Andoaingo Udalak eta Kutxa-Ekoguneak objektuak berrerabiltzeko TRUKEGUNEA egitasmoa bultzatu dute

Trukerako puntua datorren asteartean, azaroaren 19an, jarriko da martxan Arraten eta Allurralde kiroldegian, hondakin kopurua murrizteko Europako Astearekin bat etorriz, eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko da.

Andoaingo Udalak eta Kutxa-Ekoguneak objektuak berrerabiltzeko TRUKEGUNEA egitasmoa bultzatu dute 16Azaroak
2019
2019 AzaroaK 16 |
Andoain

PARTEKATU

Andoaingo Udalak eta Kutxa Ekoguneak, objektuen berrerabilerarako TRUKEGUNEA egitasmoa bultzatzea erabaki dute. Mari Jose Izagirre zerbitzu zinegotziak hartu du parte datorren asteartean, hilak 19an, martxan jarri eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko den ekimenaren aurkezpenean.

Izagirreren hitzetan: "Andoainek objektuen bizitza zikloa luzatu nahi du, haien berrerabilera sustatuz". Funtsezkotzat jotzen da "objektu bati bigarren aukera ematea, zuzenean hondakin bihurtu beharrean". Ekimenak helburu bikoitza du: ingurumenarekin eta gizartearekin erlazionaturiko helburua, alegia.

Zinegotziak azaldu duenez, "Andoainek bere hondakinak era eraginkorrean kudeatzeko gai dela erakutsi du denbora laburrean". Gaikako bilketa hobetuz doa hilero. "Daukagun behin betiko azken datua irailekoa da, eta %67ko birziklatze tasa erakusten du, inoizko altuena". Izagirreren ustez, datu hori "hobetzen jarraitzeko arrazoia da, birziklapenaren %70eko muga gainditzeko", eta, horretarako, "funtsezkoa da sortzen ditugun hondakinen bolumena murriztea, berrerabilera bultzatuz, zenbait proiekturen bidez, TRUKEGUNEA, besteak beste".

Bultzaturiko proiektuak osagai sozial garrantzitsua du. Objektuak era librean utzi eta har daitezke, ezer ordaindu behar gabe. Hain zuzen ere, Eguberriak oso garai aproposak dira kontsumo arduratsua eta berrerabilera sustatzeko, "jostailu baten bizitza zikloa luzatzeko, beste familia batek goza dezan". Etxeko txikienek ere "trukeaz" goza dezakete, "emateko eta jasotzeko" era solidario gisa.

Uzten diren objektuak egoera onean daudela bermatu behar da, utzitako materiala guztiontzat dela kontuan hartuz. Trukean hauek erabil daitezke: jostailuak, liburuak, CDak, etxetresna elektrikoak, mugikorrak, telebistak, kirol/aisia/brikolaje/lorezaintza produktuak, musika-tresnak… Ezin dira utzi: arropak, elikagaiak, Osasun/Higiene produktuak edo animalien produktuak.

Interesatu Zaitez