Lau urteko ibilbide politikoa hasten ari gara, Batzar Nagusiak eratuta eta Markel Olano diputatu nagusiak gidatuko duen foru gobernu berria izendatuta. Erakunde hau gidatzeko agindua hartu nuenean, orain hamabost egun eskas, etorkizunari begiratu nion eta esan nuen etorkizuna deskubritu ez baizik eraiki egiten dela, eta era askotako etorkizunak daudela. Guri politika eginez dagokigu geroa eraikitzea, baina ez nolanahiko politika eginez. Itxaropena dakarren politika behar dugu, ardatza giza duintasuna izango duena, pertsonaren eta herriaren eskubideak garatuz.
Herria eta pertsonak gobernatzeko gaude politikagintzan, ez soilik gauzak kudeatzeko, nahiz eta politikaren alderdi bat izan kudeaketa. Herria gobernatzea, gipuzkoarren gobernua, ezin du ordezkatu gauzak pragmatismo soilez administratzeak. Izan ere, pertsonen gobernuaren ordez gauzen gobernua ezartzen badugu, halako atonia eta geldialdi batean erori gaitezke: dagoena dago eta kito, dagoena gobernatu, ez espero besterik. Baina hori ez da politika, hortik ez baitago ez jauzi politikorik ez gizartearen eraldaketarik. Eta ez da Gipuzkoako politikaren zigilua, ezta gure gizartearena ere. Ez gaur egun ez historian zehar. Gipuzkoan, Euskadin oro har berdin, politika bi eskuekin eragiten diogu: errealitateari heltzen dio esku batek eta besteak idealari, gertatzen diren premia eta erronkei erantzuteko eta errealitatearen aldapa gogorra igotzeko, errealismo gorrian ito gabe eta idealismo hutsean galdu gabe. Azken batean, politikaren bidez historian aurrera egiteko gaude, epe luzeko prozesuak eratuz, pazientzia eta begirune demokratikoz, erritmo humanoz –dena berehalakoan lortu beharrik gabe–, beti giza duintasuna eta funtsezko eskubideak sendotzen ahaleginduz.
Gipuzkoan, Euskadin bezala, ekonomia hazten ari da azken sei urte hauetan, eta krisiaren ondorioz jasandako langabezia gainditzen ari gara. Garrantzitsua da ekonomia ondo ibiltzea, nola ez ba. Baina ez da aski. Ekonomia mugitzen den merkatuaren logika zorrotza jarraitu ezkero, irabaziak balio du eta eraginkortasuna da legea. Beraz, ekonomia indartzeak eta hazteak ez ditu berez eta bere kabuz ziurtatzen giza garapena eta gizarte justizia; alegia, Barne Produktu Gordina igotzeak ez du bermatzen bidezko gizartea eta gizon-emakumeek aukera berak edukitzea garapen indibiduala eta integrala izateko. Hori ez da hazkunde ekonomikoaren ondorio zuzena. Hori aukera eta erabaki politikoa da: ekonomia gizartea eraikitzeko jartzea da herri erabaki handietako bat da. Ikusi besterik ez dago Gipuzkoan daukagun eredua: gaur egun 390 miloi euro gizarte politika egiteko dira, Diputazioaren aurrekontuen ia erdia da hori. Ez da aliritzira erabakitakoa, hola edo hala onartutako dirutza, ez. Aukera politikoa da, ondo pentsatua, aspaldi hasitako bidea.
Gure herria geu, euskaldunak, gobernatzen hasi ginenean, sekulako krisiak astindu gintuen 80 eta 90. hamarkadetan, eta pobreziaren aurkako lehen plana onartu zuen Jaurlaritzak, jendea babesteko, norbanakoak eta familiak, gizarte bazterkerian ez erortzeko, baina ez gizarte-laguntzak betikotuz baizik eta zailtasunean babesteko diru-laguntzekin batera, trebakuntza eta lana eragiteko bideak jarriz. Diruz ez ziren oraingo urteak bezalakoak orduko haiek, baina aurrekontu motzagoak izan arren, ondo finkatu zuten politikaren bidea eta helmuga: uztarri berari lotzea ekonomia eta justizia soziala, herria giza elkarte bat izateko eta pertsonak barneratzeko, ez bakanduta eta galduta uzteko. Izan zitekeen bestelako eredua, baina ez. Duintasun kontua da eta kultura kontua, giza eta herri duintasunaz jabetzea eta hor irautea. Merezi du politika egitea, pozik egon gaitezke. Euskadik, gure herri txiki honek, Europan eta nonahi eskaintzeko eredu politikoa da gainera. Horrela ari gara gure geroa eraikitzen, gure herriaren etorkizuna.
