Irungo EAJ-PNVk 2020rako aurrekontuei BAI esatea proposatu du

EAJ-PNVk Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara mugitzearen, San Miguel-Anakan kiroldegi bat eraikitzearen eta, Irun Hondarribiarekin eta Hendaiarekin elkar lotuko duen bidegorriaren alde egin du

Irungo EAJ-PNVk 2020rako aurrekontuei BAI esatea proposatu du 04Urtarrilak
2020
2020 UrtarrilaK 04 |
IRUN

PARTEKATU

Xabier Iridoyk eta Jose Corchonek, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak eta zinegotziak, prentsaurrekoan urteari hasiera eman diote. Agintaldiaren lehen hilabeteak igaro izana baloratu dute bertan, baita Udalak gaur egun bizi duen egoera ere. "Kontrakoa esan nahiko genukeen arren, zoritxarrez, urtea norabide zehatzik gabe hasi dugu. Gobernu Programarik gabe, udal gobernuak datozen 4 urteetan garatu nahi dituen helburuak zeintzuk diren jakin gabe, eta 2020rako aurrekonturik gabe. 2019a, gainera, Aurrekontu Aurreratuarekin gainditu dugu, gobernu sozialistaren adosteko ezintasunaren ondorioz", aipatu du Iridoyk.

Hauteskunde urte nahasia izan da 2019a eta EAJ-PNV Irun izan da zinegotzi kopurua handitu duen talde bakarra. Bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, "guztia irundarren babesari eta konfiantzari esker. Irundarrek behin eta berriro, hiriak etorkizunari begiratzea, eta erronka berriei aurre egitea nahi dutela argi esan dute. Baina, esan bezala, Irunek oraindik ez du legealdirako planik, ezta datorren urterako aurrekonturik ere. Eta, jakina, hau ez da une honetan behar duena. Beharrezkoa da egungo gobernuak bere indibidualismoa alde batera uztea, epe luzera begiratzea eta adostasun handiak lortzeko lan egitea. Irunek egitateak behar ditu. Politika ez da hitza soilik, hitzak denborarekin, haizeak eramaten ditu. Politika elkarrizketa, akordioa, eta konponbidea da. Guk beti defendatuko dugu desberdinekiko elkarrizketa eta akordioa, Irun pertsonentzako hiria izatea nahi dugulako; gaur egungoa eta etorkizunekoa, lehen mailako hiria, aurrerakoia, anbizio handikoa, erreferentea, bizikidetzan oinarritua, denontzat atsegina. Horrela etorri gara egiten eta esaten, eta horrela jarraituko dugu".

Irungo Udalarentzat aurrekontu proiektu bat egiteak lan nekeza dakar, adierazi du Corchonek, "hori ezin du inork ukatu. Baina, gure taldeak ez du ulertzen, nondik gatozen ikusita, urtebeteko aurrekontu-luzapen batetik, nola ez den hau garaiz landu. Aurrekontua bezalako gai delikatu eta garrantzitsu bat ez da hilabetean lantzeko kontua. Argi dago gobernuak ez dituela hiriaren beharrak lehenetsi, eta berriz ere korrika eta seriotasunik gabe dabilela lanean. Ulertezina da nola beste udalerri batzuek jada aurrekontu definitua eta onartua dituzten, eta Irunek ez. Beste batzuek egin badute, Irunek ere egin beharko luke. Egungo gobernuaren egiteko moduen erakusgarri argia da hau". Benetan Irun Gipuzkoako bigarren hiria izatea nahi badugu, ezinbestekoa da denok batera lan egitea, mugikortasuna eta tokiko merkataritza bezalako problematikak konpontzen, euskara sustatzen, kirolaren egoera hobetzen, berdintasun politiketan eta gizarte politikak sustatzen.

