BBBko presidente andreak ez du ulertzen koalizioa zerk eraman duen Autogobernuaren lantaldean bere testu propioa aurkeztera, eta adituek estatus berriaren artikuludun testuaren aurkezpena atzeratzeko egin duten eskaria babestu du “horretarako arrazoiak izan badituztelako”
OHARRA: Elkarrizketaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
Itxaso Atutxak, BBBko presidenteak, gaur goizean baieztatu du ez duela ulertzen EH Bildu zerk eraman duen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean bere testu propioa aurkeztera adituen lana “bide onetik” doala gogoan izanik. “Beste agiri bat aurkeztu nahi badute, egin dezatela. Baina, kontuan izan beharra dago alderdi guztiok “maximoen proposamen bat” dugula autogobernuaren inguruan; baina hemen akordio bat lortzekotan gaude, batzuk bai behintzat”, baieztatu du. Ildo beretik, Bizkaiko jeltzaleen buruak nabarmendu du Autogobernu Lantaldeari bidaliko zaion estatus berriaren artikuludun testuaren proposamena egiten ari den adituen batzordeak “aho batez” atzerapena eskatu badu (koalizioak berak aukeratutako ordezkariak barne), “garrantzizko arrazoiak dituelako” izango da. Zentzu berean azpimarratu du gogoan izan behar dela “bidalitako testu horrek EAJ-PNV eta EH Bilduren oniritzia baino ez duela jaso, eta Euskal Ganberak eskatu egin diela Parlamentuak lortu ezin izan duena ahalbidetzea,hau da, gutxieneko adostasuna jasoko duen testua bidaltzea”. Beraz “edonork uler dezake ezin dela gauza erraza izan eta, adituek esaten dutenaren arabera lana bide onetik badoa eta akordio puntu garrantzitsuak lortzen ari badira, utz diezaiegun lan egiten beste bost hilabetez”, proposatu du .
Atutxak era berean hitz egin du Eusko Jaurlaritzak 2020 urterako aurkeztuko dituen aurrekontuez. Elkarrizketa erronda Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia Sailburuak abiaraziko du datorren astean. Ildo beretik aztertu ditu Alfonso Alonso lider `popularrak´ kontuen inguruko akordioetara iristeko zailtasunez egin dituen azken adierazpenak. Bizkaiko burukideak aditzera eman duenez “kezkatuta baino gehiago, harrituta” dago. “Oraindik ez dituzte aurrekontuak ikusi ere egin eta ez dakite sailburuak hurrengo egunotan zer planteatuko dien”, baina “erabakia hartuta daukate, sabelarekin hausnartu duten erabakia; beste behin ere”. Edozein kasutan, esan du, uda amaitutakoan alderdiak aurrekontuen proiektuaz “hitz egiten hasten direnerako, gerta liteke Euskadiko PPk bere profila markatzeko beste behar batzuk izatea", Euskadiko ‘popularrek´ irailean egingo duten batzarra gogoan, baina aitortu du ez dakiela “noraino helduko diren” eta “kargu aldaketarik” emango ote den. “Nik behin baino gehiagotan esan dut une honetan PP ezberdinak antzematen ditudala. Gipuzkoan Borja Sémperrekin ikusten dudanak ez dauka zerikusirik Bizkaian Raquel Gonzálezen eskutik edo Amaya Fernándezen eskutik ikusten dudanarekin”, baieztatu du. Edozein kasutan, Bizkaiko jeltzaleen buruak berretsi duenez “oraindik denbora badugu” Eusko jaurlaritzak 2020rako Aurrekontu Proiektua Legebiltzarrean aurkeztu arte eta “benetan lan egiten hasi arte”. Aldi berean gogoratu duenez “EH Bildu eta Elkarrekin Podemos ere hor daude” eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontuei buruzko azken hiru legeak Lander Martínezen taldearen babesarekin onartu zituela nabarmendu du.
Bizkaiko ordezkariak larunbateko udal-eraketen ondoren lortutako emaitzen inguruko balantzea ere egin du eta ontzat eman ditu lortutako emaitzak eta alkatetzak. “Egia da udal-agindua geneukan herri batzuetan galdu egin dugula”, adibidez Durango, Galdakao eta Zaratamon; hauetan, “nahiz eta lehenengo indarra izan, ezin izan diogu Alkatetzari eutsi Podemos eta EH Bilduk egindako akordioak gu baino gehiengo handiagoa lortu dutelako. Baina, beste alde batetik, poz handiak hartu ditugu, bai hauteskundeetan bai udal-eraketa bilkuretan joan den larunbatean: Bermeo, Markina-Xemein, Lanestosa, Zalla… eta beste batzuk lortzen dituzunean ere jendearen pozarekin bat egiten duzu”. BBBko presidenteak gogorarazi duenez, Bizkaiko 73 udalek Eusko Alderdi Jeltzalearen Alkatetza izango dute, “aurreko legealdian 65 genituela kontutan izanda”. Beraz, “zenbaki absolutuak begiratuta, ondo”. Dena den, ez ditu ahaztu nahi izan galdutako herri batzuen errealitatea: “Adibidez, Balmaseda eta Arrigorriagan azterketa sakona egin behar dugu, zer gertatu den ikusi eta lanean jarraitu herri horietarako ditugun proiektuak bertan jarraitzen dutelako”. Orain, “etorkizunari begira gaude eta lan egiteko gogo handia daukagu”, bukatu du.