Horien artean kokatu ditu: Emakumeen Etxearen eraikuntza, Abegi zentroko obra, aparkaleku arazoari irtenbidea emateko azterketa eta Zumardi Txikirako proiektuaren idazketa, Kultur Etxea egokitzeko proiektua, Aldaketa Klimatikoaren aurkako plana, energia berriztagarrien inguruko ekintza zehatzak eta hondakinen inguruko kontzientziazio kanpainak
Udal gobernuak 2020ko aurrekontu proposamena aurkeztu du gaur, 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Planean jasotako proiektu estrategikoak oinarri hartuta.
Gauzak horrela, Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du, datorren urterako gobernuak landutako aurrekontu proposamenean jasotako inbertsio nagusiak proiektu estrategiko horiek gauzatzera eta legealdian zehar aurrera eraman nahi diren proiektu berrien oinarriak lantzera bideratuko dituztela.
“Gizarte babesa bermatu eta tokiko ekonomikoa sustatzea lehentasunezkoak izango dira, baita ere, legealdi honetan, garapen ekonomikoa gizarte ongizatea eta tolosarren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa delako” gaineratu du. Hori dela eta, gizarte zerbitzuetara bideratutako aurrekontu partida %8,7 igotzea (iaz baino 204.000 euro gehiago) proposatu du udal gobernuak besteak beste familia esku-hartzea indartzeko eta behar berriei erantzuteko. Gizarte alorreko elkarteei bideratutako diru-laguntzak ere areagotu egingo dira eta Abegi zentroan gaueko zein eguneko zerbitzua eskaintzeko eta arreta profesionalizatzeko, lehenik eta behin, zentroan obrak egingo dira.
Genero indarkeriari lotuta prebentzio kanpainak indartuko dira, besteak beste, jaietan eta gazte lokaletan eta berdintasunaren aldeko urratsak egiten jarraitzeko eta eskualdeko emakumeen erreferentziazko gunea eskaintzeko Emakumeen Etxearen lehen fasea eraikitzeari ekingo zaio.
Etxebizitza alorrean herritarrei eta modu berezian gazteei aukera berriak eskaintzeko jada martxan dagoen etxebizitza hutsei buruzko azterketaren emaitzak jasotzean etxebizitzak birgaitzeko programa egokituko da ahalik eta etxebizitza gehien alokairuan jartzeko.
“Esan bezala, tokiko ekonomia indartzea ere lehentasunezkoa izango da, horregatik, Oriaburu coworking espazioan ekintzailetza sustatzeko jarduera berriak egingo ditugu, baita larunbateroko azoka indartzeko ere eta merkataritza babesten jarraituko dugu elkartearekin elkarlanean”. Tokiko enpresen izaerari erreparatuta, enpresa txiki eta ertainak gehienak, erakunde ezberdinekin elkarlanean lehiakortasuna sustatuko da baita ere eta udaletik eskainitako diru-laguntza lerroa mantendu proiektu berritzaileak gara ditzaten. Eta noski, formakuntzari eta Enplegu Planari begira ere, Lanbide eta Garapen Agentziarekin elkarlanean jardungo da langabezian dauden herritarrei aukera berriak eskaintzeko.
Mugikortasuna, irisgarritasuna eta trantsizio energetikoa sustatzeko proiektu zehatzak:
Datorren urtera begirako inbertsioek zerikusi handia izango dute mugikortasun, irisgarritasuna eta trantsizio energetikoarekin, alkateak azaldu duenez. “Aldaketa klimatikoaren aurkako plana egiteaz gain, udal eraikinen kalifikazio energetikoari buruzko eta kontsumo energetikoaren kontrolerako azterketak egingo ditugu eta kaleen zaharberritzeez baliatuz, LED argiak ezartzen jarraituko da eta eguzki plakak ere jarriko ditugu ferialekuan”. Dagoeneko eguzki plakak ezartzeko pleguak martxan ditu Udalak eta beraz, datorren urtean horien instalazioari ekingo zaio. “Martxan ditugu, baita ere, Hiribusari buruzko pleguak eta gure helburua da, progresiboki, elektrikorako aldaketa egitea” azpimarratu du alkateak.
Kaleen zaharberritzeen baitan, oinezko eta pertsonei lehentasuna emateko helburuarekin, Laskorain kalea berrituko da eta Gernikako Arbolaren azken fasea gauzatuko da. Bi proiektuek jada Ura Agentziaren oniritzia jaso dute eta hortaz, 2020an gauzatuko dira biak, eta bi kasuetan, ur-hoditeria instalazio guztia ere berrituko da. Horiekin batera, Paper kalea berrituko da, Euskal Herria plazako lurra ere bai eta Uzturpeko teilatua udan.
Proiektu berrien oinarriak landuz: Zumardi Txiki, Rondilla eta Kultur Etxea
Azterketei dagokienean, aparkaleku arazoari buruzko azterketa egingo da, irtenbideak proposatzeko eta honen baitan garatuko da baita ere Zumardi Txikirako proiektua, Tolosatzen prozesuaren baitan herritarrekin partekatutako aurreproiektua oinarri hartuta. Irisgarritasuna planaren garapenean jarraituko eta Rondilla kalea eraberritzeko proiektua egingo da, herritarrekin eta merkatariekin landuko dena.
Horiez gain, Kultur Etxea eraberritzeko proiektua ere egingo da eta baita Sebendeneari lotutako ere, bertan gazteen musika entsegurako lokalak ezartzeko asmoz. Halaber, kultur eskaintzari buruzko azterketa egingo da, gazteak kontuan izanda, eskaintza berregokitzeko. Tolosako eragile eta talde ezberdinek egiten duten lana babestu eta sustatzeko helburuarekin ere, diru-laguntzen ordenantza aztertuko da, ahal den neurrian erraztasunak emateko eta bide horretan, formakuntza ere eskainiko da.
Oinarrizko zerbitzuen kalitatea bermatzeko, urteroko diru-lerroak mantentzeaz gain batzuk indartuko dira, esaterako, kale garbiketari dagokiona eta gaikako bilketa hobetu eta hondakin gutxiago sortzeko kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpaina berriak ere egingo dira. Legealdi planean jaso bezala, eraikinen eta espazio publikoaren mantenu lanetarako urteko plangintza egingo da eta horien baita kokatu dituzte: haur jolastokien berritzea, lorategien zaintza, asfaltatze lanak, hiri altzarien mantenua eta baita eraikinena ere eta auzokako plangintza ere egingo da.
Ekitaldi irekia abenduaren 10ean
Amaitzeko alkateak jakinarazi du abenduaren 10ean Tolosatzen saio berezia egingo dutela herritarrekin. “Aurten legealdi plana partekatuko dugu tolosarrekin eta datorren urtera begirako gure egitasmo nagusiak ere azalduko dizkiegu, baina saioaren helburu nagusia da, datorren urtetik aurrera herritarrekin aurrekontuak lantzeko mantxan jarriko dugun metodologia berria azaltzea eta partaidetza sustatzeko abian ditugun egitasmo berriak ezagutzera ematea”. Oposizioak ere jada izan du udal gobernuaren proposamenaren berri eta “borondate osoa dugu elkarlanean aritu eta beren proposamenekin gure aurrekontu proiektua osatzeko eta aberasteko”.