Iridoy "Irunen, kreditu aldaketa hobe eta osatuago bat proposatzen dugu"

Irungo EAJ-PNVk, pasaden urteko urriko Udalbatzan onartu ziren eta hilabeteotan bete ez diren ekimenak, berriro ere kontuan hartu eta Gobernuaren proposamenean atxikitzeko beharra dagoela plazaratu du

Iridoy 29Uztailak
2019
2019 UztailaK 29 |
Berria

PARTEKATU

Gaur, hilak 29, Irungo EAJ-PNVko bozeramaileak eta zinegotziak, Xabier Iridoyk eta Jose Corchonek, gobernuak aurkeztutako eta bihar ospatuko den ez ohiko udalbatzan bozkatuko den 3 milioi euro inguruko kreditu aldaketari egin dizkioten hobekuntza zuzenketak aurkeztu dituzte.

Irunek jada ia 8 hilabete daramatza aurrekontu luzapenean, 77.520.000 euro blokeatuta ditugu, irundarren bizitza hobetu dezaketen proiektuak bertan behera geratu dira, PSEk ez zuelako izan, eta egun ere ez duelako, oposizioarekin akordioetara iristeko gaitasunik. Ondorioz, egoera honen aurrean, Irunek aurrera egin dezan, gobernu sozialistak bere burua kreditu aldaketa bat aurkezteko beharrean ikusten du, lehena bihar 2.752.000 eurokoa eta bigarrena, irailean, 8.000.000 eurotakoa gutxi gorabehera.

Irungo EAJ-PNVk, erantzukizunez jokatu ahal izateko, gobernuak egindako proposamena eta hirian bizi den egoera aztertu ditu, "egungo gobernuaren proposamenak Aurrekontu Parte-Hartzaileetarako, Migrazio eraikinerako, eta beste hainbat proiektuetarako diru kopuruak kontuan dituela aztertu dugu, baita egun bizi dugun aurrekontu luzapeneko egoera ere aztertu dugu, eta ezinbesteko iruditzen zaigu haratago joatea, eta horretarako, aldaketa hobe eta osatuago bat proposatzen dugu" jakitera eman du bozeramaile jeltzaleak. "Are gehiago, proposatzen ditugun proiektuak ez dira berriak, baizik eta, hilabeteotan bete ez diren eta 2018ko urriko udalbatzan onetsi zirenak dira. Udalbatzako gehiago absolutua jaso zuten funtsezko proiektuak" esan du.

Hala ba, gaur goizean, Irungo EAJ-PNVk bost zuzenketa aurkeztu ditu, besteak beste; gazteei zuzendutako Berdintasun Tailerrak garatzea, Hego Ingurabideko bigarren fasearen proiektua idaztea, Ventaseko topo geltokiko espaloia geltokiraino luzatzea, Embajador Pedro Aristegi plazako argiztatzea hobetzea, Jacobo Arbelaitzeko azken zatian farolak jartzea, eta dezibelioak neurtzeko pantailadun neurgailu digitalak erostea, hauek eremu publikoetan ezarri daitezen. Gobernu sozialistak 2018an gauzatu ez dituen ekimenak dira hauek, eta egun, 2019an finantziaziorik ez dutenak, aurrekontu luzapenak ez ditu eta behar hauek kontuan hartzen, horregatik gure proposamena.

Halaber, talde jeltzaleak, 2018ko kreditu aldaketak jaso zituen beste hainbat proiektu azpimarratu nahi izan ditu, finantzaketa badutenak baina egun oraindik jorratu ez direnak, esaterako; Meaka zubiko eskudela egitea, Pello Bishenteko espaloiak hobetzea, eta Behobiatik Punttaseraino doan Zaisako atzeko aldeko bidegorria konpontzea. Hau al da Irunek behar duen kudeaketa? Nola izan daiteke zortzi hilabeteetan ezertxo ere ez aurrera atera ez izana?

Horregatik, Iridoyk eta Corchonek esan dute "gaur aurkezten ditugun zuzenketak berriro ere onartzea espero dugu. Irundarrek ez lukete ulertuko joan den urtean baietz esan izana eta oraingoan ezetz. Proiektu hauek argi eta garbi, gure hiria eta bertako pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko helburua besterik ez dute eta".

Azkenik, EAJ-PNVk gobernu sozialistak jorratutako kudeaketarekin bat ez datorrela jakitera eman du, "ez dugu ulertzen, nola udalbatzaren gehiengoak onartutako proiektuak izanik, oraindik ez den aurrera pausorik eman, ezta hauen egoeraren berri eman ere. Are gehiago, ulertezina da, kreditu aldaketa honetan proiektu hauek garatzeko beharra, ez kontuan begietsi izana" adierazi du Iridoyk. "Beste behin agerian geratu da PSEk egoki kudeatzeko duen ezintasuna eta bereak ez diren iniziatibak garatzearen aldeko axolagabekeria. Horregatik, beti bezala erantzukizunez jokatuz, kontuan izan ez diren eta onetsita dauden, baina gauzatu ez diren proiektuak jorratu daitezen, zuzenketa hauek erregistratzeko beharrean aurkitu gara. Gobernu arduratsu batek ez luke inoiz ahaztu behar Osoko Bilkurak onartutakoak,ez lituzke inoiz ahaztu behar. Udalbatza beti izango baita, hiritarren ordezkaritza politiko handieneko organoa eta demokraziaren hitza" bukatu du esaten Iridoyk.

Interesatu Zaitez