Egoera horren aurrean, gobernu ahul eta gutxiengoa duenak, EAJ-PNVk gobernu sozialistari aurrekontu-proiektua adosteko eskatu dio: "Urtea ondo has dezagun, hitz egin dezagun Irungo premia atzeraezinez, eta desblokea dezagun bigarren aurrekontu-luzapen baten aukera. Irunek aurrera egin behar du, eta horretarako ezinbestekoa du aurrekontu bat. Udal gobernuarekin hitz egin dugu, eta proposamen zehatza egin diogu" zehaztu du Iridoyk.

Orain ez asko, hainbat urtetarako konpromisoak jasotzen dituen aurrekontu proiektua aurkeztu zuen gobernuak, eta horien artean dago San Juan plazan udal eraikina egitea. "8 milioiko eraikuntza bat, garrantzitsua izan arren, ez da premiazkoa. Guk argi dugu, Irunek proiektu horri heltzea baino, premia larriagoak dituela. Horregatik, eraikinaren inbertsioa urtebetez atzeratzea proposatu diogu udal gobernuari. Horrela gainera, gizarte gaietan hobetzeko aukerak gailenduko genituzke. Hala nola, aparkalekua, mugikortasuna, gizarte politikak, euskara, kirolak, tokiko merkataritza eta gazteria. Gainera, beharrezkotzat jotzen dugu 2020an zehar herritarrei kontsulta irekia egitea. Ideia-lehiaketa baten bidez jorratutako alternatibak aurkeztu ondoren, eraikina nola garatuko litzakeen erabakiko litzateke".

Bestalde, Iridoyk EAJ-PNVk defendatzen dituen hainbat proiektu azpimarratu ditu, eta gobernuari hauek garatzeko konpromisoa eskatu dio. Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara mugitzeko, San Miguel-Anakan kiroldegi bat eraikitzeko eta, Irun, Plaiaundiko eremua inguratuz, Hondarribiarekin eta Hendaiarekin elkar lotuko duen bidegorria gauzatzeko konpromisoa.

Halaber, talde jeltzaleak oinarrizkotzat jotzen dituen hainbat proposamen aurrekontu proiektura barneratzea eskatu du. Hauek, udal eraikinera bideratuko liratekeen 1,8 milioiaren zati baten bitartez hornituko lirateke. Hala ba, EAJ-PNVk honakoak txertatzea proposatzen du: "Gizarte-politiketan; isolatuta dauden adinekoei laguntzeko zerbitzu berri bat sortzea, kulturan; gure balioak sustatzea eta Memoria Historikoan sakontzea. Aparkalekuan; erabiltzen ez diren zabalguneak egokitzea, hala nola Plaiaundi Institutuaren aurrean dugun udal-lursailean, Miguel de Ambulodi kalean edo Iparraldeko etorbidean. Bestalde, euskara, gazteria eta hezkuntza behar bezala sustatzea; Jaizubiako eskolako oinezkoen ibilbidea Txingudi Ikastolara egokitzea, euskararen normalizazioan aurrera egiteko "Haurrak Parkean" programa berritzailea ezartzea, Udal Haur Eskolako psikomotrizitate gela berritzea, aire libreko rokodromo bat jartzea, gure ohiturak sustatzen dituzten ekitaldiei laguntza osatuagoak eskaintzea, etab. Halaber, etorkizuneko ikuspegi pluraletik, gure hiriko bertako merkataritzaren egoera sustatzea eta baita berdintasunean, ikerketa beka bat sortzea ere".

Amaitzeko, Iridoyk eta Corchonek azpimarratu dutenez, Irungo behar atzeraezinei erantzungo dien aurrekontua ezinbestekoa ikusten dute, "Irunek blokeo egoeratik atera beharra dauka, aurrekontuen luzapen egoera ezin daiteke errepikatu. Horregatik, arduratsu jokatu nahi dugulako, gobernu sozialistari egin genion lehen proposamena, nabarmen jaitsi dugu".

Interesatu Zaitez