2020ko Errenteriako Ordenantza fiskaletarako gure proposamenak aurkeztu ditugu

Krisi ekonomikoa gehien pairatzen dutenen aldeko hobariei, ingurumenaren zaintza sustatzen dutenei eta etxebizitza hutsak mobilizatzea helburu dutenei eusten diegu baita 2020ko ordenantza fiskaletan ere

2020ko Errenteriako Ordenantza fiskaletarako gure proposamenak aurkeztu ditugu 11Urriak
2019
2019 UrriaK 11 |
ERRENTERIA

PARTEKATU

Udal gobernuak aurkeztutako 2020ko ordenantza fiskalen aldaketarako proposamena aztertu ondoren, horien inguruan hausnartu eta bere proposamenak egin ditu EAJ-PNVk. Joan den urtean egindakoen ildo beretik doaz aurtengo proposamenak, izan ere behar eta helburu berak indarrean daudela uste dute jeltzaleek. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenean, KPIaren araberako igoera proposatzen da, %0,6koa, hain zuzen, baina hondakin bilketaren tasa %2 eta ur hornidura eta estolderiarena %2,5 igotzea aurreikusten da. Azken bi tasa horietako igoerari aurre egiteko salbuespenak proposatzen ditu EAJk errenta baxuenentzat. Horiez gain, EAJ-PNVk beste zenbait hobari proposatu ditu helburu desberdinekin, esaterako, ingurumenaren zaintza sustatzea edota etxebizitza hutsak mobilizatzea.

Zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrentzako neurriak

Azken urteetan zenbait tasek igoera nabarmenak izan dituzte, esaterako, orain hiru urte hondakin bilketaren gaineko tasak %21eko igoera izan zuen eta orain bi urte, berriz ere %2a igo zen eta iaz %1. Ur-hornidura eta estolderia zerbitzuaren tasari dagokionez, igoera ez da hain nabarmena izan, baina, oro har, gainerako tasa eta zergek izan dutenaren gainetik egon da. Beraz, hondakinen tasa berriz ere %2 eta ur-hornidura eta estolderia zerbitzuarena %2,5 igotzeak egoera larrienean daudenengan eragin handia du.  Horregatik, bi tasa horietan, bizikidetza unitatearen eta diru-sarreren araberako salbuespenak proposatu ditu EAJ-PNVk aurten berriz ere. Bestalde, ibilgailuen gaineko zergan ere, foru arauak aurreikusten duen familia ugarientzako %50eko hobaria aplikatzea eskatu dute, hori ere kideen eta diru-sarreren arabera, izan ere, familia ugariek behar izaten dituzten ibilgailu motek, zerga altuak ordaintzera eramaten dituzte maiz, dituzten ezaugarriengatik.

Ingurumenaren zaintza, obrak eta etxebizitza hutsen mobilizazioa

Ingurumenaren zaintza bultzatzea helburu duten hobarien artean, batetik ibilgailuen gaineko zergan, ibilgailu hibridoei %75eko hobaria eta elektrikoei %95ekoa 5 urtez aplikatzea eskatzen dute jeltzaleek. “Gure programan jaso genuen bezala, mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egiten baitugu” diote jeltzaleek. Bestetik, hondakin bilketaren gaineko zergari dagozkionez, 5. edukiontziaren programan aktiboki parte hartzen dutenentzako hobaria %25etik %30era igotzea ere proposatzen dute, edukiontzi honen erabilera areagotzeko.

Etxebizitza hutsak alokairu sozialera mobilizatzeko, Bizigune programaren barruan edo antzekoak diren beste foru edo udal programa batzuen barruan dauden etxeen OHZn %50eko hobaria proposatzen dute jeltzaleek. “Errenteriako Udalak, aurten, urte luzez gure udal taldeak eskatu bezala, Alokabiderekin etxebizitza hutsak mobilizatzeko lankidetza hitzarmena sinatu badu ere, ez baitu udal gobernuak ordenantza fiskaletan horrelako neurririk jaso” azaldu dute EAJko kideek.

EITak agintzen dituen irisgarritasuna, bizigarritasuna edota energia eraginkortasuna hobetzeko obren gaineko zergan %95eko hobaria ere proposatzen dute jeltzaleek eta baita %75eko hobaria alde zaharrean fatxadak berritzeko obretan ere.

Proposamen horiek guztiak erregistratu dituzte jeltzaleek, udal gobernuak egindako proposamena hobetzeko asmoz eta errenteriarren interesen defentsan. “Proposamenak egingarriak eta zentzuzkoak dira eta berriro gure proposamenei eustea erabaki dugu, errenteriarren onuran, 2020ko ordenantza fiskaletan txertatzeko asmoz” amaitu dute jeltzaleek.

Interesatu Zaitez