Hain zuzen, egokitu zaigun mundualdiari begiratzean, esandakoaren ezpal berekoa da orain azpimarratu nahi dudan balioa: berdintasunarena. Gure herrian aspaldi ageri dira berdintasunaren aztarnak, eta euskal nortasuna eraiki duen zutabeetako bat dela esan dezakegu. Gure iraganaz ezjakintasun handia dugu –handiegia–, baina eskura daude sarean eta liburuetan euskaldunon arrastoak, historian utzitako printzak. Adibidez, Martin Ugaldek idatzi zuen Espainian egin zen lehen grebaz. Orain 500 urte inguru, Escoriala eraikitzen ari zirela, Felipe II.aren garaian, euskaldun jendea altxa zen, asko Gipuzkoako eta Bizkaiko ofizialak, batez ere harginak eta arkitektoak. Kontua da, hargin batzuk atxilotu zituztela zerbaitegatik eta alkateak jipoitzeko agindu zuela. Jakin zutenean euskaldunek, aurrena matxinatu egin ziren eta ondoren greba hasi zuten, eta Escorialeko lanak gelditu egin ziren. Giroa bero-bero zegoen. Azkenean, amore eman behar izan zuten gaztelauek, izan ere euskaldunak kapareak ziren, ez jopuak, eta foruek nahieran zigortuak izatetik babesten zituzten denak berdin-berdin, Gaztelako erregeek zin egiten zituzten foruek, hain zuzen. Ezin esango dugu orain bost mendeko berdintasuna gaur egungo giza eskubideen parekoa zenik, baina norabide bat zuen euskal foru legediak: giza duintasunaren kontzientzia, euskaldunen gain eskubideak finkatzen eta ziurtatzen zituena. Harritzeko modukoa da gure arbasoak nola jabetzen ziren giza duintasunaz, inguruan gizakiak hartzen zuen tratuaren aldean oso bestelako ikuskera. XXI. mendean ez genuke ahaztu behar ez garela gaur goizekoak eta etxetik, gure arbasoetatik ere jaso dugula gizakia baloratzea, legez babestu zutelarik balio hori euskal lurrean, beraiek hala nahi eta erabakita.
Euskal forua, ez zen Gaztelako Erregek Gipuzkoari eta beste euskal lurraldeei emandako grazia. Forua herritik sortua zen, herriak bere buruari emandako legea, eta beraz, herriaren beraren eskubidea, bere borondatez berritzen eta egokitzen zuena. Iraganeko hura ez da museo batean gordetzeko baizik euskal iturri zaharretik ur berria ateratzeko gaur egun egitea dagokigun ibilbide politikoan. Agirre lehendakariak dio zertan datzan Forua: “Forua –ez dezagun inoiz ahaztu–, gure burujabetasunaren Kodea, zerbait estatikoa baldin bada, sekula berritu ezin dena, zentzugabea litzateke hura aldatzea. Aldiz, dinamikoa baldin bada eta, hain zuzen ere, gure borondate askearen ondorioz eraberritu daitekeena –horixe baita Forua, ez besterik–, inork ezingo du euskal herriaz gaizki esaka jardun, gure herriak bere konstituzio politikoa oraingo garaietara egokitu nahi duela eta, bere eskubidea erabiliz eta eskubide hori osorik gordez, gure arbasoek aurreikusi ezin izan zituzten aldaketak beharrezkoak direla iritzita kulturaren eta bizitzaren premiei erantzuteko.”
