Itxaso Atutxak baieztatu du Euskal Agenda eta ez birzentralizatzeko asmoa jaso beharko liratekeela PSOE eta Podemos alderdien arteko akordioan, EAJren babesa nahi izatekotan

BBBko presidente andreak Estatuan gobernatzeko aukerarik duten alderdiak deitu ditu negoziatzera eta hitz egitera, hauteskundeak azaroaren 10ean errepikatu behar izatea “zentzugabekeria handia” izango litzatekeelako

Itxaso Atutxak baieztatu du Euskal Agenda eta ez birzentralizatzeko asmoa jaso beharko liratekeela PSOE eta Podemos alderdien arteko akordioan, EAJren babesa nahi izatekotan 09Uztailak
2019
2019 UztailaK 09 |
BBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.

Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, gaur goizean aurreratu duenez EAJ-PNVk Pedro Sánchezen inbestidura babestea erabaki lezake baldin eta “Euskadiren erronkak, Euskal Agenda eta ez birzentralizatzeko asmoa”, PSOE eta Podemosen arteko gobernu akordioan jasotzen badira. Zentzu berean kezkatuta agertu da gobernura iristeko aukerak dituzten alderdi biek hitz egiteko jarrera eskasa agertu dutelako eta negoziatzen esertzera gonbidatu ditu, hauteskundeak berriro egin behar izatea “zentzugabekeria handia” izango litzatekeelako.

Onda Vasca irratiaren ‘Euskadi Hoy’ saioari eskainitako elkarrizketan, Bizkaiko burukideak baieztatu du EAJ-PNVk une honetan erabaki dezakeela Estatuko gobernuei “atxikimendua edo babesa ematea edo gobernua eratzea ez eragoztea, baldin eta gobernu akordioan Euskadiren erronkak jasotzen badira, hau da, Euskal Agenda eta birzentralizatzeko asmorik ez izatea, azken aldian, PSOEk gobernatu duen azken hilabeteotan, asmo hori Podemosengan antzeman izan dugulako”.

Atutxak gogora ekarri duenez “birritan baino ez du EAJ-PNVk inbestidura bat babestu”. “Kontu handiz hartu beharreko erabakia da eta, kasu honetan, ematen du EAJren baiezko botoa beharko luketela. Bada, hitz egin beharko dugu hurrengo lau urteotan egonkortasuna zerk eskaintzen duen ikusteko eta, batez ere, beren gobernu egitasmoaren baitan Euskal Agenda nola jasotzen den”, azaldu du.

Bizkaiko jeltzaleen buruak era berean kritikatu du Hauteskunde orokorrak egin zirenetik bi hilabete luze igaro diren arren “Espainiako esparruan ez dut negoziaketa handirik ikusi, eta oso harrigarri egiten zait hori”. Ildo beretik ohartarazi du hilaren 22tik aurrera, Pedro Sánchezen inbestidura egiten denetik aurrera “benetako atzerako kontaketa” hasiko dela “inbestidurarik gertatu ezean, etorkizuna zalantzagarria baino, oso beltza izango delako, horrek eramango gintuzkeelako hauteskundeak berriro egin behar izatera”. Atutxaren esanetan azaroaren 10ean hauteskundeak errepikatzea “zentzugabekeria” da eta gaineratu du bere aldetik nahiko lukeela "gobernatzeko aukerak dituzten alderdiak, negoziatzen has daitezela”. “Euskadin ikusi dugu; EAJ-PNVk eta PSE-EEk ezin konta ahala ordu eman ditugu negoziatzen akordioetara iritsi ahal izateko. Ez dakit akordioak borondate hutsarekin datozela uste ote duten. Ordu asko eman behar zaizkie, bilera asko gobernu egitasmoaz hitz egiteko,…”, azaldu du.

Halaber, burukide jeltzaleak azaldu du hauteskundeak berriro errepikatu behar izateak ez diola inori komeni, eta antzeko esperientziek “emaitza onak ekarri ez dituztela” gogoratu du. Ildo beretik adierazi du azaroko balizko hauteskundeetan PSOEk bere egoera hobe “lezakeela”, baina orduan ere “babesak beharko lituzke eta negoziatu beharreko prozesu batean egongo ginateke”, oraingo negoziaketan ekinean ikusten ez dituela nabarmenduz.

Atutxak azpimarratu du PSOEk lehenengo eta behin “kide garrantzitsua” behar duela gainerakoekin negoziatu ahal izateko gehiengoa emango diona. Horregatik esan du Pedro Sánchezek gaur hasiko duen elkarrizketa errondaren ondoren "behar bada Podemosekin gauzak apur bat leunduz, gainerako alderdiek jakin genezake zer adosten ari diren”. Zentzu berean azaldu duenez “PSOE eta Podemos izango dira esan beharko dutenak zer akordio mota izan nahi ote duten. Koalizioa ote den, legealdirako babesa emateko,… Hor ez gara sartuko. Guri ardura diguna da zer izenpetuko duten eta gobernu programa hori zertan oinarrituko ote den”, berretsi du.

Interesatu Zaitez