Madrilen Euskal Talde indartsua erreklamatu du EAJ-PNVk Euskadiko industria eta enplegua defendatzera begira

Aitor Estebanek aurreratu du ekonomiaren eta industriaren garapenerako bultzatuko duen eredua klima aldaketaren kontrako borrokaren eta ingurumena babesteko ekimenaren eskutik joango dela

Madrilen Euskal Talde indartsua erreklamatu du EAJ-PNVk Euskadiko industria eta enplegua defendatzera begira 06Azaroak
2019
2019 AzaroaK 06 |
Araba
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Aitor Estebanek, Diputatuen Kongresurako Bizkaiko hautagaiak, EAJ-PNVk industriaren alde egiten duen apustua aldarrikatu du ekonomiaren eta enpleguaren funtsezko oinarri gisa. Ildo beretik baieztatu du antzeman daitekeen ziurgabetasun ekonomikoaren aurrean “oso garrantzitsua da Euskadik Madrilen ahots propioa izatea, bertako industria eta enplegua eta,horri lotuta, euskal hiritargoaren interesak eta ongizatea defendatzera begira”; industriaren garapen hau ingurumenaren iraunkortasunaren eskutik bideratuko da, eraginkortasunez eta era mailakatuan.

Gaur goizean Vitoria-Gasteizko Zabalgana auzoan egin den ekitaldian, diputatu jeltzaleak esan du garapen ekonomikoaren inguruko “erabaki garrantzitsuak” hartzeko ordua iritsi dela. “Ekonomiaren moteltze egoera honetan hauteskundeak egin behar izate honek erakusten du Estatuko agintari politikoek zenbaterainoko erantzukizun politikoa daukaten”, kritikatu du. Bizkaiko zerrendaburuaren hitzetan “ekonomia Gobernuaren funtsezko eginkizuna da eta industriari garrantzia eman behar zaio enplegua eta ongizatea eragiten dituelako”. Horregatik, EAJ-PNVk, “politika industrial sendoa garatzeko apustuari eutsiko dio”.

 Ildo beretik aditzera eman duenez, Araba da industriaren sektoreak Euskadiko ekonomian daukan garrantziaren erreferente bat da. “Automozioa da palankarik garrantzitsuenetakoa”, BPGaren %25a hartzen du eta 40.000 lanpostutik gora hartzen ditu; enplegu horietako askok harreman zuzena daukate berrikuntzarekin, lehiakortasun maila handiarekin eta nazioarte mailako egoerarekin. Halaber, automobilen osagaien sektoreko Estatuko %54 Euskaditik dator. “Industria ondo zaindu behar da. Jabetzen gara errealitate honetaz, Euskadiko industria sektorea betidanik defendatu dugu Madrilen, neurri zehatzekin, esate baterako Euskadiko enpresak diskriminatzen zuen argindar faktura merkeago eginez. Ez zuen beste inork eskatu; EAJ-PNVk eskatu eta lortu zuen”, gogora ekarri du Estebanek.

Baina, EAJ-PNVk argi baino argiago dauka ekonomiaren eta industriaren garapenak mundu mailan gaur egun daukagun erronkarik handienaren “eskutik” joan behar duela, ingurumenaren iraunkortasunetik. Horregatik “gure konpromisoa da Parisko Akordioa betetzea”, baieztatu du. Berrautaketara aurkezten den hautagaiak nabarmendu duenez “ekonomiaren garapen koherente eta arduratsua bultzatu eta babestu behar dugu,ingurumena zaintzearekin, berreskuratzearekin eta eraberritzearekin orekatuta”. Hala hitzeman du trantsizio hau sektorearekin eta era mailakatuan bultzatuko duela.

Aitor Estebanek planteatutako neurrien artean dago berotegi-gasen isurketa murriztuko duten banaketa ibilbideak bilatzea: “isurpen hauen %25 errepide bidezko garraioak egiten ditu, eta trenbide eta Itsaso bidezko autobien alde egin beharko da”. EAJ-PNVren egitasmoak era berean jasotzen du eraginkortasun energetikoa bultzatu beharra eta energiaren kontsumoa murriztu beharra; energia berriztagarriak sortzea eta erabiltzea sustatzea eta oraingoa baino garraio iraunkorragoa sustatzea; B+G+I inbertsioa handitzea; kontsumo ohitura iraunkorrak garatzea eta hiri iraunkorrak garatzeko lanean aurrera egitea. Behe Ganberako bozeramaile jeltzalearen aburuz, Administrazioak eredugarri eta erreferentziazko izan behar du ingurumen alorrean, eta balioetsi egin du Eusko Jaurlaritzak berrikitan hartu duen neurria autonomiako sektore publiko osorako energia berriztagarrien kontratazioa konkurtsora ateratzeko.

Aitor Estebanek “erantzukizuna” eskatu die arduradun politikoei “iragarpenak egiterako orduan”. “Ez zen oso zentzuduna izan Espainiako gobernuak dieselaren inguruan egin zuen iragarpena”, sektorean ziurgabetasun handia eragin zuen; baina “zorionez, Euskal Taldeak eta Eusko Jaurlaritzak berak egin dituen informazio eskariek ministerioa eraman dute aitortzera sektorearekin joan behar dela eta epe zehatz batzuk bete behar direla” , gogoratu du.

Estebanen ustetan, aldaketa horiek guztiek aukera bat ekar lezakete “aukera bat denok irabazi ahal izatea ekarriko duen birmoldaketa edo eraldaketa lortzeko, enplegu gehiago eta hobeekin eta are inguru osasungarrian”.

Mikel Legardak, Diputatuen Kongresurako Arabatik aurkezten den zerrendaburuak, bere aldetik azaldu du ezin dela “ingurumen politika iraunkorrik” egin “gizartearen adostasunik gabe edo esparru publiko eta pribatua elkarrekin ez badoaz”, eta horretarako ezinbesteko jo du “jarrera ez maximalistak garapen iraunkorrarekin uztartzea”, “bereziki Araban eta Euskadin, non industria, sektore ekonomikoak eta exportazioak gure ekonomiaren oinarri nagusiena diren”. Legardaren esanetan “gure ekonomiaren zutabeetako batean pentsatu behar dugu, automozio sektorean, eta gure industria berriz definitzeko eta erronka berrietara moldatzeko prozesuan”. Horregatik “guztiz ezinbestekoa da Madrilen EAJ-PNVren talde indartsua izatea, Bruselan ere presentzia indartsua izatea ere garrantzizkoa den modu berean. Europako parlamentuan eskatu dugu Europako Automozio Erregioen Taldea aktibatzea Batasunari eskatzeko erabakiak har ditzala eta mundu mailako egoeraren aurrean jarrera bat har dezala”. Madriletik ere EAJ-PNVk zainduko du “aldaketa horiek orekatuak izan daitezen eta oreka bila dezaten ingurumena babesteko ekimenaren, errealitate industrialen eta kalitatezko enpleguei eutsi beharraren artean, batzuek proposatzen dituzten irtenbide drastikoek arazo gehiago sor ez ditzaten, daudenak konpondu beharrean”, amaitu du.

Interesatu Zaitez