Bada hortik dator euskal autogobernu politikoa, bai 1936ko Estatutukoa bai Gernikakoa, eta politiko hitza azpimarratu nahi dut. Behar den adina esan beharko dugu: izaera politikoa du euskal auziak, nazio identitatea duen herriaz ari garelako. Beraz, estatus politikoa berritzeko bidean, argi egiten digute Jaurlaritzako lehen lehendakariaren hitzek: gure askatasun eskubidea osorik daukagu; 1876an Foruak deuseztatuz, Espainiako Gorteek ukatu egin ziguten gure eskubidea baina guk, herri bezala, ez diogu inoiz uko egin gure eskubideari. Beraz, iraganean arbasoen herri senak, berdintasun kontzientziak, eta askatasun nahiak giza duintasunaren iturritik edaten bazuten, gaur egun ez gutxiago. Izan ere, eskubide historikoak gauzatuz eta euskal herritarren gehiengoaren borondate askea eta baketsua errespetatuz egingo da demokrazia, bestela, demokrazia motza eta zauritua izango da. Aurreko aldian esan nuena berretsiko dut: demokrazia sendatzeko, demokrazia sendotu behar da. Erabakitzeko eskubidea medio gure estatus politikoa bideratzen eta nazioak berdintasun-harremanean diren Estatua bultzatzen ahaleginduko gara Gipuzkoan.
Hondarribian gauden honetan, bertako errealitateari begiratzeko aukera daukagu. Batetik, herriko jai nagusietan ospatzen den Alardearen harira bi hitz esan nahi ditut; poz eman dit elkarrizketa eragiteko eman diren urratsen inguruko berriak. Konbentzituta nago Hondarribiako Alardearen konponbidea herriaren esku dagoela, zeuen esku. Ez da erraza izango baina ez etsi. Beharrezkoa da elkarri entzutea, pazientzia izatea, giroa baretzen lagunduko duten keinuak egitea. Erakundeak laguntzeko gaude.
Bestetik, itsasora zabaltzen den Gipuzkoako herri honetan, ez nuke itsasgizon euskaldun unibertsala aipatu gabe utzi nahi: Juan Sebastian Elkano. Mundu-biraren 5. mendeurrena hastera goazen honetan, esanguratsuak dira Tellechea Idigoras historialariaren hitzak: zein soila eta hitz gutxikoa den gipuzkoarra bere poza eta nekeak adierazten, eta are gehiago: Gaztelako erregeari egindako gutunean, goseak hil zitzaizkien hogeita bi gizonen zoritxarra kontatzen du, Afrikan preso geratu ziren hamahiruak askatzeko bere esku dagoena egiteko erregutzen dio eta ordainsaria eskatzen bizirik heldu diren guztientzat. Elkano ez du ospeak mozkortzen eta harrotzen, eta ‘ni-ni-eta-ni’ egin ordez, bere gizonak ditu gogoan, mundu-bira elkar hartuz lortu zutelako, ez bakarka, are gutxiago berak bakarrik. Gaur egun politika egiteko iparrorratz ona topatzen dugu Getariako kapitainaren gutunean. Kontuan izan dezagula elkartean eta elkartasunean egiten garela gizaki. Herria behar dugu gizon eta emakume izateko, nor garen jabetzeko eta munduan kokatzeko.
