Euskal beharrei erantzuna emango dien euskal ahotsa behar da Madrilen

Agirretxearen ustetan, Espainian aldaketa politiko bat behar da, Katalunia eta Euskadiren arazo politikoari erantzungo diona.

Euskal beharrei erantzuna emango dien euskal ahotsa behar da Madrilen 24Urriak
2019
2019 UrriaK 24 |
Berria

PARTEKATU

Joseba Agirretxeak, EAJ-PNV Gipuzkoatik Kongresurako hautagaiak, botoa aktibatzearen beharraz mintzatu da alderdikideekin Zarautzen egin duen lan-bileran. “Giroa oso nahastuta dago eta jendea haserre dago berriro hauteskundeak ditugulako. Baina ezin dugu etxean gelditu; botoa eman behar da. Ezinbestekoa da euskal taldeen presentzia Madrilen, gure interesak defendatu eta beharrei erantzuna emango dien euskal ahotsa behar da Kongresuan eta Senatuan”, adierazi du Agirretxeak. “Estatuko alderdiak espainiar estrategiaren menpe daude eta beste alderdi euskaldunak, berriz, bidea bilatu ezinik dabiltza”. “Talde sendo bat lortu behar dugu euskal botoen bidez eta horretarako gaitasuna duen alderdi bakarra gurea da, EAJ-PNV”, azpimarratu du.

Agirretxeak Zarauzko batzokian egin ditu baieztapen hauek, EAJ-PNVk hauteskunde klabean mantendu duen lan-bilera batean. Agirretxearekin batera egon dira Luke Uribetxeberria eta Mertxe Garmendia, Senaturako hautagaiak, eta Urola Kostako hainbat alderdikide, zinegotzi eta udaletako bozeramaile jeltzaleak. Horien artean Xabier Txurruka Zarauzko alkatea eta Oier Korta Zumaiako EAJren bozeramailea.

Joseba Agirretxeak Kataluniako sententziaren inguruan ere hausnartu du alderdikideekin eta momentu honetan bizi den egoera “Estatuaren itsutasuna eta botere agerraldia” direla adierazi du. “Ez dute arazo politiko bati erantzunik eman nahi izan eta eman diren gertakizun tamalgarri eta onartezinei bakarrik begiratu diote, sakoneko arazoari heldu gabe. Espainian aldaketa politiko bat behar da, Katalunia eta Euskadiren arazo politikoari erantzungo diona”, esanez amaitu du Zarautzen bere partehartzea hautagai jeltzaleak.

Interesatu Zaitez