Gipuzkoako 371 langile lurraldeko 58 enpresen jabetzera sartu ziren 2018 urtean, ondorioz Foru Aldundiak 2016an onartu zuen langileen partaidetza sustatzeko Foru Arauak jasotzen dituen zerga pizgarriak aplikatuz
Foru bozeramailea den Eider Mendozak arauaren ibilbidearen balorazio “oso positiboa” egin du. Azaldu duenez, Foru Arau honi esker hiru urtetan 730 langile izan dira 146 enpresetako jabetzara sartu direnak. “Gure enpresen %99 baino gehiago pymeak dira eta, beraien ibilbidearen momentu batean edo bestean, jabetza errelebo prozesuak izaten dituzte. Gure Foru Arauak hor jartzen du azpimarra, langileak animatzen baititu pausua eman eta bere enpresaren jabetzan sartzera. Izan ere, hauexek dira lurraldearekin eta konpainiarekin berarekin konpromiso maila altuena duten inbertsoreak”, esan du.
Mendoza hedabideen aurrean agertu da gaur, Diputatuen Kontseiluan hartu diren erabakien berri emateko. Batzar horretan, Foru Arauak orain arte izan dituen emaitzei egin zaie errepasoa, uztailean amaitu zen Errenta kanpainaren ostean. Foru bozeramaileak gogoratu du Foru Aldundia apustu nabarmena ari dela egiten azken urteetan langileen partaidetzaren arloa indartzeko, batez ere lau lan lerroren bitartez ekinez: fiskalitatea, ekonomia sustapena, finantzaketa eta esperimentazioa, azken puntu honetan Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bitartez.
Foru Diputatuak esan du foru erakundeak “hainbat arrazoi” dituela langileen partaidetzaren alde egiteko: enpresarekin eta lurraldearekin konprometituta dauden inbertsoreak erakartzea (langileak beraiek), erabaki guneei eutsi eta deslokalizazioak ekiditea, enpresetako barnek kohesioa indartzea, talentu ihesa ekiditea… “Ekonomia globalak dituen erronkei erantzuteko Gipuzkoak egiten duen apustuetako bat da partaidetza. Oso gurea den zerbait da, gure nortasunaren parte dena eta, datuak esku artean, emaitza onak ematen ari dena”, aldeztu du.
2016 urtean, 147 langile (106 gizonezko eta 41 emakume) izan ziren 40 enpresetako jabetzan sartu zirenak; 2017 urtean, 212 langile (162 gizonezko eta 50 emakume) 48 konpainiatan; eta 2018 urtean, 371 langile (280 gizonezko eta 91 emakume) 58 enpresetan. “Egiten dugun balorazio oso positiboa da. Indarrean hiru urte egon ostean, joera hazkundearena da. Gure apustua, beraz, egonkortzen ari da. Erronka orain honi jarraipena eman eta alor hau indartzen jarraitzea da”, gaineratu du Mendozak.
Foru bozeramaileak gogoratu duenez, Foru Arauaren helburu nagusietako zen emakumeen partaidetzari lehentasuna eman eta esplizituki sustatzea, horretarako tratamendu positibo berritzailea ezarriz kolektibo honentzat. “Egun arte, pizgarri hau aplikatzen dutenen artetik lautik bat bakarrik da emakumea eta, beraz, neurriaren eragina oraindik ere mugatua da. Hala ere, norabide egokian doan erabakia da, enpresa munduan hain beharrezkoa den kultura aldaketa hori bultzatzera bideratua”, aldeztu du. “Emakume eta gizonen arteko berdintasunarekin emakume eta gizonek irabazten dute eta, ondorioz, gizarteak bere osotasunean irabazten du”, gaineratu du.
Langileen partaidetza sustatzeko Foru Araua 2016ko abenduan izan zen onartua, eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera dago indarrean, atzera eraginezko efektuarekin. Jasotzen dituen neurri nagusiak honakoak dira: %15 kenkaria gizonezkoentzat eta %20koa emakumezkoentzat PFEZean, enpresaren jabetzan sartzen den langilearen alde. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonezkoen kasuan, eta 8.000 eurokoa emakumezkoenean. Pizgarria lau urtetan zehar da aplikagarria, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonezkoentzat eta 2.000 eurokoak emakumezkoentzat.