Lan eta Justizia Batzordeak argi berdea eman dio gaur Kooperatiben Legeari, Gobernua babesten duten taldeen, EH Bilduren eta PPren babesarekin. “Gaurko adostasun politikoak kooperatibismoaren munduan lortutako akordioa indartzen du”, adierazi du Aitor Urrutia jeltzaleak
Euskadi izan zen Estatuko lehen erkidegoa kooperatiba lege propioa egiten. Erregulaziotik hamarkadak igarota, euskal kooperatibak enpresa-eredu horren erreferente bihurtu dira mundu mailan; eta ez bakarrik ikuspegi kualitatibotik, printzipio eta balio kooperatiboak praktikara eramanda, baita ikuspuntu kuantitatibotik ere, ekonomia osoarengan duen pisua dela eta. Aitor Urrutia legebiltzarkideak adierazi du 1993an onartutako legea “zaharkitu” egin dela, eta egokitu beharra zegoela garai berrietara, egoera berrietara eta mundu gero eta globalizatuagoak dauzkan erronka berrietara. Kooperatibek gure eredu ekonomikoaren “funtsezko elementu” izaten jarraitzeko nahia adierazi du Urrutiak, eta laguntzen jarrai dezaten gizarte gero eta kohesionatuagoa eraikitzen. “Gure ereduak ekarpena egiten dio garapen jasangarriari eta berrikuntza sozialari, ingurumenekoari eta teknologikoari. Eta hala jarraitzea nahi dugu”, esan du.
“Eredu kooperatibistak funtzionatzen du eta gero eta eraginkorragoa eta lehiakorragoa izan dadin nahi dugu. Inguru gero eta konplexuagoan, kooperatibek beharrezko tresnak izan behar dituzte, etorkizunari bermez aurre egiteko; eta hori guztia, beren arima eta funtsa galdu gabe, pertsonan oinarrituta eta kide guztien interesen alde eginez”, adierazi du Urrutiak. Gainera, gogoratu du lege hori sektorearen aspaldiko eskaria zela. Are gehiago, nabarmendu du, Eusko Jaurlaritza kooperatibekin elkarlanean aritu zen aurreproiektua idazteko. “Legebiltzarrera adostasun zabalaz iritsi zen, eta adostasun zabalaz irtengo da hemendik ere. Taldeok lan garrantzitsua egin dugu, une oro kooperatibekin lortutako akordioa bermatzen saiatuz”.
Hori dela eta, EAJ-PNVko legebiltzarkideak balioa eman die arauak barnebilduko dituen aldaketei, ahalbidetuko baitute kooperatibek global izaten jarraitzea, eta aberastasuna eta enplegua sortzen jarraitzea. Testu berriak eguneratu eta bateratu egiten ditu azken 26 urteotan onartutako arauak, %30era igoz besteren konturako langile muga, bazkideen ondare pertsonala blindatuz kooperatiben galeren aurrean (bazkidearen ardura kapital sozialera egindako ekarpenera mugatuko da), etxebizitza eta garraio kooperatiben lege-konfigurazioa birformulatuz edo kooperatiba txikiak arauan sartuz.
“Badakigu kooperatibismoa eta kooperatibistak funtsezkoak direla gure garapen ekonomikorako ereduan. Herri hobea eraikitzen dute”, amaitu du.