Aldundiak klima-aldaketaren erronka globalari helduko dio, Bizkaia iraunkorrago baterako estrategiaren barruan

Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan izan da gaur berak zuzentzen duen sailak agintaldi honetan izango dituen ardatz estrategikoak azaltzeko

Aldundiak klima-aldaketaren erronka globalari helduko dio, Bizkaia iraunkorrago baterako estrategiaren barruan 10Urriak
2019
2019 UrriaK 10 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Bere eskumenen esparrutik eta KLIMA 2050 Estrategian eta Eusko Jaurlaritzatik datorren araudian duen ekintza-gaitasunaren barruan, Foru Erakundeak lan egingo du, besteak beste, CO2 emisioak murrizteari, energia alternatiboen erabilerari edo jasangarritasun energetikoari buruzko sentsibilizazioan. Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak hiru ardatzen inguruan antolatuko ditu bere jarduerak legegintzaldi honetan: ingurumena eta klima-aldaketa; nekazaritza eta landa-garapena, eta naturguneak.

"Badakigu gizarte unibertsal gisa aurre egin behar diogun erronka nagusia dela". Hitz horiekin adierazi du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak klima-aldaketaren aurkako borroka Bizkaiko Foru Aldundiak datozen lau urteetarako duen jarduera zutabeetako bat dela. Bere Sailaren ildo estrategikoak aurkezteko Batzar Nagusien aurrean egindako agerraldian Unzuetak adierazi du klima- aldaketa arintzearekin eta ingurumena babestearekin batera, bere gobernu ekintza nekazaritzan eta landa garapenean eta naturguneetan ere oinarrituko dela.

Klima-aldaketa arintzea Aldundiaren eskumenen esparrutik landuko da, eta ekintza-gaitasuna KLIMA 2050 Estrategian eta Eusko Jaurlaritzak ematen duen araudian kokatuko da. "CO2 emisioen murrizketan eta energia alternatiboen erabileran sentsibilizazioan eta hezkuntzan eragin handia duten ekintza 'txikiekin' lagunduko dugu; lankidetza publiko-pribatuko ildoak irekitzen saiatuko gara, eta herritarrei klima-aldaketarekin lotutako informazioa eskainiko diegu", adierazi du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Ildo horretatik, Reactívate+ edo zarata-kalitateko tailerra bezalako programak mantenduko dira, eta klima-aldaketarekin lotutako tailer berriak sartuko dira, eta ingurumenaren arloko ekipamenduetan garatzen diren dinamikak eta jarduerak baliatuko dira klima-aldaketarekin lotuta sentsibilizatzeko eta hezteko.

Lan egingo den beste faktoreetako bat jasangarritasun energetikoa izango da. Hori funtsezkoa da klima-aldaketaren ondorioak arintzeko, eta dagoeneko hainbat ekimen garatu dira. Ekimen horiek datozen urteetan mantenduko dira, besteak beste, udalek eta mankomunitateek energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko neurriak har ditzaten laguntzen programa.

Ingurumenaren arloan, halaber, Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko III. Plan Integrala (BHHKPI) egiten jarraituko da. Bizkaiko Iraunkortasun Kontseiluaren barruan egingo da dokumentu hori, eta batzarkide taldeek zein gizarte-eragileek egiten dituzten proposamenak entzun eta parte hartuko dute. BHHKPI eduki arte, zati organikoaren bilketa bultzatuko da sistema gaur egun mota horretako edukiontzirik ez duten 20 udalerrietara hedatuz eta frakzio hori kudeatzeko proiektu pilotuak ezarriz. Edukiontzi zuria oraindik horrelakorik ez duten hiru udalerrietara eramatea, garbigune mugikorrak indartzea eta garbigune 'klasikoak' hobetzea ere aurreikusten da. Eta hondakinen prebentziorako kanpainetan lanean jarraituko dute, aurtengo irailean martxan jarri dena, esaterako.

Hondartzak kudeatzeko sistemak bere horretan jarraituko du, baita bertako kalitate- eta ingurumen-ziurtagirien aldeko apustuak ere, eta, berritasun gisa, gure hareatzetako ekosistemak osatzen dituzten elementuei balioa emango zaie. "Hondartzetako elementu guztiak dira garrantzitsuak, eta funtzio bat dute: fauna, landaretza, haitzak... Horregatik, hondartzen balio natural izugarria baliatu nahi dugu hezkuntza, dibulgazio eta sentsibilizazio ikuspegi bat eskaintzeko", adierazi du Elena Unzuetak.