Itsasoari begira, imajinatu ere ezin dugun herioa datorkit burura: migratzaileena. Eta hauek erreskatatzea krimena bihurtu den honetan, itsasoko eta lurreko salbamenduan dabiltzan ekintzaileen lana. Egunotan emakume adoretsu batek astindu gaitu: Carola Rackete alemaniarrak. Itsasotik erreskatatutako 42 etorkin Lampedusara eramaten ausartu da, Salviniren debekuen eta legeen gainetik pertsona horien babes-eskubidea lehenetsiz. Eta atxilotu egin dute, lotsa arrastorik gabe. Aska dezatela, aski da. Europar Parlamentua eta Batzordea eratzeko unean, ezin dugu jasan Europako Estatu batzuen eromena: ba ote da naufragoak abandonatzea baino politika ankerragorik eta laguntzeagatik zigortzea baino injustizia handiagorik! Berdin Mexiko eta Estatu Batuen arteko mugan gertatzen ari den basakeriaren aurrean, pobreak merkantzia truk, etorkinak botoak irabazteko. Salvini, Trump, Lopez Obrador eta beretar guztiei, gizalegearen eta demokraziaren izenean, ez holako mundurik! Itzuli da Aita Mari, injustizia salatzen. Aurreko aldiko hitzak esan nahi dizkizuet berriro: ez gaitzazue bakean utzi. Indibidualismoaren haizeak gogor jotzen gaitu, eta eskubideak kentzeko giroa indartsua da. Zuek lagundu egiten diguzue egoismoaren hegoak mozten eta elkartasun-politika egiten, giza eskubideak barneratzen eta globalizatzen. Gipuzkoan, Euskal Herrian bezala, behar dugu bultzada hori neurri politikoak hartzeko etorkinek bizimodua atera dezaten gure artean, etorkizuna elkarrekin eraikiz.
Azkenik, ikuspegia zabalduta bistaratzen zaigu gizaldi honetako beste erronka handietako bat: klima aldaketa, eta lurra zaintzea. Ezagutu ditugu ingurumen arazoak iraganean. Ahalegina egin dugu hamarkada hauetan ingurumena garbitzen eta zaintzen. Baina argi gorriak piztuta daude lurbira guztian. Berriro txiki askoren mugimendua sumatzen da, boteretsuen eta handien itxikeria eta itsukeriaren aurrean. Gipuzkoan, Euskadiko erakundeekin bat eginez, gure esku dagoena egitera deituak gaude guk ere lurra babesteko, biharko belaunaldiek, gure seme-alabek eta hauen ondorengoek, izan dezaten bizitzeko etxe on bat. Kontzientzia berria nabari da hedatzen. Izan gaitezen kontzientzia horren parte gipuzkoarrok eta euskaldunok, beste herriekin batera. Politikaren garaia da klimaren eta lurraren ordu larri honetan. Txikiak gara baina ez gaude soberan SOS handi honi erantzuteko.
Honaino etorrita, nire baitan galdetzen dut zein ote den herri txiki honen sekretua milaka urtetan bizirik irauteko. Koldo Mitxelenak euskara azpimarratzen du: Euskadi herri kontzientziaz existitzen da, batez ere, euskaraz egitean herri honetakoak garela jabetzen garelako. Eta hizkuntzaz gain, ez ote du zerikusirik gure arbasoen duintasun kontzientzia hark ere? Giza duintasuna baliotsua jotzeak ez al du gure herria sortzen eta eusten lagundu, gizaldiz gizaldi iraunaraziz? XXI. mendean ikusten ari gara pertsonak eta herriak desegiten dituen dominazio, bazterketa, uniformizazio eta indibidualismo suntsigarriak. Ez dakigu Euskadik eta euskaldunok zer egingo dugun indar horien zurrunbiloan baina etorkizuna izateko, Gipuzkoan badakigu bidea: giza eta herri duintasuna indartzea eta defenditzea, iraganean gure aurrekoek bezala, gure eskubide historikoak gauzatuz eta gizon-emakume burujabeak sustatuz.
Olerkiz amaitu nahi dut Batzar Nagusietako Bilkura honetako hitzaldia. Poetak mundu urratuaren oihartzuna eta esperantza-ahotsa izaten dira sarri. Hona Bitoriano Gandiagaren pare bat olerki:
Amerika, Asia,
jo gizateria,
hain dago eria!
zorigaitzaren jasa
ez du huskeria:
gosea eta gerra,
mila miseria,
geografia osoz
oinaze-feria
gutizia medio
eta jaunkeria.
----------
Goiza eta bertsoa,
txorien kantua,
landareen mezua,
horra indarkerien
kontrako oihua:
iraunkor ari dute
saio neketsua
salatu ta zapuztuz
despoten taxua
noiz ikusiko behingoz
gizarte justua.
Desio horrekin legealdi hasiera ona izan dezagula. Eta urtebete barru elkartu gaitezela Bergaran egingo dugun Bilkura Ibiltarian.