EAJ-PNVko senatariak gaitzetsi egin du jarduneko presidentea Kataluniarekiko erabiltzen ari den “hizkuntza bortitza, zentsura mozioa aurrera atera zuenean elkarrizketa, gerturatzea eta hitz baikorrak aipatzen zituen bitartean”
Jokin Bildarratzen iritziz, Pedro Sanchez “elektoralismoa egiten ari da” Kataluniaren auziaren inguruan Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioa mahai gainera ateratzen duenean. “Konstituzioak dio horretarako legea edo Konstituzioa bera urratu beharko liratekeela, eta Auzitegi Konstituzionalaren azken bi epaiek ere argi zehazten dute noiz aplikatu ahal den; eta ez Kataluniako Govern-ak ezta Parlament-ak ez dute legerik urratu. Pedro Sanchezek badaki ez direla betetzen horretarako baldintzak, baina gaia erabiltzen ari da politikoki komeni zaiolako, Ciudadanosen inguruko espazioan dauden hainbat bozkari amua botatzen ari zaie”.
Estatuko Gobernua jardunean izanik eta Gorteak deseginda egonik, Kataluniaren autonomia bertan behera utziko lukeen artikulua aplikatzeko aukerarik ez dagoela iritzi dio EAJko senatariak Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Segurtasun Nazionalaren Legea ere aipatu izan da helburu horrekin erabiltzeko, baina Bildarratzen esanetan “lege hori ez dago horretarako egina eta ezin da beste helburu baterako erabili”. 2015ean onartutako legea zibersegurtasun, aire espazio, osasun edo ekonomi krisiei aurre egiteko pentsatuta dagoela gogoratu eta bertako artikuluek autonomi erkidegoetako administrazio guztien koordinazioa zehazten dutela azpimarratzeaz gain, “Estatutuak bloke konstituzionalaren barruan daude eta Segurtasun Nazionaleko legea ez; beraz azken honek ezingo luke Estatutu baten eskumenetan esku hartu”.
Bildarratzek gaitzetsi egin du Pedro Sanchez gaur egun Kataluniarekiko erabiltzen ari den “hizkuntza bortitza, zentsura mozioa aurrera atera zuenean elkarrizketa, gerturatzea eta hitz baikorrak aipatzen zituen bitartean”. EAJko ordezkariak esan duenez, “155. artikulua mahai gaineratuz dagoen tentsioa berotzea baino ez da lortzen”; egoera gainditzeko “Torra eta alderdi politikoei deitu eta harremanak bideratu” behar direla iritzi dio. “Espero dezagun sententzia eta gero alderdi guztiak gai izatea zuhurtasunez jokatu eta elkarrizketa bultzatzeko”.
Hauteskunde kanpainako gastua aurrezteko alderdi nagusiek egindako proposamenaz galdetuta, Bildarratzek haiekiko desabantaila egoera areagotuko lukeela erantzun du. “Eurak hainbat baliabide dituzte: telebistako debateak bi edo lauzpabost alderdikoak izaten dira eta besteak ezkutatuta geratzen gara; beste formatu batzuk kentzen badizkigute, non azaldu behar ditugu gure nahiak?”, galdetu du. Senatariak gogoratu duenez, proposamen honekin gastuaren %10 baino ez zen jaitsiko eta benetako aurrezpena 2016an onartu zen legearekin etorri da, hauteskundeen errepikapena ematen denean gastua erdira jaitsiz; dena dela, azpimarratu duenez, “PSOEk du ardura gehien gastu honetan, Gobernua osatu izan balu ez zelako orain hauteskunderik beharko”.