Bildarratzek ohartarazi duenez, hauteskundeak errepikatzea PSOErentzako “arrisku operazioa” izango litzateke

Podemosekin lortuko luketen balizko akordioak beste alderdi batzuen babesa ere beharko lukeela nabarmendu du senatari jeltzaleak, eta horretarako EAJ-PNVk Euskal Agenda eta Estatuaren nazioaniztasuna aldarrikatuko lituzkeela gogoratu du

Bildarratzek ohartarazi duenez, hauteskundeak errepikatzea PSOErentzako “arrisku operazioa” izango litzateke 15Uztailak
2019
2019 UztailaK 15 |
Senatua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Jokin Bildarratzek ohartarazi duenez, hauteskunde orokorrak errepikatzea PSOErentzat ere “arrisku operazioa” izango litzateke. EAJ-PNVko senatariaren iritziz beste deialdi bat Podemosentzako kaltegarria izango litzatekeen arren, gogoratu du apirilaren 28an eskumako boto gehiago egon zirela ezkerrekoak baino. “Ea ez den ematen eskumakoen artean adostasunen batera heltzen direla eta ezkerrean zatiketa handitzen dela, adibidez Errejonen sektorearekin”, ohartarazi du, aurrekoan PPk Ciudadanosi Senaturako elkarrekin aurkezteko egin zion konbitea gogoratuz. “Kontuz, gauza hauek nola hasten diren jakiten delako baina ez nola amaituko diren”.

Onda Vascari emandako elkarrizketan, Goi Ganberako bozeramaile jeltzaleak Gobernua osatzeko dagoen egoera zaila azpimarratu du eta, horregatik, bai Iglesiasek eta bai Sanchezek besteak ere irabazi behar duela ulertzeko duten beharra helarazi du. Bildarratzek jakinarazi duenez, zenbait ordezkari sozialistek “onartu egin dute ez dutela Gobernua osatzeko gogo sutsua dutelako irudia eman”, adibidez Sanchez hainbat forotan parte hartuz baina gai honi asti berezirik eskaini gabe.

EAJ-PNVk egoera honetan jokatu behar duen paperaz galdetuta, Bildarratzek PSOE eta Podemosen batuketa ez dela nahikoa izango nabarmendu du berriz ere, eta horregatik “posible izan behar da, modu batera edo bestera, hirugarren bloke bateko alderdiekin akordioak lortzea, ERC, Junts Per Cat edo EAJ-PNVk osatzen duten blokeko alderdiekin”, adierazi du. “Guri interesatzen zaiguna gure Agenda errespeta dadila da. Aurreko legealdiaren amaieran transferentziak gauzatzeko egutegi bat adostu genuen; berau garatzen jarraitu nahi dugu eta, aurrekontuak edota Euskadirekiko politikak planteatzen direnean, eduki beharreko sentsibilitatea izan dadila”.

Bildarratzek lurralde ereduaren inguruko eztabaidaren garrantzia ere azpimarratu du du. “Udazkenean ‘proces’ delakoaren sententzia helduko da eta ikusiko dugu nola gestionatzen den. Beharrezkoa izango dira elkarlan asko, trebetasuna, enpatia handia, positibotasuna eta Katalunia, Euskadi eta Estatuko errealitateak zeintzuk diren onartzea benetako arazoa izan daitekeen honi irtenbidea emateko”. Zentzu honetan, senatari jeltzaleak gaitzetsi egin du, bere garaian Felipe Gonzalezek egin zuenaren antzera, “Pedro Sanchez ere ezkerretik heldu dela, Estatuaren nazioaniztasuna onartuz, baina orain erdi aldera egin nahi duela hitz horiek guztiak ahaztuz: Euskadiko eta Kataluniako alderdi nazionalisten elkarlana nahi badu, modu batera edo bestera, errelitatea onartu beharko du. Ezin da izan Mariano Rajoy kargutik kentzeko errealitate batzuk onartzea eta orain ez egitea”.

 

Interesatu Zaitez