2018an, Via Irun hiri-proiektuaren garapenaren izapidetze konplexuari ekin zitzaion. 2019ko martxoan amaitu zen proiektu honen Herritarren Partaidetzaren fasea, eta duela hilabete inguru gobernu sozialistak HAPOren Aldaketa Puntualaren Irizpide eta Helburuen zirriborroa aurkeztu zuen Plangintzako Aholku Batzordean. "Hainbat erakunde, elkarte, herritar eta talde politikoren ekarpenak, iradokizunak eta iritziak biltzen dituen zirriborroa", zehaztu du Iridoyk.
Via Irun hiri proiektu gisa planteatzen da. Irungo hirigunea berroneratzeko hiri-erronka handia. "Gure hiriaren erdigunea berreskuratzeko giltzarria", helarazi du Iridoyk, "Orain bitan zatituta dagoen hiri-espazio bat. Alde batetik, ADIFen trenbideen ondorioz, Bentetatik Plaiaundiraino, eta bestetik Euskotrenekoengatik, Lopez Becerra kalean".
Hala ba, EAJ-PNVk Via Irun-ekin zerikusia duen dokumentu orok, ikuspegi integral bat jasotzea ezinbestekoa dela defendatzen du. Ez bakarrik orain arte egin den bezala, zati txiki batean, baizik eta eremuaren osotasunean. Horregatik, talde jeltzaleak beharrezko ikusi zuen dokumentuari ekarpenak egitea. "Dokumentua aurkeztu zenean, gure ustez Iruni etorkizun hobea eskaini ahal izateko ezinbestekoak diren 10 ekarpen egin genizkion. Irunen egingo dena gure erabakia izan behar dela uste dugu, Udalarena eta hiritarrena, eta ez beste erakundeena. Izan ere, Via Irun, egungo trenbide-espazioaren 364.000m2-en biziberritze integrala bideratuko duen proiektua baita. Hiri proiektu bat ezin daiteke politika kortoplazisten bitartez bideratu. Horrek hirian adabakiak eta emaitza ez-eraginkorrak besterik ez baititu ekartzen. Denok batera joan behar dugu, hitz egin, adostu, eta Irunen onerako begiratu", aipatu du bozeramaile jeltzaleak.
Ondorioz, Via Irunen ikuspegi orokor batetik lan egin ahal izateko, Iridoyk proposamen bat egin du gaurko osoko bilkuran. Guztion artean Irunerako eta Irunerako ikuspegi orokor bat adosteko helburua duen proposamena. "Aste honetan bertan eratu da koalizio gobernu berria Estatuan; gure ustez, aukera handia Irunentzat. Are gehiago, EAJ-PNV prest dago, Irunek merezi duena izateko, Madrilen bere kapital politiko osoa emateko. Lan egin dezagun denok ikuspegi orokor batetik, trenbide-espazio osoa kontua izanik, ez gaitezen konformatu neurri eskasekin, ekin diezaiogun ADIFi konpromiso bat; Trenbide-espazioa hiri-eremuan integratzea, zeharkako iragazkortasuna hobetuz, bide-sare nagusia osatuko duten bide-konexio berriak eratzea, eta, horrekin batera, hiriaren erdigunean dauden bide-eremuak estaltzea. Hiri-garapenerako berreskuratu ditzala Soroxartako zubiaren eta GI-636 errepidearen arteko trazaduraren mugakide diren lurrak, trenbidea ustiatzeko beharrezkoak ez direnak. ETSren sarea ADIFen bide-plataforman integratzea. Baita ADIF eta ETS geltokien arteko intermodalitatea ere Ventas auzoan. Eta, horretarako, beharrezkoa da azterketa teknikoak eta ekonomikoak egitea, ikuspegi orokor hori jorratu ahal izateko" esan du bozeramaile jeltzaleak.
Proposamen horrek udal gobernuaren onarpena eta konpromisoa jaso du, eta talde jeltzalea poztu egin da. "Pozten gara, azkenik, udal gobernuak hilabeteak gure proposamenak ukatzen igaro ondoren, gure proposamenaren garrantzia eta beharra onartu duelako, eta publikoki eta irmoki konpromisoa hartu duelako ere. Irungo Udala da erritmoak markatu behar dituena, eta ekimena hartu behar duena. Irundik hasi, eta gero Madrilera eraman".
Era berean, eta amaitzeko, Iridoyk nabarmendu nahi izan du, "pozik gaude Ogasuneko ordezkariak berak, Via Irunen aurrera egiteko, trenbide eremu osoa antolatzeko proposamenen azterketa tekniko eta ekonomikoetara partida argi bat bideratzeko konpromisoa hartu duelako".