Donostiako Udalak 432.540.636 euroko aurrekontu kontsolidatua izango du, 2019ko aurrekontu-proiektua baino %7,5 gutxiago, gehienbat Anoeta Estadioaren lanen amaiera dela-eta
Donostiako Udaleko 2020ko aurrekontu kontsolidatua (udal elkarte eta sozietateak kontuan hartuta) 2019koa baino %7,5 txikiagoa izango da, eta ondorioz, 432.540.636 eurokoa izango da.
Eneko Goia alkateak azaldu du, arrazoia gehienbat dela Anoetako Estadioaren lanen amaiera. Horren ondorioz, kapital-gastua nabari gutxitu da eta 115 milioi eurokoa izatetik 69 milioi eurokoa izatera pasa da. Hala ere, gizarte-gastua handitu da eta martxan dauden proiektuak zein proiektu berriak egiteko inbertsioak aurreikusten dira.
Eneko Goiak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak aurrekontu-proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte. Eta proiektua bihar onartuko du Tokiko Gobernu Batzordeak, eta ondoren, Ogasun batzordean aurkeztuko da.
Udalaren ohiko diru-sarrerei buruz, hiriko alkateak gogorarazi du diru-sarrerak segidako bi bidetatik datozela: lehena eta nagusiena da Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren (FOFIM delakoa) bidez adostutako zerga. 2020an Donostiako Udalak 145.645.956 euro jasoko ditu, hau da, iaz baino ia 5 milioi gehiago.
Eta bigarrena da, hiritarrei zerga eta tasen bidez jasotako diru-sarrerak. Horren harian, 2020rako presio fiskala %1,5 handituko da, hau da, 2019aren amaierarako aurreikusita dagoen KPIaren arabaerako igoera, eta Barne Produktu Gordina baino askoz txikiagoa.
Gastu-arrunta, aldiz, udal elkarte eta sozietateak kontuan hartuta, %3 handituko da, hiritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatea kontsolidatuz.
Gizarte-gastua eta udal-ekipamenduak
Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak azpimarratu du, 2020ko aurrekontuak ere Udal gobernuaren gizarte-gastua indartzeko konpromisoarekin jarraitzen duela. Hortaz, gobernuak 31,7 milioi euro bideratuko ditu gizarte-babesa eta sustapenarekin lotura duten aurrekontu-sailetara, hau da, 2019an baino %3 gehiago.
Horrenbestez, Udalak zahar-etxeak berritzen jarraituko du; hainbat ikastetxetan hobekuntzak egiteko inbertsioak egingo ditu, eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonentzat tutoretzapeko etxebizitza berriak sustatuko ditu.
Era berean, Udal-ekipamenduen plangintzaren garapenak aurrera jarraitzen du eta 2020ko aurrekontuak 2,2 milioi euroko aurrekontu-saila izango du, hiritarrei ematen zaien hainbat zerbitzuren leku-aldaketa lanak egiteko.
Hiri-proiektuak
Inbertsioei buruz, Jaime Dominguez-Macayak adierazi du, lehentasuna izaten jarraitzen dutela gobernuarentzat, eta horretarako, 2020an 69 milioi euro inbertsioetara bideratuko dira. Eta diru kopuru horri gehitu behar zaio hainbat proiektu hasteko behar izan diren aurrekontu-sailak eta hurrengo urteetan bideratzea aurreikusita daudenak.
2020ko aurrekontu-proiektuak 88 aurrekontu-sail aurreikusten ditu, hiriko hainbat azpiegitura hobetzeko. Hortaz, aurreikusita dago hainbat kale asfaltatzea eta konpontzea (1,1 milioi euro), irisgarritasunean hobekuntzak egitea (200.000 euro), Haizearen Orraziaren ingurua birgaitzea (600.000 euro) edo hainbat elkartetako lokaletan hobekuntza-lanak egitea (30.000 euro).
Era berean, 2020ko aurrekontu-proiektuak martxan diren hainbat inbertsio bultzatzeko aurrekontu-sailak ditu, besteak beste, Iztuetako Biaduktua (3 milioi euro), Loiolako Zeharbidea (3,7 milioi euro); baita proiektu berriak bultzatzeko ere, esaterako, Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Dbuseko 17 linean Autobus Elektriko Adimentsuaren proiektua garatzeko (1,5 milioi euro).
Gainera, Altzako kiroldegi berriaren eraikitzeak aurrera jarraituko du, eta horretarako hainbat aurrekontu-sail aurreikusten dira: 2,5 milioi euro kiroldegia bera eraikitzeko, 1,2 milioi euro kanpoko igerilekuak egiteko, eta 900.000 euro inguruan hirigintza-lanak egiteko.
Astiñene eta Espartxo zubiak dagoeneko eraikitzen ari dira, eta horien eraikitze-lanak egiten jarraitzeko aurrekontu-sailak ditu 2020ko aurrekontu-proiektuak. Astiñenek 1,1 milioi euroko aurrekontu-saila du, eta oso aurreratuta dagoen Espartxok - urtea amaitu baino lehen erabilgarri izatea espero da -, aldiz, 105.000 euroko aurrekontu-saila.
Garibay eta Ondarreta ingurua eta Eduardo Chillida pasealekua oinezkoentzat bihurtzeko proiektuek, Felix Iranzoko aparkalekuak, eta Merkeareko futbol zelaiak eta Zubietako Hockey zelaiak ere hainbat aurrekontu-sail izango dituzte proiektu horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko.
Halaber, Eskusaitzetako hirigintza-lanekin jarraitzeko, Udalak 8,9 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusita du.
Ekialdeko Barrutia eta hiritarren parte-hartzea aurrekontuan
Ekialdeko Barrutiak ere badu aurrekontu-saila 2020ko aurrekontu-proiektuan. Udal gobernuak aurreikusi du 1,3 milioi euroko aurrekontu-saila, barrutia osatzen duten auzoetan hobekuntzak egin ahal izateko, betiere, Barrutiaren Batzarrak adostuta.
Aurrekontua osatzeko Hiritarren parte-hartzeari buruz, Ogasun eta Finantzetako zinegotziak azaldu du, hiritarrekin eta elkarteekin harremana izan dutela beharrak ezagutzeko eta horiei aurrekontuen bidez erantzun ahal izateko.
Era berean, Jaime Dominguez-Macayak honakoa esan du: "Ezin izan dugu parte-hartze zuzenaren bitartez erabakitzeko prozesurik egin, izan ere, nahiz eta Udalak martxoan hasi zuen aurrekontua osatzeko prozesua, tartean udal-hauteskundeak izan dira eta udal gobernu berriaren osaera ekainaren amaieran egin da. Horrek guztiz baldintzatu du prozesua, eta horrelako prozesu baten garapenak behar duen denborarik gabe utzi gaitu".
Dena den, Dominguez-Macayak segidakoa azpimarratu du: "Udal gobernuaren asmoa da parte-hartze zuzeneko prozesuak egiten jarraitzea hurrengo urteetako aurrekontuak osatzeko".
Tramitazioa
Aurrekontuaren aurkezpenarekin, Ogasun eta Finantzetako departamentuak tramitazioarekin betetzen jarraitzen du. Horrenbestez, azkeneko lau urteetan bezala, Udalak aurrekontu-proiektuari hasierako onarpena abenduaren 19ko ohiko udalbatzarrean emango dio.
Horiek horrela, Jaime Dominguez-Macayak bere departamentuko langileei eskerrak eman dizkie, bosgarren urtez jarraian aurrekontua epean aurkezteko egindako lanagatik. Izan ere, horri esker, aurrekontuari hasierako onarpena emango zaio 2019 amaitu baino lehen, eta beraz, 2020. urtea aurrekontu berria indarrean dagoela hasiko da.
Hauek dira inbertsio nagusienak:
Oharra: Kasu askotan, urte anitzeko jarduerak direla-eta, inbertsioen kostu osoa jakiteko, agertzen den diru-kopuruari gainerako urtetako diru-kopuruak gehitu beharko zaizkio