EAJ-PNVk Ikurrina aldarrikatu du “komunitatea egiten duen sinbolo gisa”

Euskal bandera lehen aldiz igo zen egunaren 125. urteurrena bihar bertan beteko delarik, Itxaso Atutxak baieztatu du talde jeltzaleak lanean jarraituko duela “Ikurrina beste nazio errealitateen pare egon dadin; errespetuan oinarrituta eta inolako inposaketarik gabe”

EAJ-PNVk Ikurrina aldarrikatu du “komunitatea egiten duen sinbolo gisa” 13Uztailak
2019
2019 UztailaK 13 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, ikurrinaren balioa aldarrikatu du “komunitatea egiten duen sinbolo kolektiboa” den heinean. Ikurrina ‘Euzkeldun Batzokija’ izeneko elkartearen egoitzan lehen aldiz igo zela 125 urte bete direla ospatzeko egin den ekitaldian, Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu du euskal abertzaletasunak bere sinboloa lehen bezain harro altxatzen jarraitzen duela eta lanean kementsu ari dela Euskadi Nazio askea izan dadin Europan. “Ikurrinak Europako zeruaren tarte bat izan dezan, beste nazio errealitateen parean, berdintasun osoz” eta beti “errespetuarekin eta inposaketarik gabe”, “herri bat ez delako eraikitzen masta batean bandera bat edo beste jarrita: herri bat eraikitzen da herriaren borondateari dagokion lekura emanaz”. “Erakunde batzuekin ordezkatuta sentituko den kolektibitate soziala bilbatuaz; kontzientzian eta borondatean aurrera egingo duen proiektuarekin; demokrazian eta erabakimenean aurrera eginez; aldekoak irabaziz; komunitatea eraikiz;kolore hauekin identifikatuko diren gero eta euskal herritar gehiago erakarriz”, esan du.

Atutxak gogora ekarri duenez “hementxe bertan izan zen, Bilboko Posta kalean, 1894ko uztailaren 14an, Ciriaco Iturrik, ‘Euzkeldun Batzokija’ izeneko elkarte hartako kiderik beteranoenak, Sabino eta Luis Arana Goiri anaiek diseinatu zuten bandera lehen aldiz altxatu zuenean. “Euzkeldun Batzokija’ izan zen lehen hazia eta hortik sortu zen gero EAJ-PNV. Era berean, hasierako ikurrina hartatik sortu zen gure nazio nortasuna, gure sentimendua. 125 urte geroago, hemen daude nortasun eta sentimendu horiek eta hemen jarraitzen du EAJk; hemen jarraitzen dugu EAJko emakume eta gizonok. Euskal aberria eraikitzen jarraitzen dugu, eguneroko lanarekin. Hemen dago ikurrina. Milaka dira dagoeneko: Iturrik haizean dantzan jarri zuen artilezkoa eta Euskadiko herri ezberdinetako txatalez osatutako hau”, esan du material ezberdinez eginiko bandera seinalatuz. “Euskal herritar guztiok txatal bat jarri dugu eta denek batera istorio kolektibo bat kontatzen dute”, azaldu du.

Omenaldia Dendarikaleko Bilbo Zaharra batzokian hasi da eta batzokiko balkoian ikurrina igo dute Begoña Ibarra, Helduak taldean Uri Erakunde horretako ordezkari dena. Bertan bildu diren ehun bat lagunekin abestu dute ‘Euzko Abendaren Ereserkia’. Ondoren, bi ikurrinekin eta txistulari talde baten laguntzarekin, Posta kalera joan dira non 1894ko uztailaren 14an ikurrina lehen aldiz igo zen ‘Euzkeldun Batzokija’ inaugurazio ekitaldian.
Itxaso Atutxarekin batera bertan izan dira Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Ibone Bengoetxea, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru-diputatua; Jon Andoni Atutxa, BBBko burukidea; Amaia, Arregi, Xabier Ochandiano eta Oihane Agirregoitia, Bilboko Udaleko EAJ-PNVren zinegotziak; Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkideak, Eusko Legebiltzarreko parlamentariak, EAJ-PNVren Uri Buru Batzarretako lehendakari eta alderdikideak, eta hainbat alderdizale.

125 urteko ibilbidea

Sabino eta Luis Arana Goirik Ikurrina sortu zuten 1894ko uztailaren 14 hura baino egun batzuk lehenago. Egun hartan, 18:00etan, lehen aldiz igo zuten ‘Euzkeldun Batzokijan’ Posta kaleko egoitzaren inaugurazio ekitaldian. Lehen ikurrina hau artilezkoa zen eta ‘Euzkeldun Batzokija’ elkarteko kiderik beteranoenak igo zuen, Ciriaco Iturrik. Hurrengo urtean, irailaren 12an, Espainiako agintariek inkautatu zuten jeltzaleen egoitza ixtean.

1936ko urriaren 19an lehen Euzko Jaurlaritzak ikurrinaren ofizialtasuna erabaki zuen eta Euzkadiko bandera izendatu zuen. Guda Zibilean, II. Errepublikaren kontra altxatu zirenek euskal lurraldearen kontrola bereganatu ahala, bidean aurkitu zituzten ikurrina guztiak desagerrarazi zituzten. Faxistek garaipena lortu zutenean Ikurrina debekatua izan zen eta euskal bandera bat eramaten, ezkutatzen edo marrazten harrapatu zituzten guztiek jipoiak, espetxe zigorrak edo isunak jaso zituzten.

Francoren heriotzaren ondoren, Ikurrinak beste urte bi itxaron behar izan zituen legalizatua izateko, hainbatek soinean zeramaten arren eta hainbat ekitalditan erakusten zen arren. 1977ko urtarrilaren 19an ofizialki eta legez altxatu zen lehen aldiz II. Errepublikaren amaieratik. Konstituzioko plazan egin zen, Donostiako udaletxe zaharrean. Gaur egun Ikurrina komunitate oso baten sinboloa da, elkarbizitzaren eta errespetuaren ikurra.

Interesatu Zaitez