EAJ-PNVk pozez hartu du Legebiltzarrak aho batez onartu izana torturaren biktimak aitortu eta erreparatzea

Estreinakoz babestu dute legebiltzar-talde guzti-guztiek ekimen bat errealitate “arbuiagarri” hori ikustarazteko eta pairatu dutenak babesteko. “Elkarrekin pausoak ematen jarraitu behar dugu bizikidetza finkatzeko”, adierazi du Iñigo Iturratek

EAJ-PNVk pozez hartu du Legebiltzarrak aho batez onartu izana torturaren biktimak aitortu eta erreparatzea 20Ekainak
2019
2019 EkainaK 20 |
Eusko Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Euskal erakundeek bat egingo dute Nazio Batuen ekimenarekin, urtero ekainaren 26an gogoratzeko tortura “delitu larrienetakoa dela eta gaitzespen handiena merezi duenetakoa dela, hain zuzen ere herritarren oinarrizko eskubideak babesteko eta defendatzeko ardura dutenek egindakoa delako”, Iñigo Iturrateren esanetan. Legebiltzarrak, talde guztien aldeko botoaz, Eusko jaurlaritzari eskatu dio egun hori erakundetu dezala. Helburua da gizartearen aurrean biktima horiek aitortzea, eta horrek dakarren giza eskubideen urraketa larriaz kontzientziatzea. Iturratek nabarmendu duenez, Eusko Legebiltzarraren historian lehen aldiz onartu du Ganberak torturaren aurkako ekimen bat aho batez. “Jauzi kualitatiboa da isilpetutako biktima batzuk aitortzeko bidean, biktima horiek askotan ukatuak izan baitira”.

“Ganbera honetan torturari eta tratu txarrei buruzko lehen eztabaida 1995ean izan zen. Ordutik hona, Eusko Legebiltzarrak 13 aldiz gaitzetsi ditu praktika horiek, eta horrekin batera, nazioarteko zuzenbidea defendatu eta pertsona guztientzat giza eskubideak aldarrikatu. Gehiengo anitzez hartutako erabakiak izan dira, baina sekula ez gaurkoan bezala, aho batez”. Iturrateren ustez, guztien adostasun hori da gaur onartutako proposamenaren balio nagusia. Akordioaren eguna da gaur, gaineratu du, gonbitea egiteko eguna “bide horretan pausoak ematen jarraitzeko. Bide hori, halabeharrez, elkarrekin egin beharko dugu. Urte gehiegiz jasan dugu indarkeria, eta hori baztertuko duen gizarte bat eraikitzeko akordioak urrats onak dira. Urratsak jarduera terrorista behin betiko atzean uzteko. Urratsak bizikidetza eraikitzeko, oinarrituta gertatutakoaren memorian, biktimen duintasunean, indarkeriaren injustizian eta bizitzaren eta giza duintasunaren balio gorenean”.

Baina, gaurko akordioari balioa ematez gain, ordezkari jeltzaleak ohartarazi du tortura eta tratu txarrak ekiditeko hitzetatik haratago joan beharra dagoela, benetako neurri zehatzak ere beharrezkoak direla. “Bete beharreko neurriak daude: atxiloketen ikusentzunezko grabazioak; hautaketa libreko abokatuen laguntza letratua; konfiantzazko medikuak egindako azterketak; edo familiari atxiloketaren berri eta pertsonaren atxilotze-lekuaren berri ematea. Neurri horiek lagungarriak dira tratu txarrak eta torturak ematea prebenitzeko. Neurri prebentiboak dira, Europako Batzordeak eta hainbat nazioarteko erakundek gomendatutakoak, eta gauzatu egin behar ditugu”. Bidea daukagu aurretik Herria eraikitzen jarraitzeko giza eskubideekin eta pertsonen duintasunarekin konprometituta, amaitu du.

Interesatu Zaitez