EBB-ren adierazpena Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean

Gaur, azaroak 25, Nazio Batuen Batzar Nagusiak hala erabaki zuenez geroztik ‘Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna‘ den honetan, EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak, beste behin ere, emakumeen aurka gauzatutako indarkeria-adierazpen guztien aurkako gaitzespena adierazi nahi du, eta gaitz horretatik libre egongo den gizarte bat eraikitzeko konpromisoa agertu nahi du

EBB-ren adierazpena Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean 25Azaroak
2019
2019 AzaroaK 25 |
EBB

PARTEKATU

Emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa larria da, giza duintasunarekin guztiz bateraezina; beraz, bizitza publikotik eta pribatutik desagerrarazi beharra dago.

Ezein emakumek ez du merezi tratu txarrak jasatea. Inork eta ezerk ez du justifikatzen emakume batenganako indarkeria erabiltzen duen gizona.

Desberdintasuna dago emakumeen aurkako indarkeriaren oinarrian, eta, beraz, uste dugu indarkeria horren aurkako borroka eraginkorra egingo badugu, guztiz ezinbestekoa dela berdintasun-politiketatik lantzea. EAJ-PNVk emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatuko duen gizarte baten alde egiten du, tradizionalki generoaren arabera esleitutako rol eta estereotipoetatik aske. Gainera, beharrezkoa ere bada biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean kokatzea, uneoro haien beharrei eta eskaerei erantzunez.

Berebizikoa da gazteek azken urteotan gertatzen ari diren aldaketa-prozesuetatik sortutako erronka eta aukera berriei aurre egitea, gizarte-agertoki berri bat eratu baitute. Testuinguru berri honetan, beharrezkoa da estereotipo matxisten aurka borrokatzea eta giza harremanak berdintasun-irizpideen arabera garatzeko lan egitea, emakume guztien ahalduntzea helburu.

Erakunde publikoek, gizartearen eskutik, berdintasun-politika publikoak garatu eta indartu behar dituzte, eta ahaleginak egin behar dituzte Hezkuntza eta Gazteria arloetatik ere politika estrategikoekin indarrak batzeko. Politika hauek emakume gazteen ahalduntzea sustatu behar dute eta desberdintasun eta indarkeria egoerei erantzuteko gaitasuna lantzen lagundu behar diete. Alderdi politiko bat garen aldetik, indarkeria matxistari aurre egiteko berdintasun planak eta sakoneko neurriak hartzea da gure konpromisoa emakumeen kolektiboekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean, bai eta herritarrekin ere, oro har.

Azkenik, herritar guztiei dei egiten diegu gaur, azaroak 25, ‘Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna’ dela eta antolatutako ekitaldietan aktiboki parte hartzera.

Bilbon, 2019ko azaroaren 25ean

Interesatu Zaitez