Olatz Peon alkatearen hitzetan: “udal egitura berria oinarri hartuta garatutako dokumentua da, bizia, aldagarria, testuinguru eta beharretara egokituko dena, baina aldi berean lehentasunak ezartzen dituena; zer garen eta zer izan nahi dugun ikuspegiari erantzuten diona, era planifikatuan lan egiten eta egungo beharrei zein etorkizunekoei eraginkortasunez erantzuten lagunduko diguna, herritarrei eskainitako zerbitzua etengabe hobetzen jarraitzeko”
Udal gobernuak gaur goizean aurkeztu du 2019-2023 Legealdirako Kudeaketa Plana. Olatz Peon Ormazabal alkateak azaldu duenez, “plan honek modu planifikatuagoan lan egiteko eta egungo beharrei zein etorkizuneko erronkei modu egokiagoan erantzuten lagunduko digu”. “Herritarrekin batera landutako Tolosatzen 2017-2027 plan estrategikoan jasotako egitasmoak ere barnebiltzen ditu planak herritarrekin partekatutako plangintza izatea helburu dugulako” nabarmendu du.
“Legealdirako plana lanerako tresna garrantzitsua da, udalaren jarduna antolatu eta planifikatzen duelako, sail bakoitzeko helburuak ezarri eta lehenesten dituelako eta ekintzen betetze maila neurtzeko aukera ere emango digulako, baita gabeziak identifikatzen ere, eta horrela, herritarrei eskainitako zerbitzua etengabe hobetzen jarraitzeko aukera izango dugu” adierazi du alkateak. Ildo horretatik, oposizioarentzat ere gobernuaren jarduna neurtzeko eta kontrolatzeko erreminta ere badela nabarmendu du.
Udal egitura berria oinarri hartuta garatu den planak legegintzaldirako xede, ikuspegia eta balioak zehazteaz gain, estrategikoak diren helburuak eta baita proiektuak ere definitzen ditu. “Dokumentu bizia da, aldagarria, testuinguru eta beharretara egokituko dena, baina aldi berean lehentasunak ezartzen dituena; zer garen eta zer izan nahi dugun ikuspegiari erantzuten dion plana da” jakinarazi du.
“Udal eskumenez baliatuz herritarrei zerbitzu on bat ematea izango da helburu nagusia herritarren beharrizanak asetzeko, udal baliabideak eraginkortasunez eta zintzotasunez kudeatuz” azpimarratu du alkateak. Ikuspegiari dagokionean, esan du: “pertsonak erdigunean jartzen dituen herri administrazio eta eredua sustatuko dugu Tolosarrak udal jardunaren eta udalgintzaren protagonista nagusi bilakatuz, tolosarrak izan daitezen etorkizuneko Tolosaren oinarri nagusia”. Eta hori guztia 3 baliotan oinarrituta gauzatuko dela adierazi du: zintzotasuna, elkarlana eta eraginkortasuna.
2 helburu eta 6 ekintza estrategiko Antolakuntza arloan, eraginkortasunean urratsak emateko asmoz:
Udal eraginkor, erabakitzaile eta berdinzalea lortzea izango da antolakuntza arloko helburuetako bat, Xabier Balerdik, antolakuntza arduradun politikoak, aditzera eman duenez. Horretarako, kudeaketa eredu berria ezarri da udalean, udal antolakuntzaren berritze plana garatuko da giza baliabideak ahalik eta modurik onenean hornitu eta antolatzeko, langileen prestakuntza plana diseinatu eta garatuko da herritarrei eskainitako arreta eta zerbitzua hobetzeko eta udalaren modernizazio teknologikoaren plan estrategikoa aurrera eramango da.
“Administrazioa pertsonen beharretara egokituko dugu eta genero zeharkakotasuna barne-kulturan sustatu, Tolosako Udalak berdintasunarekin duen konpromisoa sendotzeko; Udate, herritarren arretarako zerbitzu integrala ere indartuko dugu eta herritarrei izapide elektronikoak egiteko aukera zabaldu”. “Digitalizazioaren aldeko urratsak egiteko, zuntz optikoa eta wifi sarea ere hedatuko ditugu eta bigarren helburu estrategiko gisa, udal ondarea balioan eta erabilgarri jarriko dugu: udal artxibo bakarra sortzeaz gaiz, udal ondasunen inbentario bakarra sortuko dugu betiere, herritarrei erantzun hobea emateko helburuarekin” azaldu du Balerdik.
Herritarren babes soziala bermatzea, tokiko ekonomia sustatzea eta herritartasun aktiboa eta herritarren ahalduntzea bultzatzea Herritarren arloko helburu nagusiak:
Herritarren arloko arduradunak, Nerea Letamendiak, Tolosarren ongizatea lehentasunezkoa izango dela azpimarratu du, baita tokiko ekonomia sustatzea ere, horrek bermatzen duelako gizarte ongizatea eta herritarren ongizatea ere. Ildo horretatik herritarren arloko 4 helburu estrategikoak eta 12 proiektuak azaldu ditu.
Herritarren babes soziala bermatzeko, besteak beste, gizarte zerbitzuen mapan jasotako prestazioak osatu eta hobetuko direla aipatu du. Horien artean, Abegi zentroan gaueko zein eguneko zerbitzua martxan jarri eta adineko pertsonen arreta zerbitzua indartuko direla aurreratu du. Herritarren gizarteratzea, autonomia eta gizarte ongizatea sustatzeko aldiz, adikzioen aurkako plana eguneratuko da egungo beharrei modu egokiagoan erantzuteko eta esku-hartze komunitarioa indartuko da laguntza sarea sustatuz eta boluntariotza eta elkartegintza lagunduz.
