Inbestidura debatean, sei diputatu jeltzaleek hautagai sozialistaren alde bozkatuko dute Euskal Agenda garatzeko eta ezberdinen arteko elkarrizketa ahalbidetzeko akordioa adostu denez geroztik
Aitor Estebanek, EAJ-PNVren Euskal Taldearen bozeramaileak, Espainiako Gobernuko presidentegai sozialista Pedro Sánchezi eskaini dio EAJ-PNVren “kolaborazio leial eta zintzoa”, “oinarrizko arazo handiak termino demokratikoetan bideratzeko”. Hala hitz egin du asteburuan zehar Diputatuen Kongresuan egiten ari diren inbestidura debatean eta, horren truke, Sánchezi ausardia eskatu dio “oraindik arakatu ez diren ateetatik aurrera egiteko” eta, era berean, “bizi dugun momentuaren konplexutasuna ulertzeko eta legealdiaren informazio eta posizioak elkarren artean trukatzeko mekanismoak ulertzea”, “autonomien eskuduntzak errespetatzea”, bai eta “zentzutasuna izatea” ere, “topagune egokia bilatzeko eta onena ateratzeko, guztiengandik eta guztientzat”. Azken finean, Estebanek Sánchezi erreklamatu dizkio “ausardia eta neurritasuna” presidente karguarekin izango dituen ardurak egikaritzean.
Ildo beretik, EAJ-PNVko sei diputatuek baiezko botoa emango dute biharko aurreikusita dagoen bilkuran egingo den bozketan, konbentzituta baitaude “gobernua eratzeko bide erreal bakarra” dela, behin-behinekotasunetik ateratzeko eta “iraganari, botere faktikoei eta gelditasunari begiratzeari utziko dion herriari bide emateko, elkartasun giroa hobetzeko erabakiak hartzeko orduan”.
Jeltzaleen aldeko botoaren harira aipatu du PSOErekin adostu den akordio garrantzitsua, jarduneko Presidente eta presidentegai Pedro Sánchezek eta EAJ-PNVren EBBko presidente Andoni Ortuzarrek iragan abenduaren 30ean Diputatuen Kongresuan bertan izenpetu zutena. Estebanen hitzetan akordio horrek dakar “arazoak esparru ezberdinetan aztertzeko konpromisoa”, EAJren eta Nafarroaren onerako. Estebanen aburuz “oinarrizko jarduera ildo praktikoetan oinarritzen da” eta “une transzendental batean” gauzatu da. Bere aburuz “egonkortasuna” behar da “behin-behinekotasun instituzionalean bizitzeari utzi ahal izateko”.
Hamabi puntuko akordioa da Euskal Agenda garatzen duena eta alderdi eta erakunde ezberdinen arteko elkarrizketa planteatzen duena “Kataluniako auziari irtenbidea emateko zein EAEko Estatutu berriaren inguruko negoziaketa eta akordioa bideratzeko, herrien nazio nortasun sentimenduak aintzat hartuta”. Estebanek era berean nabarmendu du akordio horren lehen puntua “funtsezkoa” dela “Legealdiaren garapen egokirako”, EAJ-PNVrekin “komunikazio arin eta etengabea” aurreikusten duelako “Gobernuak bultzatuko dituen ekimenak aldez aurretik ezagutzeko aukera emanez eta akordioa bideratuz ezbaia ematen baldin bada”. Politikaren judizializazioa bertan behera uztea, lurralde krisiari heltzea, esparru ekonomikoa, azpiegiturak, euskal erakundeak Europako esparruan parte hartzea eta kirol eta kultur esparruetan ordezkaritza propioa izateko aldarrikapenak bideratzea, eskubide eta askatasunen aldeko lege aldarazpenak edo Gernikako Estatutuari dagokion aldetik Legea hitzez hitz betetzea dira EAJ-PNVk lortu duen akordioaren beste alderdi garrantzitsu batzuk.
Beste alde batetik, Esteban oso kritiko agertu da PP, Ciudadanos eta Vox alderdiek debate osoan erabili duten tonuarekin eta esan dituzten irainekin “hiritarrei eragingo dieten akordio handiak hartzeko eskubidea beraiena soilik izango balitz bezala”. Era berean aurpegiratu die Espainia bihurtu dutela “kilometro koadro zehatz batzuk dituen ideia bat, garrantzitsuena mugak gordetzea balitz bezala”, “beren estandar patriotikoak” ez dituzten milioika pertsonen parte hartzea aintzat hartu gabe”. Hartara, Estebanek amaitzeko esan duenez “jarrera hori ez dator bat benetako ezpiritu demokratikoarekin” eta salatu du “zuzenbidearen erabilpen lotsagabe eta zikina”, eta ez bakarrik Epaitegietan baizik eta baita organo administratiboen aldetik, besteak beste Hauteskunde Batzorde Zentralaren aldetik. Atzo Torra Presidentearen eta ERCko buru Oriol Junquerasen kontra eman zen ebazpena ezagutu ondoren Estebanek baieztatu duenez HBZk “beretzat hartu ditu ez dagozkion eskuduntzak eta legeaz egiten dituen interpretazioek iraileko azterketetara eramango lukete zuzenbideko edozein ikasle”.
Amaitzeko eta “Estatu zentzu” faltsua aldarrikatzen dutenen aurrean eta “norberak edo hurkoak eginikoen inguruan, akordioen indarraz edo legeek ezartzen dutenaz arazorik gabe gezurretan ari direnen aurrean” Estebanek “sen ona” eta “politikagintzaren ikuskera zuzena” aldarrikatu ditu baina ez “aurkaria indargabetzeko formula gisa”. Era berean eskaini du EAJ-PNVren “bokazio instituzionala”. Zentzu berean, Estebanek EAJ-PNVk lortu duen akordioa defendatu du horren bidez lortuko delako Trafiko eskuduntza Nafarroako erakundeen ardurapean jartzea eta, EAJ-PNVk foru herrialdean egin duen ibilbide luzea gogora ekarri ondoren,- 100 urtetik gora politikagintzan Nafarroan eta Nafarroaren alde- , PPri eta UPNri leporatu die “aurpegi gogorra” dutela “EAJk Nafarroako gai bat negoziatzeagatik” asaldatu direlako.
Arestian esandakoagatik guztiagatik, Estebanek nabarmendu duenez EAJ-PNVk nahiko lukeen gobernuak “formula berriekin lan egin beharko du erronka berriei aurre egiteko eta irtenbideak bilatzeko behin eta berriz atzeratu eta ezkutatu diren arazoei heltzeko”, eta horretarako eskatu du “gutxieneko sendotasuna” izango duen gobernua “inbestidurarekin amaituko ez den konpromisoarekin”. “Hautagai jauna, ausardia eta neurritasuna opatu nahi dizkizut zure karguan, jokoan baitago hiritar guztien etorkizuna”, amaitu du Estebanek.