Lana, desberdinkeria murriztea eta gizarte politika dira gizarteak Gipuzkoari ezarritako lehentasun nagusiak

Datorren astean aurkeztuko da 2019-2023 Plan Estrategikoa; gaur aurkeztutako ikerketak planean ezarritako oinarrien egokitasuna berresten du, Markel Olano diputatu nagusiak eta Eider Mendoza foru bozeramaileak nabarmendu dutenez

Lana, desberdinkeria murriztea eta gizarte politika dira gizarteak Gipuzkoari ezarritako lehentasun nagusiak 13Azaroak
2019
2019 AzaroaK 13 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Azken urteotan lurraldeak bizitako garapena modu positiboan ikusten du Gipuzkoako gizarteak, Foru Aldundiak berriki egin duen ikerketa soziopolitikoaren argitan. Izan ere, galdetuak izan diren herritarren %85,6k uste du bere bizitza maila mantendu egin dela edo hobera egin duela, atzera egin duela pentsatzen duen %14,2rekin alderatuz. Horrekin batera, lurraldearen desafio nagusiak zerrendatu dituzte herritarrek: enplegua (29,1%), desberdinkeria murriztea eta lurralde kohesioa (22,9%), eta gizarte politika (21,9%). Ondoren etorriko lirateke lehiakortasun ekonomikoa eta kultura politiko demokratikoaren finkatzea.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, Eider Mendoza foru bozeramailearekin batera, Gunean aurkeztu dituzte berriki egindako ikerketa sozio-politiko baten ondorioak. Emaitza horiek 2019-2023 Plan Estrategikoan ezarritako oinarrien egokitasuna berresten dute. Legealdiko bide-orria ezartzen duen plan hori datorren astean aurkeztuko da.

Plan Estrategikoaren “norabide egokia” nabarmendu du Olanok, berresten baititu azken asteotan lurraldeko eragile sozio-ekonomikoekin izandako kontaktuetan mamitutako gai nagusiak. Izan ere, diputatu nagusiak aurreratu duenez, planak ezarriko du legealdiko “bide orria”, zeinak izango duen “izaera sozial argi” bat eta jarriko duen azpimarra “etorkizuneko apustuetan”, gero eta lurralde “aurreratuago bat” eraikitzen jarraitzeko ekonomiaren eta gizartearen ikuspegitik, gero eta “berdinzale eta kohesionatuagoa” gizartearen ikuspegitik.

Komunikabideekin antolatutako gosari informatibo batean, foru ordezkariek adierazi dute badagoela “adostasun zabala” herritarren artean Gipuzkoa “bizi kalitate altuko” lurralde gisa (%86,1) definitzeko garaian. Baita ere, galdeketak azaleratzen duen moduan, lurraldeak badauka “etorkizunerako begirada” (%86,9) eta “aurrera” egiten duen ekonomia (%80,4). Herritarren %62,5k uste du desberdinkeria murrizten ari dela eta, bestalde, %74,7ren esanetan “auzolanaren kulturak” gizartean sustraitua dirau, etorkizuneko desafioei aurre egiteko balio gisa.

“Lehentasun pertsonalei” dagokienez, familia, osasuna eta lana dira gizartearen lehendabiziko hiru desioak. Herritar gehienek “ezkerreko” gisa (21,9%), definitzen dute beren jarrera politikoa eta, naziotasunaz ari garela, berriz, gehiengoa Euskadirekin identifikatzen da (%54,9), Espainiarekin (%7,8) nahiz internazionalismoarekin (%17,1) identifikatzen direnen aurretik. Gipuzkoan babes gehien duten balio politikoen alorrean,  berdintasuna, giza eskubideak, zintzotasuna eta elkartasuna dira nagusi. Gizartearen “gizarte kapitalean” jartzen dute arreta inkestan parte hartu dutenek, baita ere, herritargoaren erdia baino gehiago prest baitago denbora librea prozesu parte-hartzaileetan parte hartzeko.

Azkenik, Foru Aldundia “funtsezko” erakundetzat daukate gipuzkoarrek, etorkizunean azpimarra jartzen baitu eta konfiantza sortzen baitu. Bestalde, hirutik bik aitortzen dute ez dutela erakundea “behar adina” ezagutzen; herritar askok, gainera, oso “burokratikotzat” daukate Aldundia eta gizartearen partaidetza bultzatzen ez duen eragile gisa.

Foru gobernuari dagokionez, diputatuek balorazio positiboak jasotzen dituzte. Herritarern artean ezagunenak Markel Olano (75,2%), Denis Itxaso (67,6%)  eta Imanol Lasa (37,8%) dira.

Interesatu Zaitez