Era berean, aisialdirako eremuak kudeatzen jarraituko da, eta Bizkaiko herritar guztiek kalitatezko ura eta prezio homogeneoetan izango dutela bermatzeko apustuari eutsiko zaio. Hala, Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan txertatzen jarraituko da, eta azken erakunde horrekin sinatutako hitzarmenaren bidez, lurraldeko udalerriek azpiegitura hidraulikoak izan ditzaten lagunduko da.

Gaztelugatxeko San Joanen gune horren babesarekin bateragarria den erabilera sozial eta turistikoa sustatzen jarraituko da, eta esparru horren inguruan hobekuntza lanak egiten jarraituko da.

NATURGUNEAK

Naturaguneetan, haien zaintza eta babesa bateragarri egingo dira gune horietan garatzen diren erabilerekin; horrela, horietan dauden babes- eta kudeaketa-tresnekin lan egiten jarraituko da, eta gune horietako landaretza- eta fauna-espezieak babestu eta kontserbatuko dira.

Lurraldeko basoetan egiten den baso-jarduera landa-eremuak garatzeko ardatzetako bat da, jarduera ekonomiko eta estrategikotzat hartzen da, eta oso kontuan hartu beharrekoa da Europa mailako bioekonomiaren garapenaren barruan. Horregatik lana areagotuko da sektoreko elkarte sektorial eta profesionalekin elkarlanean, zehazki Bizkaiko Basogintza Elkartearekin, baso publikoa zein jabetza pribatua behar bezala kudeatzeko. Era berean, basoen kudeaketa modu mankomunatuan egitea sustatuko da, jabeen elkarteen eta elkarte horien taldeen bidez, eta Europako Hegoaldeko Basozainen Batasuna bezalako eragileekin lankidetzan jardungo da, basoen jabeen eta kudeatzaileen arteko belaunaldi-erreleboa bermatzeko.

Basogintzaren eremu horretan, banda marroiaren egoeraren jarraipen zehatza ere egingo da, eta horren bilakaeraren araberakoa izango da basoei buruzko Foru Arau berri bat prestatzea ere.

NEKAZARITZA ETA LANDA-GARAPENA

Nekazaritzaren eta landa-garapenaren ardatzaren barruan, "Lehen sektoreak kalitatezko elikagaiak ematen dituen sektore gisa duen izaera estrategikoa zabaldu behar dugu, landa-ingurune bizia mantentzen laguntzen du eta paisaia eta lurralde kudeatua mantentzen ditu", azaldu du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak. Ildo horretatik, landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko loturak estutuko dira, lurralde-oreka eta -kohesioa lortzeko, landa-eremua bizitzeko erakargarria izan dadin, bertan jendea bizi dadin eta gizarte osoaren gozamenerako biodibertsitatea eta paisaia eskaintzeko gai izan dadin.

Ildo horretatik, landa-inguruneko biztanleen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko da, landa-garapeneko laguntzarako programen eta teknologia berriak bertan egotea helburu duten ekimenen bidez. Arloko elkarte sektorial eta profesionalekiko baterako lana ere areagotuko da, nekazariei eta abeltzainei laguntza emango zaie inbertsiorako laguntza-planen bidez, animalien osasun, higiene eta ongizateko programak babestuz, hobekuntza genetiko eta erreproduktiboko programak bultzatuz eta bertako espezie eta arrazak sustatuz.

Gainera, sektoreko profesionalen eta Nekazaritza Zuzendaritzaren arteko harreman jarraitua eta informazio-trukea ahalbidetuko duten azpisektoreko kontsulta-mahaiak bultzatuko dira, eta belaunaldien arteko erreleboa erraztuko duten tresnak jarriko dira abian, bai lehen instalazioetarako, bai erreleboa familiaren barruan egiten den instalazioetarako.

Lan egingo da, halaber, Administrazioarekiko harremana errazteko, burokrazia murriztuz eta sektorearen eskura jarriz,  egoitza elektronikoaren bidez, informazio- eta komunikazio-teknologia egokiak eta izapidetze eta eskaeretarako sarbide telematikoa.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez