Ortuzarrek EAJ-PNVren “Kilometro Zero politikagintza” proposatu du hainbat euskal herritarrek A-10aren aurrean daukaten “nagiari eta haserreari” aurre egiteko

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak gaur goizean bisitatu du Urkabustaizko Abeltzaintza Azoka, Arabako hautagai jeltzaleak ondoan izan dituela

Ortuzarrek EAJ-PNVren “Kilometro Zero politikagintza” proposatu du  hainbat euskal herritarrek A-10aren aurrean daukaten “nagiari eta haserreari” aurre egiteko 27Urriak
2019
2019 UrriaK 27 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian. 

Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak EAJ-PNVk praktikatzen duen “Kilometro Zero politikagintza” eskaini du azaroaren 10eko Hauteskunde Orokorrei  begira  euskal herritarrek  beren  barnean sentitzen duten “arduragabekeria, nagia eta haserrea” gainditzeko, Madrilen gaur egun egiten den politika espektakulu bilakatu dela ikustean sentimendu guztiz logikoak direla nabarmenduz . “Oraingoa moduko momentu batean, Madrilgo politikagintza ikuskizun bilakatu delarik, Franco gora eta bera daramatela eta den-dena kontsumo arin eta errazerako prestatzen delarik, guk, hemen gaudenok, gauzen politika aldarrikatu nahi dugu, herritarrengandik hurbilen dagoen politikagintza, gizarte honen ondoan egon nahi duen politikagintza, beren arazoen ondoan, beren interesen eta helburuen ondoan. Hori da guk Kilometro Zero Politikagintza deitzen duguna”, baieztatu du Ortuzarrek Urkabustaizko Abeltzaintza Azokara egin duen bisitan, Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan Arabatik aurkeztuko diren hautagaiak ondoan izan dituela.  Berarekin ere izan dira Araba Buru Batzareko presidente Jose Antonio Suso, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Enplegu eta Gizarte Politiken Sailburu andre Beatriz Artolazabal.

“Bertako produktuen azokara etorri gara, euskal produktuen azokara, EAJ-PNVk A-10era begira argi eta garbi erakutsi nahi duen guztia ondo baino hobeto identifikatzen duelako. Gaur hementxe ditugu kalitaterik goreneko produktuak, gure baserrietako emakumeek eta gizonek prestatutakoak, dedikazio eta maitasun handiz eginak, orain Kilometro Zero produktuak deitzen direnak. Guk ere aldarrikatzen dugu Kilometro Zero politikagintza: zarata horren guztiaren aurrean, ikuskizun bilakatu den politika horren aurrean, Euskadin egina eta Euskadin pentsatua den politikagintza aldarrikatzen dugu”, azpimarratu du jeltzaleen buruak. “Jabetzen gara une politiko honek eragin duela hainbat eta hainbat pertsona arduragabekerian erortzea, nagian eta haserrean. Horregatik, euskal hiritargoari proposatu nahi diogu arduragabekeria, nagia eta haserrea gainditzeko irtenbide egokia, Kilometro Zero botoa ematea, alegia; hemendik irtengo den botoa, hemengoa defendatzeko, mezu argi baino argiagoa bidaltzeko, politika bestelakoa izan daitekeela erakusteko, Madrilen ikusten ditugun eta horrenbeste lotsatzen gaituzten gauza horiek ez bezalakoa”, amaitu du.

 

 

 

Interesatu Zaitez