PSE-EEren arteko gobernu-akordioak 13 kidez osatutako gobernu bat eman zuen emaitza gisa, hau da, azken bi hamarkadetako indartsuena, eta Agenda gasteiztarrak -2019-2023 agintaldiko programa- barne hartzen dituen proiektuak garatzea errazten du horrek.
Kudeaketarako gaitasunari dagokionez, aurten gure hirian arrakastaz garatu diren ekitaldiak nabarmendu ditu alkateak, nazioartean protagonismoa eman baitigute. Gasteizen egindako saskibaloiko Lauko Finala, Umbra Light Festival, Nazioarteko Enoturismo Kongresua, Michelin Hirien Munduko Goi Bilera, emakumezkoen saskibaloiko Erreginaren Kopa edo Euskadiko hiriburuak lehen aldiz hartu duen Ironmana izan dira ekitaldi nagusiak. Horiez gain, hiriak zenbait aitorpen jaso ditu, Global Green City 2019, esaterako, eta berriki ospatu den Klima Aldaketaren aurkako Goi Bileran ere partaidetza nabarmena izan du.
2019an, gainera, Udalaren zorra 7 milioi eurotik gora murriztu da, 86 milioitik 78 milioira igarota. Kopuru on horiek ez ezik, zerbitzu publikoek kalitate-maila mantentzen eta hobetzen dutela ere kontuan izan behar da. Atal horretan, enpleguarekin lotutako datuak ere nabarmentzen dira. Orain dela gutxi, ia 800 lanpostuko lan-eskaintza publikoa onartu da administrazioko, mantentze-lanetako, informazio eta kontroleko lanpostuetarako eta beste kategoria batzuetarako; udaberrian, berriz, 39 udaltzain sartu ziren, aurreko bi txandei gehituta. Bestetik, Udalak aurten 513 lanpostu sortzea lortu du Eusko Jaurlaritzak Gasteizerako dituen enplegu planei esker, iaz baino % 25 gehiago, Lanbidek 5 milioi eurotik gorako ekarpen ekonomikoa eginda. Aipatu behar da 2019an zehar euskal hiriburuko langabetuak 15.315 izatetik 14.479 izatera igaro direla, eta Gizarte Segurantzako afiliatuak 120.797 izatetik 124.867 izatera igaro direla.
Alkateak nabarmendu du, halaber, gobernua guztiekin akordioak lortzeko gai dela erakutsi duela 2019an, bai maila instituzionalean, bai esparru pribatuko eragileekin. “Espainiako Gobernuarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin egin ohi diren akordioez gain, bereziki pozgarria da aurten elkar ulertzera iritsi izana Alderdi Popularrarekin, zerga-ordenantzak onartzeko, eta Elkarrekin taldearekin, udal aurrekontua onartzeko. Ez diogu inori marra gorririk jartzen, eta itunak egiten ditugu hiriak aurrera egitea nahi duten alderdi, erakunde eta kolektibo guztiekin“, gaineratu du. Garrantzi berezia du, halaber, Salburua eta Zabalganeko jabeekin lortutako birpartzelazio-akordioak.
Aurrekoa bezain garrantzitsua da proiektuak gauzatzeko gaitasuna. Urtaranek hainbat adibide jarri ditu: autobus elektriko adimentsua instalatzeko martxan dauden obrak eta proiektuak; Gasteiz Antzokiaren esleipena; Emakumeen Etxea irekitzea; LGTBIfobiaren aurkako Behatokia martxan jartzea; Santa Barbara plaza eta Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ingurua birmoldatzea; Tornay Medikuaren kalea eta Ospitaleko plaza eraberritzea; tranbiaren hegoaldeko luzapenaren amaiera hurbila; Salbururako luzapenaren lizitazioa; AMVISAren ur-kolektore berria; Lakua-Arriaga, Ariznabarra eta Adurtzako futbol-zelai berriak; Eraztun Berdean proiektu berriak gauzatzea (Olarizuko harrera- eta informazio-puntua, Euskadiko lorategi botanikoa, Larragorri parkearen lehen fasea, aire zabaleko antzoki berdea eta abentura-parkea); Trafikoko Ordenantzaren aldaketa abiatu izana, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak, etab.) arautzeko, eta abar.
“Gobernu honek ametsak errealitate bihurtzen ditu, eta urteetan zehar asko eztabaidatu diren proiektuak azkenean egitate ukigarri bihurtzen ari dira. Gainera, bizilagunei entzuteko eta haiekin hiria egiteko gai den gobernua gara; izan ere, proiektu horietako asko herritarren ekarpenei esker jarri dira abian, bai Gasteiz Hobetuz programaren bidez, bai parte hartzeko organoetan eta kanaletan egindako ekarpenen bidez“, erantsi du alkateak.
Aurrerapen horiek eta beste batzuk posible izaten ari dira udal gobernuak hiri-proiektu argi bat duelako, agintaldiko planean eta Agenda gasteiztarrean zehazten dena. “Etorkizunerako proiektu asko ditugu, eta garrantzitsuena da asko dagoeneko abian direla, hasi direla egiten. Agintaldi hau sendotzearena izango da, Gasteiz Europako superhiri gisa berrestearena, nazioartean erreferentzia izango baita bizi-kalitatean, lehiakortasun ekonomikoan eta iraunkortasunean “.
“Ziur nago guztion laguntzarekin 2020a urte ona izango dela hemen bizi garenontzat. Udalak egin berri duen ikerketa soziologikoaren arabera, segurtasuna, garbitasuna eta garraio publikoa dira kezka nagusiak, beraz, arlo horietan jarriko dugu arreta, gainerakoak alde batera utzi gabe. Era berean, ‘Vitoria-Gasteiz Green Deal’ delakoa garatzen ahalik eta gehien inplikatuko gara. Plan horren helburua da enpresak erakartzea, gure hirian agertoki egokia aurkituko baitute arazo globalei irtenbide lokalak ematen dizkieten ekonomia berdeko ekintzak garatzeko. Ingurumenaren ikuspegitik berdeak izatetik ekonomia berdearen erreferente izatera igaro nahi dugu “, azpimarratu du alkateak.
Datorren urterako ere berrikuntza garrantzitsuak aurreikusi dira: abiadura handiko trena lurperatzearekin lotutakoak; Principal antzokia eraberritzea; auditorioa abian jartzea; auzoetako inbertsioak, agintaldi osoan 100 milioi eurora iritsiko direnak; superetxadiak garatzea; Mendizorrotzeko futbol-zelaia handitzea; Mobility Lab, gure hiria mugikortasunaren alorrean berrikuntzarako nazioarteko zentro bihurtu nahi duena, eta Agendan jasotako beste hainbat.
2020, ospatzeko asko duen urtea
Azkenik, alkateak aipatu du 2020an urteurren ugari izango dugula ospatzeko: Florida parkearen 200 urteak, Fournier enpresaren 150 urteak, Farolen Arrosarioaren 125 urteak, Baskoniaren 60 urteak, Eusko Legebiltzarraren 40 urteak, Forondako aireportuaren 40 urteak, Europa jauregiaren 30 urteak eta Araskiren 10 urteak, adibide batzuk jartzearren.
fuente - iturria: vitoria-gasteiz.org