Ortuzar: “Sánchezek inbestidura eta gobernagarritasun akordioa saiatu beharko luke zentsura mozioa babestu genuen taldeekin”

EBBko presidenteak “oso larri” jo du Vox-ek izan duen gorakada eta gainerako alderdi politikoei egotzi die “erakundeetan sar dadin alfonbra gorria jarri izana eta hauteskundeetarako argudio gisa erabili izana”

Ortuzar: “Sánchezek inbestidura eta gobernagarritasun akordioa saiatu beharko luke zentsura mozioa babestu genuen taldeekin” 12Azaroak
2019
2019 AzaroaK 12 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

EAJ-PNVk argi baino argiago dauka: Pedro Sánchezek lehenengo eta behin inbestidura bermatzen saiatu beharko luke, eta ondoren gobernagarritasuna, zentsura mozioan babestu zuten alderdiekin. Ez du balio lehengoa lortzeko PP eta Ciudadanosen babesa bilatzea eta, bigarrenerako, gainerako alderdi politikoen babesa bilatzea, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Gaur Radio Euskadiri eta Onda Vascari eskainitako elkarrizketa bietan, Ortuzarrek baieztatu du A-10eko emaitzak “konplexuak “ izan direla, “zitalak ere izan direla esan genezake”, baina uste du funtsean “apirilaren 28ko aukera berberak eskaintzen dituela. Blokeen artean ez da horrenbesteko aldaketarik eman”. Hori dela eta, jeltzaleen buruak hautagai sozialistari eskatu dio “lehenengo eta behin, Moncloara iristea ahalbidetu genuenokin saiatzea. Nik uste dut biderik zuzenena eta zentzudunena dela. Gainera, aukera emango liguke bazter batean jarraitu beharko ez luketen hainbat gairi heltzeko, besteak beste lurralde gatazkari, Kataluniari, PPk bere gehiengo absolutuekin eta lege-dekretu bidez egin zituen politiken erreformei, eta abar”.

Ortuzarrek oraindik ez du Sáchezekin hitz egin. “Normala da. Emaitzak pausatu eta digeritu beharko dira. Suposatzen dut PSOErentzat ez dela egoera erraza izango,eta ez da izango hainbatek ohartarazi ez geniolako”, baieztatu du, baina espero du A-10eko emaitzak, sozialistek espero zituztenak baino askoz baxuagoak izan direlarik, balio izatea “politikagintzan lasterbideek balio ez dutela ikusteko, arazoek bere horretan jarraitzen baitute: apirilaren 28an arazo bat zegoen baina azaroaren 11n, edo gaur, azaroaren 12an, arazo horrek bere horretan darraio”. Ortuzarri galdetu diote PSOEk Sánchezen inbestidura PP eta Ciudadanosekin saiatuko ote duen egunerokoa Unidas Podemos, EAJ-PNV eta beste talde batzuekin negoziatzeko, eta jeltzaleen buruak argi bezain tinko erantzun du: “Ez al litzateke errazagoa izango biak batean egitea? Inbestidura eta gobernagarritasuna multzo berean, mundu osoan koalizio gobernu guztietan egiten den moduan. Logikoena da inbestiduraren bermea jasotzea gobernatzean babesa jasotzea espero duzuen horiengandik, dela formula batekin dela bestearekin: legealdirako akordioa, koalizioko gobernua nahi dutenekin edo ahal dutenekin, akordio puntualak aldarazpen batzuen edo lege proiektu batzuen erreforman oinarrituta, eta abar. Baina logikoena da inbestidura eta gobernagarritasuna multzo berean eramatea. Bestela, lege proiektu baten edo dekretu baten lehen bozketan pasatzen utzi beharko dugu? Eta bigarrenean, hirugarrenean eta laugarrenean ere? Umekeria da planteatzen ari direna. Onartu beharko dute negoziatu beharko dutela eta busti beharra dutela. PSOEk mahai gainean dauden aukeren artean aukeratu behar du. Badakit zailak direla. Batzuk zailak dira, beste batzuk ez zain zailak, baina borondate politikoa eta ausardia politikoa badago, dena egin daiteke. Baina lehenengo eta behin egon behar dute mozioa egin genuenokin. Bestela, nik uste dut hutsegitea izango dela eta berriro ere lokatzean sartuko direla. Eta txarra izango litzateke, denbora mugatua delako. Gabonak baino lehen martxan egon beharko luke denak”.

Ortuzar era berean tamaldu da Vox-en gorakadaren aurrean eta egoera “oso larria” dela esan du. “Eta erruaren zati bat, eta ni neu ere sartuko naiz talde horretan sartzea oso zuzena ez dela dakidan arren, gainerako alderdi politikook daukagu, ez garelako behar bezain zorrotzak izan, ez diegu aurre egin ez diogu jendeari esan Vox-en atzean benetan zer dagoen. Nik ez dut uste Espainian 3.600.000 ultra eta faxista daudenik, baina Vox-en zuzendaritzan denak dira ultrak eta faxistak, bai. Autonomia erkidegoetan eta udaletan gobernuan sar zitezen zuritu izan ez balute, hauteskunde kanpainan aurkariaren posizioa ahultzeko edo eraso egiteko erabili izan ez balute, seguruenik gaur ez ginen gauden egoeran egongo, Vox-ekoak zaldi gainean. Eta, jakina, hurrengo lau urteetan izango ditugu, baina espero dut denok lezioa ondo ikasi izana eta alfonbra gorria jartzen ez jarraitzea. Uste dut geu izan garela, EAJkoak, aurre egin diegun bakarrak. Hauei osasun-lerroa jarri behar zaie,kai-muturra jarri behar zaie, datorkizun egoera ekonomikoarekin eta dagoen desorekarekin, gatazka politikoarekin, hiritargoaren benetako arazoei alderdi tradizionalek erantzunik ematen ez dietela ikusita, bidea zabal-zabal uzten bazaie …”.

Jeltzaleen buruak ez du aurreikusten hirugarren hauteskundeak egitea. “Akordio bat adosteko baldintzak egon badaude, ausardia politikoa behar da. Pilota ezin dugu,berriz ere, jendearen teilatura bota”. Eta Albert Rivera faltan botako ote duen galdetuta, zalantzarik gabe esan du. “Ez. Ni ez naiz sekula hurkoaren gaitzarekin pozten,baina merezita dauka gertatu zaiona. Proiektu politiko bat ezin da eraiki besteen kontra eginez, eta ezin duzu pentsatu egia absolutua zure alde dagoela. Hitz egiten zuen bakoitzean ogia garestitzen zen eta Burtsa gelditzen zen. Delfosen orakulutzat zuen bere burua eta pentsatzen zuen gainerakoak ergel hutsak ginela. Beno, EAJkoak azkena ginen eta,oro har, euskal autogobernu osoa. Baina zerabilen moral merkearekin, halako printzipioen gainean proiektu politiko bat eraikitzeak eta horren era pertsonalistan egiteak…. amaiera horretara eramaten du. Bizitza pertsonalean gauzak oso ondo joatea opa diot, baina uste dut politikarako ona dela egin duena”. Eta Inés Arrimadasi gertatzen bazaio? “Gauza bera. Uste dut proiektua berez agortuta dagoela”.

Interesatu Zaitez