Aburtok “Etorkizuneko Bilbo” abiarazi du, gazteei zuzendutako proiektu eta ekintzekin

Juan Mari Aburtok gazteekin, gazteentzat eta gazteen alde lan egingo duela adierazi du, hiria garatzen eta hazten jarraitzeko eta “gazteagoa egiteko” oinarriak finkatuz

Aburtok “Etorkizuneko Bilbo” abiarazi du, gazteei zuzendutako proiektu eta ekintzekin 20Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 20 |
Bilbo

PARTEKATU

Etorkizuneko Bilboren proiekzioa eta Gazteak dira Juan Mari Aburto EAJ-PNVren Bilboko Alkatetzarako berrautatzeko hautagaiaren ildo estrategikoak. 2019-2023 epealdirako, planak eta ekimenak tarteko dituen asmo handiko programa du, Bilbo proiekzioa eta aukerak dituen hiri bizia, aktiboa, modernoa eta gaztea izan dadin.

Aburtoren helburu nagusia, gaur iragarri duenez, “Bilboren Etorkizuna eraikitzen jarraitzea da, eta gazteekin, gazteentzat eta gazteen alde egin nahi dugu. Oinarri sendoak finkatzen jarraitu behar dugu, guru hiriak hazten eta garatzen jarrai dezan”.

Horretarako, hautagai jeltzaleak ekintza zehatzak dituzten hiru proiektu nagusi aurreratu ditu: sektore estrategikoen eta espezializazio adimendunaren garapena; Zorrotzaurre, Talentuaren eta Ezagutzaren Uharte berria, eta Bilbo Unibertsitate-Hiri bezala bultzatzea. Hiru ardatz estrategiko handi horietan oinarrituta, “etorkizunari eta gazteei begira jarri gara”, gazteek Bilbon bizitzeko, ikasteko, ondo pasatzeko eta lan egiteko aukera izan dezaten. “Gazteen ilusioak, proiektu profesionalak eta bizitza-proiektuak zaindu nahi ditugu, eta gazteekin batera amestu nahi dugu Bilboren etorkizuna, Zorrotzaurreko Talentuaren eta Ezagutzaren Uhartean eskueran dugun etorkizun handi hori, Bilbo Unibertsitate Hiri bezala sendotuz, sektore ekonomiko berrietan sortuko diren aukerak baliatuz eta, batez ere, balioetan sakonduz”.

Ekintza zehatzak dituzten hiru proiektu nagusi

Juan Mari Aburtok hiru Ardatz horiei dagozkien ekintzak eta helburuak ere aipatu ditu. Sektore estrategikoen eta espezializazio adimendunaren garapenerako, baldintzak sortzen jarraitzearen alde agertu da, ekonomia globalera irekitako sektore lehiakorretan jarduera berriak sustatzeko. Helburu nagusia langabezia-tasa murrizten eta kalitateko enplegua sortzen jarraitzea da.

Ildo horretan, hautagai jeltzaleak biomedikuntzari eta bioingeniaritzari lotutako industrien estrategiaren hedapena, Nazioarteko Ekintzailetza Zentroa, AHTaren iritsierak sortuko dituen esparru berrietako aukerak eta Artxanda nabarmendu ditu, besteak beste.

Zorrotzaurreko Uharteari dagokion bigarren ardatz nagusiari buruz, Aburtok esan du aukera-esparru handi horretan “jarduera ekonomiko aurreratua eta bizi-kalitate handiko bizitoki-esparruak uztartuko dituen Berrikuntzaren Barrutia sortu nahi dugula, ingurumen-iraunkortasuna modu berezian zainduko duen ingurune baten barruan”.

Ondorengo lau urteotarako lehentasunezko ildoen artean, honako hauek iragarri ditu:

-       Etorkizuneko “Hiriko Parke Teknologiko Enpresariala” konfiguratzea.

-       Zerbitzu aurreratuei, ekonomia digitalari, 4.0 Industriari eta kultur eta sormen industriei lotutako sektore ekonomiko eta prestakuntza-hezkuntzarako ekipamendu berriak.

-       “Nagusi Intelligence Center” delakoa garatzea, Bilbo-Bizkaian “zilarrezko ekonomia” deritzon sektorea bultzatzeko esparrutzat.

-       Hiri osoko zein Bilboko eremu metropolitarrarekiko konektibitatea eta mugikortsasun iraunkorra.

Azkenik, Bilbo Unibertsitate Hiritzat bultzatzeko asmoaz hitz egin du. “Hori da gure hirugarren proiektu nagusia, aurreko biekin lotuta dagoena helburu bikoitza lortzeko: gure gazteei ahalik eta prestakuntzarik onena eskaintzea eta nazioarteko talenturik onena erakartzea, Bilbo gazteagoa izan dadin”.

Aurreikusitako ekintzen artean, honako hauek aurreratu ditu:

-       Bilbon bikaintasunezko prestakuntza-eskaintza berria finkatzeko eta hirian dagoen unibertsitate-prestakuntzari lotutako ikerketa-jarduerak garatzeko esparru fisikoak antolatzea.

-       Hirian finkatutako unibertsitateekiko koordinazio eta lankidetzarako Foro iraunkorra eratzea.

-       Bilbo unibertsitate-hiritzat posizionatzea, Estatuko zein nazioarteko ikasleak erakartzeko gaitasuna izan dezan.

-       UPV/EHUren Medikuntza Fakultate berria garatzen laguntzea.

-       Enpresaren eta unibertsitatearen arteko interakzioa errazteko ekosistema sortzea…

Interesatu Zaitez