Erabaki honek demokraziari eta oinarrizko askatasun eta eskubideei egiten die eraso. Honelako epaiek, atea ixten diote elkarrizketan eta akordioan oinarritutako konponbideari, eta oztopatu egiten dute, soilik politika eginez eta kataluniarren borondatea errespetatuz gainditu ahal izango den gatazka
Maria Eugenia Arrizabalagak EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Espainiako Auzitegi Gorenak Catalunyako procesari buruz emandako epai bidegabearen inguruan azaldu du, “Beste behin, EAJ-PNV Eusko Abertzaleak batzarkide taldeak Auzitegi Gorenak emandako epaia gaitzesten dugu. Kataluinako buruzagi independentisten aurka Estatuko estrategiak hartutako mendekua gaitzesten dugu – berretsi du –“. “Erabaki honek demokraziari eta oinarrizko askatasun eta eskubideei, gizabanako eta kolektiboei, egiten die eraso. Epaiak, Kataluinaren nazio izaera ukatu eta printzipio demokratikoaren ariketa kriminalizatzen ditu. Epai politikoa da – gaineratu du bozeramaile abertzaleak – , espainiar konstituzioaren 2. Artikuluan soilik oinarritutakoa: “la Constitución se fundamenta en la indisoluble unidad de la Nación española, patria común e indivisible de todos los españoles …” eta kataluniar preso politikoak bidegabe zigortu dituena”. “Guzti honegatik – azpimarratu du – Auzitegi Gorenak emandako epaia gaitzesten dugu”. “Honelako epaiek, atea ixten diote elkarrizketan eta akordioan oinarritutako konponbideari, eta oztopatu egiten dute, soilik politika eginez eta kataluniarren borondatea errespetatuz gainditu ahal izango den gatazka”. “Herri bezala, bai Catalunyari eta bai Euskadiri, gure instituzionalizazioa egituratzeko dagokigun eskubidea aldarrikatu nahi dugu – nabarmendu du – beti ere nazioen arteko parekotasuna oinarri, ez menpekotasuna”.
“Sánchez, Casadok, Riverak eta Abascalek nahi dutena esango dute, baina guk Catalunya nazioa dela diogu – jarraitu du bozeramaile abertzaleak – . Eta Euskadi nazio dela. Biak ere, Euskadi eta Catalunya, benetako nazioak direla esaten dugu, ez nazio “folklorikoak”, ez nazio “kulturalak”, ez bigarren mailako “naziolitate” txikiak, baizik eta benetako nazioak: nazio orok duen eskubide politiko guztien jabe. “Eta, gainera – azpimarratu du – herritarren nahiaren araberako nazioak. Horrexegatik, gure eskubide demokratikoaren ariketa aldarrikatzen dugu”.
“Sententzia hau salatzen dugu. Estatuko estrategia salatzen dugu. Espainiar Estatuaren izaera ez-demokratikoa eta Catalunyako preso politikoen eta erbesteratuen askatasuna eskatzen dugu – amaitu du Maria Eugenia Arrizabalaga EAJ-PNV bozeramaileak –“.