Ortuzar Cambio16 saria jasotzean: “Gogoan izan ezazue EAJ-PNV elkarrizketa eta akordioaren bidez aurrera egiteko guztietan”

EBBko presidenteak jaso du argitalpen horrek EAJ-PNVri eman dion saria “125 urtetan bere jardun politikoaren ezaugarri nagusia izan delako akordioa eta adostasuna bilatzea”

Ortuzar Cambio16 saria jasotzean: “Gogoan izan ezazue EAJ-PNV elkarrizketa eta akordioaren bidez aurrera egiteko guztietan” 27Azaroak
2019
2019 AzaroaK 27 |
EBB

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian

“Ohore bat da EAJ-PNV osoaren izenean Cambio16 aldizkariaren sari hau jasotzea. Gure alderdiak 125 urte beteko ditu datorren urtean, uztailaren 31n, eta Madrilen 101 urte daramatza politika egiten helburu nagusi batekin: elkarrizketa eta akordioa bilatzea”. Hitz horiekin hasi du Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak eman duen hitzaldia,gaur, Madrilgo Palace Hotelean, Gorka Landabururen eskutik, Cambio16 aldizkariak 2019an kategoria politikoan eman dion saria jasotzean. Landabururen hitzetan, zuzentzen duen argitalpenak sari hau alderdi jeltzaleari eman dio “Espainiako politikagintza bihurtu den oilotoki honetan, EAJ-PNVk moderazioari, zentralitateari eta neurriari eusten jakin duelako, betidanik akordioa eta adostasuna bilatzeko egin duen bidean. Laster beteko ditu 125 urte, Estatuan bigarren alderdi politiko zaharrena da, eta betidanik defendatu ditu demokrazia, askatasuna eta Giza Eskubideak, sekula ere bere printzipioei eta idealei uko egin gabe”. Beste sarituak izan dira, besteak beste, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkate jeltzalea, hirien kategorian, Pablo Motos aurkezlea eta Rafa Nadal tenis jokalaria.

Ortuzarrek bere diskurtsoan berretsi du talde jeltzaleak politika egiteko daukan ereduaren aldeko apustua, EAJ-PNV Espainian gaur egun nagusi den eredutik aldentzen duena. “Politika likidoa nagusi den garai honetan, txio gatzdun eta erantzun gupidagabez josita dagoelarik, guk politikagintza lasaiaren alde egiten dugu, ez du horrenbesteko foku edo adierazpenik behar, baina bai behar ditu akordioak, hiritargoari jakinarazi behar dizkiogunak” baieztatu du. Jeltzaleen buruak saria jasotzeko momentua ere baliatu nahi izan du adiskidetasun eta elkartasun mezua zabaltzeko, Espainiako estatuan tentsio politikoa eta lurralde gatazka gorenean dauden une honetan. “Espainiako estatu barruan gauden nazioek elkarrekin bizi behar dugu errespetuarekin,tolerantziarekin eta elkar onartuta. Humanismo demokrata aldezten dugu eta sistema demokratikoa aldarrikatzen dugu, bere barruan desadostasuna egotea onartzen duen bakarra delarik, sistema suntsitu nahi dutenak barne”, baieztatu du. Eta ez ditu aipatu gabe utzi nahi izan minutu batzuk lehenago Gorka Landaburuk ultraeskuina zuritzeko egiten ari den prozesuaren kontra egin dituen adierazpenak. “Ez digu beldurrik ematen Vox-ek gure ilegalizazioa eskatu izanak”, esan du Ortuzarrek, “baina bai kezkatzen gaitu kalitate demokratikoak. Eta alderdi demokratikoek ahalegin bat egin behar dugu ultraeskuinari eta populismoari alfonbra gorria jarriko dioten hutsegiteak ez egiteko”. Amaitzeko, jeltzaleen buruak bertaratu guztiak gonbidatu ditu eguneroko hika-mikatik harago begiratzea “erabakimenez eta balore gizatiar eta demokratikoetan oinarrituta, aurrez-aurre planteatzen zaizkigun erronkei heltzeko: klima aldaketa, inmigrazioak dakartzan aukerak, jaiotze tasa baxuaren arazoa eta emakume eta gizonen arteko berdintasunerako borroka. Gogoan izan ezazue EAJ-PNV, elkarrizketa eta akordioaren bidez aurrera egiteko guztietan”, amaitu du.

Interesatu Zaitez