Ordenantza fiskalak udalaren erreminta garrantzitsu bat dira, udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko dirua biltzea dute helburu, baina uste dugu ikuspegi zabalago batetik begiratzeko aukera ere ematen dutela eta horien bitartez jarrera batzuk edo politika batzuk sustatzea posible dela
Atzo, 2020ko ordenantza fiskalak onartzeko egin zen ezohiko osoko bilkuran, aho batez onartu ziren aipatu ordenantzak eta EAJk adierazi zuenez, onartutakoarekin erabat ados ez egon arren, bere aldeko bozkak “herriarentzat ekar zezakeen onura kontuan hartuta, alde positiboak pisu desadostasunak baino pisu gehiago izan zuen erabakia hartzeko garaian”. Izan ere, 5. edukiontziaren programan aktiboki parte hartzen duten herritarrei hobaria %25etik %27 igotzea zegoen jokoan eta jeltzaleek “oso garrantzitsutzat” zuten hobari hori igotzea, hondakin bilketaren tasak izango duen %2ko igoera orekatzeko. “Birziklapena sustatzeko ekimenak beharrezkoak direla uste dugu eta programa horretan parte hartzen ez dutenei tasa %2a igotzea egokia izan daiteke, baina garrantzitsua da, birziklatzen dutenei, gutxienez, tasa mantentzea eta ez igotzea” azaldu zuen EAJko Elixabete Muruak. “Hobari hori igotzeko eskaerak helburu bat zuen, egin ditugun gainerako proposamenek izan duten bezala” jarraitu zuen Muruak, “birziklapena sustatzeko helburua, hain zuzen ere”.
Biohondakina birziklatzeko programan parte hartzen dutenei aplikatzen zaien hobaria %27ra igotzeaz gain, EAJren beste ekarpen batzuk ere onartu ziren atzoko osoko bilkuran, Bizigune programaren barruan edo antzekoak diren beste foru edo udal programa batzuen barruan dauden etxeen OHZn %50eko hobaria, ibilgailuen gaineko zergan, ibilgailu hibridoei %75eko hobaria eta elektrikoei %95ekoa 5 urtez aplikatzea eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan pertsona ezinduen irisgarritasuna edo habitagarritasuna hobetzeko obrei %90eko hobaria. EAJko bozeramaileak azaldu zuenez, “ordenantza fiskalak udalaren erreminta garrantzitsu bat dira, udalak ematen dituen zerbitzuak ordaintzeko dirua biltzea dute helburu, baina uste dugu ikuspegi zabalago batetik begiratzeko aukera ere ematen dutela eta horien bitartez jarrera batzuk edo politika batzuk sustatzea posible dela”. Jeltzaleek azaldu zuten ikuspegi horretatik egin dituztela ekarpenak eta 5. edukiontziaren erabilera sustatzeko hobariaz gain, beste helburu batzuk azpimarratu zituzten, etxebizitza hutsak alokairu sozialera merkaturatzea edota gutxien kutsatzen duten ibilgailuen erabilera sustatzea.
Guztiontzako berdinak diren tasetan progresibitaterantz pausoak emateko beharra era ikusten dute jeltzaleek. “Hondakin bilketaren eta uraren tasen kasuan, joan den urtean egin genuen bezala, salbuespenak proposatu ditugu diru-sarrera murritzenak dituztenentzat, ulertuta, gizartearen gehiengoarentzat tasa horietan egiten diren igoerak jasangarriak direla, baina egoera zailenean daudenengan duten eragina larriagoa izan daitekeela” azaldu zuen Muruak eta jarraitu zuen “ulertzen dugu zailtasun teknikoak egon daitezkeela proposatutako salbuespen horiek aplikatzeko, baina Udalari dagokio zailtasun horiek gainditzeko irtenbideak bilatzea eta ez da nahikoa esatea filosofiarekin bat egiten dela, lanean jarri behar dugu hori posible egiteko eta datorren urtean berriz ere egoera berdinean ez egoteko”.
Muruak bere harridura azaldu zuen bi gairen inguruan. Batetik, udal gobernuak 5. edukiontzia erabiltzen dutenei hobaria igotzearen inguruan azaldutako aurkako jarrera, “ez al gaude guztiok birziklapena sustatzearen alde?” galdegin zuen Muruak eta jarraitu zuen “hobaria igotzeak bakarrik ez ditu gure birziklapen helburuak lortuko, baina lagungarria izango dela uste dugu eta, beraz, positiboa”. Bestetik, otsailean Udalak Alokabiderekin sinatutako hitzarmena aipatu zuten jeltzaleek “urte luzez eskatu izan dugu hitzarmen hori sinatzea eta hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialera merkaturatzeko neurriak sustatzea” azaldu zuten jeltzaleek “baina hitzarmena sinatzearekin bakarrik ezer gutxi lortuko dugu, ez dugu ikusi otsailetik hona ezer egin denik eta harrigarria egin zitzaigun udal gobernuaren ordenantza fiskalen proposamenean gutxieneko hori ez jasotzea”.
Amaitzeko, jeltzaleek beren elkarlanerako borondatea berretsi zuten “era batera edo bestera gizarteari onurak ekartzeko helburuarekin egindako ekarpenak izan dira gureak. Hori da eta hori izango da gure lanaren oinarria Errenteriako Udalean eta helburu hori lortzeko bidean elkarlanerako gure jarrera berresten dugu”.