Gaur goizean udalak eratzeko egin diren osoko bilkurek agerian utzi dute talde jeltzaleak Bizkaiko herrialdean daukan lidergoa. 52 udaletan gehiengo absolutuarekin gobernatuko du eta 1.236 eserlekuetan 569 zinegotzi izango ditu
EAJ-PNVko 73 alkatek kudeatuko dituzte Bizkaiko beste horrenbeste udal-osotara 112 dira-, gaur egun udalak eratzeko egin diren osoko bilkuren ondoren. Emaitza hauek agerian uzten dute talde jeltzalearen lidergoa eta alderdi ezberdinen artean negoziatzeko gaitasuna gehiengoak osatzera begira. Nabarmendu beharra dago 52 udaletan gehiengo absolutuarekin gobernatuko duela (2015-2019 legealdian 65 izan ziren) eta osotara banatu behar diren 1.236 eserlekuetatik 569tan izango dira zinegotzi jeltzaleak.
Maiatzaren 26ko hauteskunde gauean EAJ-PNVren 71 udal hautagaitza garaile irten ziren Bizkaian. Dena dela, gaurko inbestidura bilkuretan gehiengo ezberdinen eraketak mapa aldatuta utzi du. Horrela, ezberdinen artean adosteko gaitasunak ahalbidetu du Abadiño, Alonsotegi, Dima eta Zaldibarko udaletan gobernu jeltzaleak iristea. Alderantziz, Durango, Galdakao eta Zaratamon, zerrenda bozkatuena jeltzaleena izan den arren, beste itun batzuek kendu dute EAJ-PNV udal gobernutik.
EAJ-PNVk herrialdeko hiru herri handienetan irabazi du, Bilbon, Barakaldon eta Getxon, hain zuzen. Juan Mari Aburtok Bizkaiko hiriburuko alkate izendatu dute gaur bertan hasi den agintaldirako. Aburtok karguaz jabetzean baloratu duenez “harrotasuna eta erantzukizun handia da niretzat hiri honetako alkatea izatea; alkate hurbila izango naiz, konpromisoduna eta ilusioz betea” eta hitzeman duenez “dena emango dut eta ez dizuet huts egingo Bilboren interesen alde”. Aburtok bere gobernu jardunaren oinarriak azaldu ditu eta politika zerbitzu publikotzat aldarrikatu du “lankidetzan eta akordioan oinarrituta, ez oposizioan edo desadostasunean”. Era berean gainerako alderdi politikoak gonbidatu ditu “bakoitzaren interesa gainditzera denon interesari balioa emanez; lankidetza eta kolaborazioa da proiektu partekatuak eraikitzen ikastea”, baieztatu du.
Agintaldian errepikatuko du Barakaldoko alkate andre Amaia del Campok ere eta aurreratu du “guztion alkatea” izango dela eta une oro lehenetsiko dituela “gure herrikideen beharrak, denon artean merezi duten bizitza kalitatea eman diezaiegun”. Era berean aldarrikatu du alderdi guztien arteko lankidetza “Barakaldok aurrera egin dezan”.
Getxo da protagonistaz aldatu den udalerria. Imanol Landak, gaur arte herriko alkatea izan denak, Amaia Agirreri eman dio Getxoko alkate makila. Alkate andre berriak hunkituta esan duenez “gaur bertan ibilbide berri bat hasiko dugu Getxon, XXI. mendean, bere nortasun propioarekin aurrera eginez, hazteko, bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko udalerririk onena izan dadin”. Zentzu berean gaineratu duenez “irakunkortasunerako bidean dagoen udalerriaren alde lan egingo dugu, arlo ekonomikoan, sozialean eta ingurumenean” .
Esandakoez gain, EAJ-PNVk ondorengo udalak gobernatuko ditu: Abadiño, Abanto-Zierbena, Alonsotegi, Amorebieta-Etxano, Arratzu, Arrieta, Artea, Artzentales, Atxondo, Barrika, Basauri, Bedia, Berango, Bermeo, Berriz, Busturia, Derio, Dima, Erandio, Ereño, Etxebarria, Forua, Fruiz, Galdames, Gamiz-Fika, Garai, Gatika, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo (Euzko Abertzalea – EAJ koalizioa), Gordexola, Gorliz, Gueñes, Ispaster, Iurreta, Kortezubi, Lanestosa, Laukiz, Leioa, Lekeitio, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mallabia, Markina-Xemein, Maruri-Jatabe, Mendata, Mendexa, Morga, Mundaka, Mungia, Murueta, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Sopuerta, Sukarrieta, Turtzioz, Ugao-Miraballes, Urduliz, Trapagaran, Zaldibar, Zalla, Zamudio, Zeanuri, Zeberio eta Zierbena.