Garapen ekonomikoa sustatzea beste zutabe nagusietako bat izango da. Gazteen ekintzailetza eta enpresa txiki zein ertainen lehiakortasunean laguntzeko programak indartuko dira eta diru-laguntza lerroak mantendu, Enplegu Plana eta formakuntza sustatu, eta Emari Coworking gunean ekintza berriak garatu.
Gure herri ereduaren defentsan tokiko merkataritza eta ostalaritza sustatzea “klabea” dela ere esan du Letamendiak. Hortaz, egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko udala bidelagun izango dela berretsi du “merkataritza elkartearekin elkarlanean programa eta egitasmo berriak abiaraziko ditugu salmenta eredu berriei, saltokien eskualdaketari, lehiakortasunari eta lokal hutsen merkaturatzeari lotuta”. “Azoka ere behar berrietara egokituko dugu eta horretarako ekintza plana garatu eta kanpaina berriak egingo ditugu besteak beste gazteak azokara erakartzeko eta azoka bezeroen kontsumo ohitura berrietara egokitzeko”. Azkenik, turismoari dagokionean, Tolosarentzat aukera bat dela nabarmendu du eta hortaz, bisitariak artatzeko, hiri marka eta kanpo proiekzioa landuko dela esan du, orain arteko estrategiari jarraiki. Turismo bulego berria zabalduko dela ere jakinarazi du.
Herritartasun aktiboa sustatzea eta herritarren ahalduntzea bultzatzea ere lehentasunezkoa izango da legealdi honetan eta beraz, herri eragileen sarea indartuko da, udal ondasunen erabilera optimizatu taldeen jarduna bermatu eta bultzatzeko eta kultur, kirol eta asialdi eskaintza aztertu eta eguneratuko da, bereziki gazteak kontuan izanik, eskaintza guztien beharretara egokitzeko. Udal administrazioa herritarrengandik gertuen dagoen erakundea izanik, Udala herritarrei zabalduko da, besteak beste, gardentasun ataria berrituz, zerbitzuen mapa osatuz eta partaidetzarako ordenantza garatuz.
Amaitzeko, herritarren ahalduntzerako Tolosaldeko emakumeen etxea eraikiko da, emakumeen ahalduntzea sustatzeko eta Tolosatzen Eskola irekia jarriko da martxan, azken hau, eragile, elkarte eta udalaren arteko elkarlan eta elkar-ezagutza saretzeko helburuarekin
Mugikortasuna, trantsizio energetikoa, ingurugiroa eta kultur eta kirol azpiegituren berritzea, Lurralde arloko proiektu estrategiko nagusiak:
Egoitz Sorozabalek xehetu ditu Lurralde arloko 5 helburu estrategikoak eta 18 proiektuak. Adierazi duenez, “herritarrei herri atsegina eta zaindua eskaintzea lehentasunezkoa da guretzat eta horretarako espazio publikoa eta udal eraikinak baldintza hoberenetan mantentzea izango da helburuetako bat, horretarako kudeaketa sistema berriak diseinatu eta ezarriko dira urtez-urteko mantenu plangintzak izan ditzagun”.
Pertsonak erdigunean kokatzen dituen Tolosa eraikitzea da asmoa eta horretarako, herriko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzea funtsezkoa izango da. “Irisgarritasuna plana idatzi eta lehentasunak identifikatuko ditugu, eta horiek gauzatu; mugikortasun planeko lehentasunak ere zehaztu eta aparkaleku beharrari buruzko azterketa egingo dugu irtenbideak proposatzeko, besteak beste, guretzat estrategikoa den proiektu bat garatu ahal izateko: Zumardi Txiki” esan du. Helburu estrategiko honen baitan kokatu du, Sorozabalek ere, Rondilla kalearen eraberritzea, oinezkoei espazio gehiago eskaintzeaz gain, inguruko merkataritza sustatzea ere helburu izango duena.
Hiri-berroneratze integratua bultzatzeko, edota, herriko hainbat eremu berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko Zumardi Txikiaz gain, RC-2 gunea, Santa Luzia-Guadalupe eremua eta San Esteban auzoa aipatu ditu. Alokairua sustatu eta bereziki gazteei etxebizitza aukera berriak eskaintzeko helburuarekin ere, etxebizitza eraikinak birgaitzeko neurriak ere hartuko direla esan du Sorozabalek.
Udal ekipamenduen plangintza gauzatzea ere estrategikoa izango da legealdi honetan, besteak beste espazioak egokitu eta herritarrei zerbitzu hobeak edota berriak eskaintzeko. Horien artean, Udal liburutegia, Kultur Etxea, Musika Eskola eta Usabalgo 3. fasea gauzatzea lehenetsiko dira.
Azkenik, udalerriko ingurumen jasangarritasuna hobetzeko hainbat proiektu estrategiko aipatu ditu: aldaketa klimatikoaren aurkako plana, trantsizio energetikoa -LED argiak, elektromugikortasuna, eguzki panelak-, landa auzoetako etorkizunaren azterketa, kontsumo arduratsua eta hondakinen kudeaketa hobetzeko kanpaina berriak, zaraten ordenantza kutsadura akustikoa murrizteko eta plan orokorraren berrikuspena martxan jartzea.
Amaitzeko, alkateak nabarmendu du helburu eta proiektu guztien oinarrian herritarrak daudela “tolosarrak direlako udal gobernu honen lanaren, kudeaketaren eta herri proiektuaren ardatz nagusia”.