Gipuzkoako Foru Aldundiak lehen eskutik jakin du Finlandiako baso kudeaketaren modeloa, mundu mailan erreferente nagusia dena, eta lurralderako baso alorra sustatzeko Aldundiak duen estrategia eskandinaviar herrialdeko hainbat erakunde, hezkuntza eragile eta eragile ekonomikoekin kontrastatu du
Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak oso aldeko balantzea egin du izandako harremanen inguruan, eta esan du baso kudeaketa jasangarria ezinbesteko plan bat dela gure ekonomiaren, gure gizartearen, gure ingurumenaren eta gure paisaiaren etorkizunerako. «Lanean jarraituko dugu alorrarekin, herritarrekin, enpresekin eta gainerako erakundeekin gure basoen kudeaketa orokor bat egonkortzeko, betiere epe luzera begira.
Lasak, Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak eta Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak bilera agenda lantsu bat izan dute bi egun hauetan. Nicholas McCarthy Baso Ereinaren Europako Institutuko lehendakariarekin bildu dira, eta Joensuuko lana ezagutu dute. Finlandiako hiri hori Iparraldeko Karelia eskualdean dago, eta 2011n Europako Baso Hiriburu izendatu zuten. Han, Gipuzkoako modeloa kontrastatu dute Forestry Centerreko arduradunekin (eskualdeko baso programak koordinatzen dituen erakundea), eskualdeko gobernuarekin eta Europako Baso Institutuarekin (EFI), besteak beste Timo Tahvanainen, Eira Baris eta Robert Mavsar arduradunen eskutik.
Finlandiak bioekonomia zirkularraren aldeko apustu garbia egin du. 90. hamarkadan hasitako estrategia horrek eremu horretan egin beharreko bidea ezartzen du, eta baso baliabideen potentzial izugarria erabiltzen du karbonoan baxua den ekonomia baterako trantsizioan. Izan ere, zuhaitzek xurgatu eta gordetzen duten CO2 ez ezik, asko biltegiratzen da eta egurrezko produktuek beste material batzuk ordezten dituzte, hala nola plastikoa. Diputatuak gogorarazi du NBEren Agenda 2030ek eta 2016ko Pariseko Gailurrean hartutako konpromisoek erakusten dutela etorkizuna basoetan dagoela. Azaldu duenez, «paper nagusi bat dute etorkizunean ezinbestean gure egin beharko ditugun kontsumo eta ekoizpen patroietan, aldaketa klimatikoari aurre egingo badiogu. Gipuzkoako lurrazalaren % 62 basoa da, eta haren kudeaketak dugun erronkaren araberako leku bat eduki behar du gure agendan».
Bere aldetik, Finlandia gai izan da industria oso bat garatzeko, zeinak, egurra eta papera ez ezik, oso osagai berritzaileak baititu. Horrela, urezko eta ikatzezko aztarna ekologiko gutxiko material berriak garatu ditu: erregai berriak, oihal berriak, eraikuntza gai berriak, enbalaje adimenduna… Basoekin zerikusia duen jarduera ekonomikoa BPGaren % 36 da. Esportatzen dituzten hamar produktutik hiru basotik datoz, eta Iparraldeko Karelia eskualdean bakarrik bioekonomiako 50 enpresa daude, asko enpresa txiki eta ertainak, 600 lagun enplegatzen dituztenak. Produktuaren ziklo osoaz eta duen izaera biodegradagarriaz baliatzen dira. Lasak nabarmendu duenez, «Gipuzkoak, bere errealitatetik abiatuta, antzeko ekimenen bideragarritasuna aztertu behar du jarduera ekonomikoa sortzeko, Euskadiko gainerako erakundeekin, enpresekin eta unibertsitateekin batera».
Orobat, Gipuzkoako ordezkaritzak zenbait estrategia kontrastatu ditu adituekin baso alorraren erronkei aurre egiteko. Erronka horiek dira: baso jabetzen zatiketa, jabeen adina, errentagarritasuna, inbentariatze digitala, belaunaldi berriak, utzikeria, birpopulatzea, gaixotasunei eusten dieten espezieen azterketa, jarduera sustatzeko laguntzak edo pizgarri fiskalak. Diputatuak esan du ondorio nagusienetako bat hau dela: «baso politikarik txarrena existitzen ez dena da. Erabakiak hartu behar dira, jasangarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa bermatuko duten irizpide garbiekin, eta eragile nagusiekin batera egin behar da hori. Zeregin honek zerikusia du etorkizunean nahi dugun Gipuzkoarekin».
Foru arduradunek ezagutu dituzten proiektuen artean dago ‘EduPark educational and business ecosystem’ -https://www.globaleducationparkfinland.fi.-. Proiektu hau Auli Leskinen garapen zuzendariaren eskutik ezagutu dute, eta, honek, halaber, basoen eta hain kudeaketaren balioaz gizarteari bidaltzen dizkioten mezuen berri ematen dio Gipuzkoako ordezkaritzari. Organismo honek enpresak, erakundeak, unibertsitateak eta prestakuntza zentroak, start up-ak eta balio kateko beste eragile batzuk biltzen ditu, eta, besteak beste, gizartea kontzientziatzeko lanak egiten ditu. Basoa finlandiarren bizitzan eta kulturan dago, eta herrialde hori, gainera, aitzindaria da basoen inguruko prestakuntza berezian, ikerketan eta azterketetan. Horrela, mundu osoko ikasleak erakartzen ditu.
Lasak beharrezkotzat jo du aintzat hartzea hori guztia eta Gipuzkoan ere sentsibilizazioan lan egitea, hartara jende guztia jakitun izan dadin baso biomasaren kudeaketa egoki baten beharraz. Produktuez eta CO2 xurgatzeaz gain, basoak ematen dituen beste zerbitzu batzuk ekarri ditu: erosioa saihestu, aisialdirako erabilera, paisaia edo bionaniztasuna mantentzea.
Finlandia eta Gipuzkoa bat datoz sektore honek duen garrantziari dagokionez, bai basoen hedaduragatik ––lurraldearen % 75 eta % 62 hurrenez hurren––, bai jabetza ereduagatik. Herrialde eskandinaviarrean, basoen % 60 pribatuak dira, eta bost herritarretatik bat baso azalera baten jabe da. Gipuzkoan, jabetza pribatua % 80ra iristen da: guztira 9.000 basojabe daude. Nabarmendu behar da Aldundiak aurreko legealdian baso alorreko dirulaguntzei eman zien bultzada. Laguntza horiek ia laukoiztu egin dira azken bost urtean: 2014an, 1.199.091,87 euro izan ziren; eta 2018an, 4.057.835,79 euro.