Bizkaiko 2020ko aurrekontuak babestu ditu EAJ-PNVk

Mikel Baganek Gernikako batzar-etxean aldarrikatu du hurrengo ekitaldirako aurkeztu diren kontuek “bideragarritasun ekonomikoa” ematen dietela “bizitza kalitatea hobetzea eta Bizkaiak modu inklusiboan aurrera egitea ahalbidetuko duten” jarduera zehatzei

Bizkaiko 2020ko aurrekontuak babestu ditu EAJ-PNVk 27Abenduak
2019
2019 AbenduaK 27 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Euzko Abertzaleak (EAb) batzarkide taldeak Bizkaiko 2020ko aurrekontuen alde bozkatu du gaur goizean Gernikako batzar-etxean egin den osoko bilkuran. Ondorioz, onartu egin dira herrialdeak hurrengo ekitaldirako izango dituen aurrekontuak. Batzarkide jeltzaleen botoa azaldu du Ogasun eta Finantza batzordeko buru eta batzarkide jeltzale Mikel Baganek eta bere taldearen jarrera azaltzeko izan duen tartean baieztatu du aurrekontu egitasmoak bideragarritasun ekonomikoa emango diela “bizitza kalitatea hobetzea eta Bizkaian modu inklusiboan aurrera egitea ahalbidetuko duten” jarduera zehatzei.

Gaur egin den osoko bilkura monografikoan oposizioko talde politikoek aurkeztu dituzten 628 zuzenketa partzialak bozkatu direlarik, amaitutzat eman da 2020rako Aurrekontuen Foru Arau Egitasmoa onesteko izapidea. Azkenean onetsi den aurrekontu proiektuaren arabera, foru departamentuek hurrengo ekitaldian 1.283,6 milioi euroko eskuragarria izango dute (amaitzear dagoen ekitaldian baino 28,4 milioi euro gehiago). Batzarkide jeltzaleak baieztatu duenez “aurrekontu orekatuak prestatu dira, Aldundiaren ardurakoak diren hainbat alderdiri erantzuten dietenak”, eta zentzu berean azaldu duenez “igo egin dira adineko pertsonei zuzendutako partidak, mendekotasun egoeran dauden pertsonak artatzekoak, emakume, adingabe eta jagoleei zuzendutakoak; eskubide sozialen eta zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatuko dute eta, aldi berean, jarduera ekonomikoa eta lehiakortasuna sustatuko dute gero eta inguru konplexuago batean, baita kalitatezko enplegu egonkorra ere”.

Baganek Bizkaiko ganberan azaldu du EAJ-PNV eta PSE taldeek (foru gobernuari babesa ematen diotenek) zergatik ez dituzten oposizioko taldeek aurkeztu dituzten zuzenketak onartu. Baganen esanetan “ez dute eredu ekonomiko eta sozial alternatiborik eskaintzen, ez alderdi kuantitatibotik ezta kualitatibotik ere”. Aditzera eman duenez, hainbat kasutan zuzenketak ez dira ontzat eman “arrazoibiderik ez dutelako, besterik gabe aurrekontua igotzeak ez duelako hobeto kudeatuko dela esan nahi, guztiz alderantziz”, beste zuzenketa batzuek “bideraezin egiten dute zerbitzuak egokiro ematea eta Bizkaiko Foru Aldundiaren funtzionamendu egokia, eta beste batzuek urte askotarako hartutako konpromisoak apurtzea dakarte”, arrazoitu du. Azken finean “ekimenak bateratzeko eta aukerak irekitzeko proposamenak izan beharrean, ildo ideologiko bat ezartzeko zuzenketen aurrean gaude. Eta horretan ez gara eroriko”. Alde batetik, Partido Popularrak aurkeztu dituen zuzenketetan “igoera esanguratsuak planteatzen dira igo behar ez diren partidetan, eta kredituak beheratzea proposatzen dute Aldundi honek bere gain dituen derrigor finantzarioak betetzeko aurreikusten diren partidetan. Eta, zer irizpiderekin egin da? Bada, ematen du norgehiagoka egiteko dela. Inbertsio zehatzak planteatzen diren proiektuak ez aipatzearren, eta zentzu honetan ari naiz Metroaren 4, 5 eta 6 Lineez, Aldundi honek hitzeman dituen konpromisoak ezagutu arren, ETStik azterlan informatiboak kontratatu direla jakin arren, 6. Lineaz ez hitz egiteagatik, arrazoiak eman gabe eta Garraioaren Plan Estrategikoa kontuan izan gabe. Eta jarraian nazioarteko museo bat, berrikuntza gastronomikorako zentroa eta behatokia planteatu dituzte. Proiekturik, aurreproiekturik edo, gutxienez, bideragarritasun azterketarik egin al da? Uste dut ezetz. Are gehiago, kasuren batean lurzorua erabilgarri ote dagoen aztertu gabe egin da. Esan dudan moduan, ezer ere ez”, txarretsi die 'popularrei'.

Halaber, Elkarrekin Bizkaia taldeko bozeramaileak “EAJ-PNVk erronka sozialei aurre egiten ez diela” esanez luzatu dituen kritikei erantzun die Baganek. “Zalantzarik ez izan guretzat funtsezko gaia dela hori; gure idearioan dago. Aurrekontu proiektu honek bermatzen du gure gizarte babes sistemaren iraunkortasuna; duela hainbat urte talde politikoen, gizarte eragileen eta Bizkaiko eta, azken finean, Euskadiko gizartearen artean pentsatu eta sortu zen eredua, eta une oro jaso du eta jasotzen ari da gure taldearen babesa udal eta foru esparruetan eta autonomia osoan. Helburu horri eutsi diogu beti”, aldarrikatu du. “Jabetzen gara hobetu beharra dagoela eta erronka berrietara moldatu beharra dagoela, eta horretan gaude, esan dudan moduan funtsezko eta ukatu ezinezko helburua delako gizarte kohesionatua lortzea. Eta, horretarako, politika egin behar dugu eta ikuskera bateratuarekin kudeatu behar dugu denon ongia bilatuko badugu”, baieztatu du.

Amaitzeko, EAb-ko batzarkideak EH Bilduri erantzun dio, Ogasun eta Finantza batzordearen azken bileran EAJ-PNVk akordioetara iristeko daukan borondatea auzitan jarri zuen taldeari. “Ez da hasierarik egokiena, aurrekontu-akordioetara iristeko, inola ere onargarriak ez diren baldintzak planteatzen badira, esaterako, estrategikotzat jotzen ditugun eta aldez aurretik onartuko ez ditugula dakiten proiektuak ezabatzea”, zehaztu du Baganek. Gainera, “Osoko zuzenketa bat aurkeztu da, aurkeztutako aurrekontu-proiektuak bizkaitarren beharrei erantzuteko balio ez duela argudiatuz, eta atzera botatzea eskatu da. Bada, hori ere ez da oso lagungarria”, esan du. “Zuzenketaren bat onartu izan bagenu, akordioetara iristeko borondatea aitortuko ziguten? Ziurrenik ez. Ziur aski keinu soil gisa egin dugula esango zuten, galeriara begira. Gure taldeak askotan erakutsi du akordioetara iristeko gaitasuna eta borondatea dituela eta bete betean asmatzen duela ezberdinen arteko akordioak lortzeko orduan, guztien onerako. Baina, EH Bilduk ba al du EAJrekin adosteko borondaterik? “, galdetu du.

Interesatu Zaitez