Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Euskal Diasporaren Egunari begira

Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko egin den ekitaldiaren kariaz, Euzkadi Buru Batzarrak ondorengo adierazpena egin nahi du:

Euzkadi Buru Batzarraren adierazpena Euskal Diasporaren Egunari begira 07Irailak
2019
2019 IrailaK 07 |
EBB

PARTEKATU

EAJ-PNVk babestu nahi du, eta babesten du, Eusko Jaurlaritzak luzatu duen deia igandean, irailak 8, Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko. Ospakizun honen bigarren edizioa Ispasterren egingo da, Elcanok eta Magallanesek munduari lehen bira eman zioteneko 500. urteurrena beteko den urtean. Hortaz, bost kontinenteetan bizi diren aberkideak animatzen ditugu ospakizun honekin aktiboki bat egitera.

Nazio deitzen den orok ezinbesteko du bere historia ondo ezagutzea, eta besteei ezagutarazten jakin behar du, gainera. Emigrazioa konstante bat izan da Nazio gisa egin dugun ibilbide osoan, eta oso era berezi eta intentsuan XIX. eta XX. mendeetan. Aldi horretan Amerika izan genuen helmuga nagusi. Emigrazio haren ezaugarri nagusienetakoa izan zen diaspora oso berezia sortarazi zuela, euskal sustraiekiko nortasun sentimendu jator eta sendoa uztartu zuena sustrai berriak finkatu ziren herrialde ezberdinetan eragindako integrazio garbi eta sendoarekin. Diasporak herrialde horietan guztietan lagundu du garapena eta ongizatea lortzen eta, horri lotuta, Euskadi gure Nazioaren prestigioa indartu du.

EAJ-PNVk berariaz eta zintzotasun osoz aitortu nahi du Euskal Etxe haiek guztiek egin zuten lanaren balio eta garrantzi estrategikoa, harrera etxe eta adiskidetasun eta anaitze toki bihurtu zirelako eta gure kultur ondareari eusteko eta hurrengo belaunaldien artean ondare hau ezagutarazteko aukera eman zutelako. Erakunde hauei, ehun urtetik gorako ibilbidea egin duten arren, lan esanguratsua egitea dagokie oraindik, dagoeneko egiten ari direna, gure ondare nazional eta kulturala gaur egungo beharretara eguneratzeko eta egokiro moldatzeko.

Emigrazio historiko honi lotuta, azken urteotan bestelako euskal emigrazio bat bizi dugu, une honetan “migrazio zirkularra” deituko genukeena, profil profesional eta gaztearekin, mugikortasun eta kualifikazio handiarekin eta, hasiera batean behintzat, aldi baterako atzerrian bizitzeko asmoa erakutsi duena. Euskal indar berritu hau antolatuta eta egituratuta dago eta lehenagotik finkatuta dagoen emigrazio tradizionalari lotuta, balio erantsia ematen dio gure Aberriari, eta potentzial handiak eskaintzen ditu gure nazioartekotze prozesurako, esparru ekonomikoan zein kultur arloan.

XXI. mende honetan eta globalizazio prozesu baten erdian gaudela, aurrean daukagun erronkarik handienetakoa da herrien uniformizazioa eta gutxiengoen eta aniztasun kulturalen desagerpena saihestea, herri, nortasun eta aniztasun horiek guztiak direlako mundu hau aberasten dutenak. Gaurko garaiko teknologia aukeratzat hartu behar dugu eta tresna estrategiko gisa erabili behar dugu euskal nortasun globala edozein mugaren gainetik indartzeko eta belaunaldiz belaunaldi iraunarazteko. Euskal Nazioak milurteko sustraiak ditu eta bere etorkizunera begira Diaspora den zortzigarren Herrialdea hartu beharko du; horri lotuta, teknologia eta digitalizazioaren bidez ahalbidetu beharko du mundu zabalean bizi den euskal jatorriko edozein pertsona izan dadila elkarren artean partekatuko dugun etorkizun horren sortzaile.

Interesatu Zaitez