EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen ustez, “procés”-aren epaiketan subiranista katalanen liderrei “burua mozten” saiatu dira “eskarmentu” gisa. “Duintasun pertsonal, politiko eta demokratikoaren kontzeptuari benetako edukia eman diote posizio baketsu, demokratiko eta politikotik. Hala egin dutenei nire errespetua, begirunea, aitortza eta elkartasuna erakusten diet”, esan du
Joseba Egibar EAJ-PNVren bozeramaile parlamentariak bere “errespetu eta begirunea, aitortza eta elkartasuna” erakutsi die duintasun pertsonal, politiko eta demokratikoari benetako edukia eman diotenei beren posizio erabat baketsu, demokratiko eta politikoen bidez.
Egibarrek parte hartu du ‘procés’-aren epaiketara bertaratutako ordezkaritza parlamentarioan, eta adierazpen horiek egin ditu osteguneko Legebiltzarreko bilkuran. Bertan, Auzitegi Gorenak epaitutako ordezkari politikoak askatzea eskatu da eta, era berean, espainair Estatuan dauden herri eta nazioen eskubideak errespetatzea ere eskatu da.
Bere hitzartzean, Egibar ziur agertu da politikari katalanak “historia egiten ari direla” Katalunian. “Ziurtasun horretatik abiatuta, borroka demokratiko eta baketsua ez da alperrikakoa izango. Kataluniak, lehenago edo beranduago, bidea aurkituko du libre eta demokratikoki erabakitakoa errespetatua izateko”, nabarmendu du.
Ordezkari jeltzaleak, gainera, adierazi duenez, ‘procés’-aren epaikatek iraun bitartean, kataluniar subiranismoaren liderrei “burua mozten” saiatu dira “eskarmentu gisa”. Horren adibide jarri ditu Soraya Sáez de Santamaría espainiar Gobernuko presidenteordearen adierazpenak, ‘ozen’ eta ‘harropuzkeriz’ egindakoak: “independentismoa likidatu egingo dugu eta subiranismoa burugabetu”.
Hori dela eta, Egibarrek elkarrizketaren eta akordioaren alde egin du, hori baita bide posible bakarra Kataluniaren eta Estatuaren arteko gatazka politikoa konpontzeko. Eta aintzat hartu ditu epaiketako azken alegazioan hainbat prozesatuk egindako adierazpenak, adibidez, Oriol Junquerasena, uste baitu gaiak esparru politikora itzuli behar duela, “handik ez baitzen irten behar”; Jordi Turullen zita, izan ere, aipatu zuenez “elkarrizketa da beti bidea. Ez zegoen ez masarik ez turbarik, ezta jendea ere, pertsonak zeuden, herritarrak. Ez zegoen gorroto-begiradarik, baizik eta milaka begi diztiratsu”; edo, besteak beste, Raúl Romevaren aipua: “errepresioz ez dituzue konbentzituko bide baketsuen alde dihardutenak”.