Urkulluk Euskadiren izaera migratzailea azpimarratu du Euskal Diasporaren Egunean

Euskal komunitateak kanpoan egindako lana aintzatetsi du Lehendakariak Euskal Diasporaren Eguna dela-eta Ispasterren egin den ekitaldian

Urkulluk Euskadiren izaera migratzailea azpimarratu du Euskal Diasporaren Egunean 08Irailak
2019
2019 IrailaK 08 |
Eusko Jaurlaritza

PARTEKATU

Euskal Diasporaren Eguna dela-eta Ispasterren antolatutako ekitaldian izan da buru gaur goizean Iñigo Urkullu Lehendakaria. Garai jakin batzuk gogora ekarri ditu Lehendakariak, Euskal Herria kanpoaldera irten izan den garaiak, alegia. Gaur, euskal diasporaren lana aintzatetsi du, “gure kultura, tradizioak eta hizkuntza belaunaldiz belaunaldi iraunarazten Euskaditik mila kilometrotara”. Lehendakariaren iritziz, kolektibo horrek “aberastu egiten gaitu orain eta bide bat urratzen laguntzen digu mundura gero eta gehiago zabaltzen ari den etorkizun baterantz”, adierazi du. Euskadiren izaera migratzailea kontuan hartuta, Lehendakariak adierazi duenez, “ezin dugu begiratu beste alde batera gizarte gisa” beste herrialde batzuek “etorkizun hobeago baten bila” egindako deiaren aurrean.

Diasporaren Eguna ospatzeko egin den ekitaldi instituzionala goizeko 12:00tan hasi da. Lehendakariarekin batera izan dira bertan bere Gobernuko sailburuak Josu Erkoreka, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola, Nekane Murga, María Jesús San José, Estefania Beltrán de Heredia, Legebiltzarreko Lehendakaria, Bizkaiko Batzar Nagusiko Lehendakaria, eta baita Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Marian Elorza eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendari Gorka Álvarez ere. Bestetik, diasporari lotutako pertsonak  ere izan dira bertan.

Diasporaren balioa nabarmentzea

Urteen joanean “Euskadi kanpora irteten jarraitzen duela ” nabarmendu du Lehendakariak. 

Euskal komunitateak kanpoaldean egindako lana eskertu du Lehendakariak, “sustraiak eta Euskadirekiko lotura mantentzearren”, hain zuzen ere. 191 Euskal Etxeen bitartez eratutako sarea 25 herrialdetan baino gehiagotan “sendoa eta eraginkorra” dela,  Euskadi Basque Country-ren izena eta izana mundu zabalean indartzen duena.

Orain 16 herrialdetako 60 euskal etxetan antolatzen ari dira aldi berean egun hau ospatzeko ekitaldiak. Munduan zehar ospatzen diren ekitaldiak, alegia, Lehendakariak duela bost mende Joan Sebastian Elkanok munduko itzulia amaitu izanarekin alderatu duen gertakaria.

Euskadi, harrera-herria

Izaera migratzaile hori aipatu du Lehendakariak bere diskurtsoan: “Zer izango zen gure Diaspora helmugako herrialdeetan atzera bota izan bagintuzte? Orain herri migratzaile bezala dugun historia gogora ekartzen ari bagara arrazoi honengatik da: beste Herri batzuk ate joka etorri zaizkigulako etorkizun hobeago baten bila. “Ezin dugu begiratu beste alde batera gizarte gisa”, adierazi du.

Iturria: Irekia

Interesatu Zaitez