Hauteskundeak errepikatzea “politikari batzuen eta politika egiteko modu baten porrota” izan dela baieztatu du Itxaso Atutxak

Bizkai Buru Batzarreko presidentearen hitzetan, “ez da benetako elkarrizketarako jarrera erakutsi” eta akordioetara heltzeko “borondate eta lanerako gogo gutxi” egon da

Hauteskundeak errepikatzea “politikari batzuen eta politika egiteko modu baten porrota” izan dela baieztatu du Itxaso Atutxak 18Irailak
2019
2019 IrailaK 18 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Azaroaren 10ean Hauteskunde Orokorrak errepikatu beharra “politikari batzuen porrota eta politika egiteko modu baten porrota” dela baieztatu du gaur goizean Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak. Gehitu duenez, “egoera honen aurrean gaude Espainian ez delako benetako elkarrizketarako gogoa edo jarrera ikusi; halaber, borondate eta lanerako gogo eskasa ikusi dugu”. Ordezkari jeltzalearen hitzetan, “zorionez, ez da politika osoaren porrota izan”, “politikagintzan jende asko dabil, leku askotan politika egiten da eta akordioetara heltzea ere badago. Euskadin eta Bizkaian horren adibide asko eman dira azken hiru hilabeteetan, atzo bertan Barakaldon lortu zen EAJ-PNV eta PSEren artean, esaterako”, adierazi du.

Bizkaiko burukideak gaur goizean Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan aditzera eman duenez, bere ustetan Sánchez da Estatuak bizi duen ezegonkortasun politiko honen arduradun nagusia. “Espainiako erregeak eskatuta, bere ardura zen gobernua eratzea”, baina “laguntzaile onak” izan dituela uste du Atutxak. “Ezin dugu ahaztu oraingoan ere Podemos-ek erantzukizun handia izan duela hasieratik”. Bien aldetik “jarrerak tinkoak izan dira eta akordiorako bidean denok, batzuk eta besteak, zerbait utzi behar dugu”, baina kasu honetan “ez dugu jarrera hori ikusi”, azaldu du. “Ez ditut ulertu bien arteko gauza batzuk. Uztailean posible zena zergatik handik eta hilabetera ez da posible izan? Jogurtak baino gutxiago iraun dute hauen proposamenek . Eta hori ez da serioa”, penatu da.

Momentuz “itxaron behar” dugula ziurtatu du BBBko presidenteak. Nolanahi ere, “itxaron aldi horretan beste arazo larri bat” dagoela gogorarazi du Itxaso Atutxak: “Espainia Gobernu barik dago” eta horrek, beste erkidego batzuetan duen eragin kaltegarriaz aparte, “gure eskumenen inguruan ere ondorioak baditu”. “Kontutan izan behar dugu otsailera edo martxora arte ez dela gobernurik egongo. Kalean ere sumatzen da jendearengan dagoen ardura, egunerokotasunean ere eragina daukalako Gobernua izateak ala ez. Ez da gauza abstraktua”, deskribatu du Atutxak.

Interesatu Zaitez