Unai Rementeria: “Egiteko sasoia da; lau urte ditugu Bizkaia handiago egiteko”

Bizkaiko ahaldun nagusia izendatzeko osoko bilkuran, EAJ-PNVko hautagaiak adierazi du “herrialdeko hirugarren iraultza handia aktibatzeko” sasoia iritsi dela “iraultza industrialaz eta Guggeheimaren iraultzaz geroztik”

Unai Rementeria: “Egiteko sasoia da; lau urte ditugu Bizkaia handiago egiteko” 27Ekainak
2019
2019 EkainaK 27 |
Bizkaia BBNN

PARTEKATU

Ahaldun nagusirako hautagaitza aurkezteko hitzaldian, EAJ-PNVren hautagai Unai Rementeria Maizek nabarmendu nahi izan du hurrengo lau urteak izango direla egiteko eta Bizkaian hirugarren iraultza aktibatzeko sasoia, gure herrialdea gero eta bizitoki hobea izan dadin hurrengo belaunaldientzat. “Egiteko sasoia da. Amets egiteko baino, egiteko aldia da hau. Lau urte ditugu Bizkaia handiago egiteko, iraultza industrialaz eta Guggenheimaren iraultzaz geroztik hirugarren iraultza handia aktibatzeko. Ez dago denbora galtzerik. Haize berriek eramango dute Bizkaia garai berrietara, hirugarren iraultza horretara”, laburbildu du.

Rementeriak bere agintaldiaren balantzea egin du eta aditzera eman duenez Bizkaiaren egoerak hobera egin du, esparru ekonomikoan, herrialdearen egituraketan eta babes sozialean. Berraukeratua izateko aurkeztu den hautagaiak baieztapen hori arrazoitzeko datu batzuk eman ditu, baina aitortu du hobetzeko aukera ere badagoela. “Asko egin dugu . Eta onartzen dut gauza batzuk hobeto egin genitzakeela. Autokritika egin dugu eta egiten jarraituko dugu. Zorrotzak ere izan gara, kementsuak. Bizkaiak hobera egin du baina askoz gehiago hobetu behar du”, esan du, bere gobernuak “betaurreko bifokalak” dituela adierazi ondoren, hau da “epe laburrera datorrena ikusteko eta baita epe luzera etorriko dena ere” “premiak eta etorkizunerako aukerak ondo ikusteko”.

Aukera  horiek  guztiak  bere   lantaldeak  aprobetxatuko  ditu   hurrengo  lau urteotan, azken krisitik ateratako ikasbideetatik ikasita eta gobernu egonkorraren eskutik, Bizkaiarentzako proiekturik onena bermatuko duena. “Inork ez du alternatiba hoberik; sentitzen dudan moduan esaten dut. Eta inork ere ez du gizartearen abal handiagorik”,  esan du PSE-EE alderdiarekin adostutako akordioaz azken lau urteotan gure herrialdea lideratu duen gobernua berriro  eratzeko. Itun hori indartuta irten da azken hauteskundeetatik. Rementeriarentzat Bizkaiko hiritargoaren babes hori erantzukizun handia da Bizkaiko etorkizunarekin hitzeman duen konpromisoarekin bereganatzen duena. “Hurrengo belaunaldiekin daukagun derrigorra  onartzen  eta  geureganatzen dugu  eta  Bizkaiarentzatko daukagun proiektu batekin egiten dugu. Estrategiko eta ezinbesteko jotzen ditugun hamar ardatzen inguruan adostutako akordiotik sortu den proiektua”, ezarri du.

Ezinbesteko jo duen lehen ardatza dira jarduera ekonomikoa eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa, azken hau delako “etorkizun hoberako berme bakarra, bizitza kalitate hoberako eta gizartearen abantzamendurako bermea. Kalitatezko enplegua dena da: gizarte politikarik onena, politika ekonomikorik onena, jaiotze politikarik onena, etxebizitza politikarik onena, berdintasun politikarik onena. Enplegu egonkorra eta kalitatezkoa da gizartearen lehentasuna, baita gobernu honena ere”. Aurrerapen inklusiboa, emakumeak; fiskalitatea elkartasunerako tresna gisa, jarduera ekonomikorako eta enplegurako pizgarria, lehiakortasuna eta produktibotasuna indartzea eta, batez ere, gure ongizate estatuaren iraunkortasun eta jasangarritasunaren berme gisa dira  bere  gobernu  jardunaren  beste  hiru  ardatz  nagusiak.  Gobernu  jardun horren helburua ere izango dira berrikuntza eta efizientzia; mugikortasun iraunkor, eraginkor eta efizientea (Bizkaiko Mugikortasunaren Plan Estrategikoarekin. 

