Maria Eugenia Arrizabalaga: gure konpromezu irmoa azaldu nahi dugu beste behin, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen defentsan, gipuzkoar biztanleriak eta gizatasunak agintzen duenarekin bat
“Europar Batasunak, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen, itsas zabalean artatutako naufragoen eta Mediterraneoan bizitzak salbatzen lanean ari diren pertsonen eskubideak bermatuko dituen kudeaketa eredu bat antolatu behar du ahal bezain laster” adierazi du Maria Eugenia Arrizabalagak, EAJ-PNV bozeramaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan. “Estatuen betebeharra da – azpimarratu du – itsasoan galdutakoei laguntzea eta hauen eskubideak bermatzea”.
Errefuxiatuen harrerari eta Mediterraneoan bizitzak salbatzeko EH Bildu, Podemos eta PSE taldeek aurkeztutako ebazpenaren inguruan, Arrizabalagak bere kezka azaldu du, erdibidean Europar Batasunari eta Estatuko Gobernuari eskatzen bait zaie ezartzeko beharrezkoak diren neurri guztiak legedia eta akordioak betetzen ari ez diren Europar Batasunaren estatu kideei. “Hain zuzen, Europar Batasuneko Estatuek inoiz bete ez dituzten “konpromisoak” eta dagoeneko ahaztuta dauzkatenak, erdibidean aintzakotzat hartzen dira, egiazkotzat –ekarri du gogora –“. “¿Zer zentzu du, Europar Batasunari eta Estatuko Gobernuari hartu dituzten konpromisoak bete ditzatela eskatzea lehen puntuan, eta jarraian, konpromiso horiek betetzen ez dituztenen aurkako neurri zorrotzak ezartzea eskatu, hain zuzen beraiek izanik betetzen ez dituzten horiek? – galdetu du –“.
“Gure proposamenean, EAJ-PNVren proposamenean – jarraitu du Maria Eugenia Arrizabalagak – Eusko Jaurlaritzaren “Share” proposamenarekin bat egiten dugu. EH Bildurentzat Eusko Jaurlaritzako Share programa “propaganda hutsala” da, nonbait. Nahiz eta, dagoeneko, Nafarroaren, Iparraldeko Mankomunitatearen eta Catalunyaren atxikimendua jaso izan duen”.
EAJ-PNV bozeramaileak nabarmendu du, EH Bildu, Podemos eta PSEk aurkeztutako proposamenean, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diotela errefuxitu eta migratzaileek euren egoera normaltzeko asilo-eskaera eta bisa humanitario eskaerak erraztu ditzatela, eskumen hau Espainiako Gobernuarena izanik ehuneko ehunean. “EAJ-PNVn nahiago genuke Euskadik enbaxadak balitu eta asilo politika gure esku balego. Baina ez. Eta erdibidekoa sinatu duzuenok hori badakizue – adierazi du Arrizabalagak –“. “Aipatu gabeziak eduki arren, Eusko Abertzaleak EAJ-PNV batzarkide taldeak baiezko bozka eman dio proposamenari arrazoi bakar bategatik: gure konpromezu irmoa azaldu nahi dugulako beste behin, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen defentsan, gipuzkoar biztanleriak eta gizatasunak agintzen duenarekin bat – amaitu du –“.