EBB: ‘Procés‘aren epaia erabaki benetan larria da, auzi politiko baten judizializazio arduragabea dakarrena

Andoni Ortuzarrek Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena irakurri du. Exekutiba jeltzaleak gaur onetsi duen testuan erreklamatu du epaiak kondenatu dituen kataluniar politikariak aske uztea. Era berean, bere elkartasuna adierazi die eta Espainiako Gobernuari eta indar politikoei eskatu die “epai honen ondorio pertsonal eta politikoak arintzen lagunduko dute” konponbideak bilatzea

EBB: ‘Procés‘aren epaia erabaki benetan larria da, auzi politiko baten judizializazio arduragabea dakarrena 14Urriak
2019
2019 UrriaK 14 |
Berria

PARTEKATU

Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, gaur arratsaldean Sabin Etxean irakurri du Euzkadi Buru Batzarrak onartutako adierazpena, Auzitegi Gorenak ‘procés’aren epaia ezagutzera eman ondoren. Epaiak Kataluniako hamabi ordezkari politikori zigor gogorrak ezarri dizkie sedizio eta bidegabeko erabiltze delitua egotzita. EAJ-PNVren aburuz “erabaki benetan larria da, auzi politiko baten judizializazio arduragabea dakarrena”, eta Espainiako Gobernuari eta Estatuko indar politikoei eskatu die “gaur egungo krisi hau bide onetik eraman dezatela, epai honek dakartzan ondorio pertsonal eta politikoak arintzeko bidea ekarriko duten konponbideak bilatuz”. Era berean, jeltzaleen Exekutibak espetxean dauden pertsona hauek askatzea eskatu du eta bere elkartasun osoa adierazi die, eta aldarrikatu du “epai bidegabe horri emango zaion erantzun irmo, bare eta anitza Kataluniak baliatu izan duen bide beretik eraman dezatela, hau da, bide baketsu eta demokratikoen bidez egin dadila”.

Ondorengoa da EBBk onartu eta Andoni Ortuzarrek irakurri duen adierazpena:

AUZITEGI GORENAREN EPAIAREN AURREAN

Espainiako Auzitegi Gorenak gaur bertan eman du ezagutzera Kataluniako `procés´aren epaia, nazio hartako hainbat agintari politiko eta soziali 9 urtetik 13 urtera doazen espetxe zigor gogorrak ezarriz, ustezko sedizio eta bidegabeko erabiltze delituak egotzita. Epaiaren kontrako errekurtsoa Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkeztu ahal izango da eta, bere kasuan, Giza Eskubideen Europako Auzitegian ere. EAJ-PNVren aburuz erabaki benetan larria da, auzi politiko baten judizializazio arduragabea dakarrena. Ebazpen eta auto judizialen gainetik ere, auzi politiko horrek bere horretan jarraituko du eta zigor esparrura eramanda, are indar handiagoarekin. Organo jurisdikzionalaren epaia baino, hauxe izan da Estatuak eman duen erantzuna. Botere judizialaren baliabideak inoizko indarrik handienarekin erabilita, une honetan bizirik dagoen gatazka politikoari erantzun dio, gaur ezagutu den erabakiak are larriago bihurtzen duen krisia dagokion testuingurutik ateratzen duena.

Euzko Alderdi Jeltzaleak hasieratik defendatu du prozedura judizial hau ez zela sekula ere eman behar. Bere garaian salatu genuen bezain irmo salatzen dugu gaur Kataluniako gizartearen ordezkari legitimoak bi urte luzetan presoaldi prebentiboarekin zigortu izana. Salbuespenezko zigorra izan zen eta oraingo epaiarekin are larriago bilakatu da, gatazkari amaiera eman beharrean bere gorenera eramaten baitu eta Espainiako Estatuaren barruan elkarbizitza demokratikoa hautsi baidezake. Katalunian auzi politiko bat dago, eta auzi politiko honek behar duen irtenbidea ez da etorriko epaiketetatik edo ebazpenetatik ezta 155. artikulua aplikatzetik ere.

Euzko Alderdi jeltzaleak espetxean jarraitzen duten eta epai honek kondenatu dituen Kataluniako ordezkariak askatzea erreklamatzen du, gertakariak esparru politikora mugatzen direla ulertzen baitugu.

Gure elkartasuna eta hurbiltasuna adierazi nahi diegu egoera bidegabe honek kaltetzen dituen pertsona guztiei, beren senideei eta ordezkatzen dituzten erakunde politiko eta sozialei. Era berean, Euzko Alderdi Jeltzalearen Euzkadi Buru Batzarrak eskatzen du epai bidegabe horri emango zaion erantzun irmo, bare eta anitza Kataluniak baliatu izan duen bide beretik eramana izan dadila, hau da, bide baketsu eta demokratikoen bidez egin dadila.

Amaitzeko, Espainiako jarduneko Gobernuari eta Espainiako gainerako indar politikoei dei egiten diegu eta eskatzen diegu auzi hau bide onetik eraman dezatela, epai honek dakartzan ondorio pertsonal eta politikoak arintzeko bidea ekarriko duten konponbideak bilatuz, eta elkarrizketari aukera bat eman diezaiotela legalitate eta zilegitasun demokratikoa uztartuz, aniztasuna errespetatuko den eta auzi politikoak baliabide politikoen bidez erabakiko diren egoera batean.

Konponbidea etorriko da, ezinbestean, elkarrizketatik. Elkarrizketa ireki, eraikitzaile eta demokratikotik. Kataluniako biztanleriaren gehiengoaren borondateari asebetetzeko erantzuna emango dion negoziaketatik. Hiritargo honek bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea dauka.

Interesatu Zaitez