Hobetzeko  eta  gai  honetan  onenengandik ikasteko  diseinatua),  ingurumena zaintzea eta klima aldaketaren kontrako lana, kultura eta Bizkaiarekin hitzeman diren konpromisoak.

Azken hauen artean aipatu ditu “herrialdearen etorkizunerako ezinbesteko jotzen dituen hamar jarduera, Bizkaia eta pertsonen bizitza kalitatea hobetzen dutenak”:

 

  • Enplegu   plan   berezia,   hurrengo  lau   urteetarako  10   milioi   euroko aurrekontua izango duena.
  • Energy Intelligence Center (EIC) delakoaren eraikuntza Ezkerraldeko eta Meatzaldeko parke teknologikoan, eraldaketa energetikoa era aktiboan bideratzeko aukera emango duena. “Proiektua enkante prozesuan dago une honetan eta 9 enpresa daude bertan ezartzeko erabakia hartu dutenak”, adierazi du Rementeriak.
  • Zorrotzaurren Nagusi Intelligence Center (NIC) eraikitzea.
  • 2021eko aurrekontuetan Metroa Galdakaora eta Usansoloko erietxera eramateko lanak hasteko partida jasotzea. 
  • Bizkaia    dorrean    nazioarteko    ekintzailetza    zentroa    abian    jartzea “mugikortasun,energia, digitalizazio eta gastronomia sektoretan Bizkaiaren etorkizuna izango diren enpresak sor daitezen”.
  • Trena eta autobusa uztartzeko mugikortasun proiektu pilotuak Bermeon, Durangon eta Meatzaldean.
  • Udal zerbitzu partekatuak indartzeko proiektu pilotuak abian jartzea eta mugikortasun eraginkor eta efizientea Bizkaiko hainbat eskualdetan, Arratian eta Mungialdean,besteak beste.
  •  Metropoliaren  Hegoaldeko  Saihesbidea  AP-68  autobidearekin  lotzeko lanen   garapena   eta   itsasadar   azpiko   tunelaren   lanak   “saihesbide perfektua egiteko Bizkaiaren mugikortasun berria ekarriko duena”.
  • Herrialdearen  zerbitzura  egongo  den  boluntario  sarea  bultzatzea  eta koordinatzea “dagoenarekin apurtu gabe, errespetuz eta era osagarrian llan eginez”.
  • Eta toki merkataritzaren zerbitzura egongo den plataforma digitala eta sektorea hobetzeko jarduerak garatzea.

Proiektu estrategiko hauei lotuta, Rementeriak beste batzuk aipatu ditu hurrengo lau urteotan garatuko direnak, besteak beste gazteak eta nagusiak elkarrekin biziko diren egoitza berria, Zalla eta Arratzuko suhiltzaileen parke berriak eta bidegorri berriak. “Proiektu horiek denak egingarriak dira eta onak bizkaitar guztientzat, eta gobernu egitasmo horretan jasoko dira. Egiteko proiektuak dira, hurrengo belaunaldiei Bizkaia hobea utz diezaiegun”, esan du, forutasunaren defentsa aldarrikatu baino lehen “oraindik ere alderdi batzuetatik erasoekin jarraitzen dutelako. Gezurrez eta gaiztakeriaz betetako erasoak, faltsukeriaren eta bidegabekeriaren bidez iraintzea bilatzen dutenak eta erantzuna jasotzen jarraituko dutenak, garena garelako forutasunari esker. Gure bermerik onena da garapen ekonomiko eta sozialerako. Ahaldun Nagusi honek forutasuna aldeztuko du  horrela eginez  gizarte hau  aldezten duela  ulertzen duelako, bere abantzamendua eta bizitza kalitatea, garena eta erabaki duguna izateko eskubide historikoa dugulako”.

Interesatu Zaitez