'Vive en verde. Bizi berdea' leloak sendotu egiten du Gasteizek bost arlo hauetan duen proiekzioa: kirol-turismoa, izadi-turismoa, enogastronomikoa, kulturala eta familiarra.
Udako aurtengo kanpainan Gasteizek irudi eta eslogan turistiko berriak estreinatuko ditu; Gorka Urtaran alkatearen hitzetan, hauxe lortu nahi da hartara: “Gasteiz zenbait merkatutan kokatzea, hiriaren berezitasun turistikoa sendotzea “green” ikuspegitik, eta komunikazioaren lehen lerroan jartzea Gasteizek eskaintzen eta bizi duen hiri iraungarriaren kontzeptua. Hiriak berezko dituen ahalmenak biderkatu egiten dituzte merkatuak oso positibotzat jotzen dituen iraungarritasunaren balioek. Gasteizek aurrerapen nabarmena egin du Green Capital eta Biosphere turismo-helmuga jasangarri gisa kokatzean, eta horren isla da sendotzen jarraitu nahi dugun marka turistikoa”.
“Vive en verde. Bizi Berdea” lelopean, kanpaina berria 6 helburu zehatzekin diseinatu da: Gasteiz erreferentziazko turismo- eta kongresu-leku jasangarri gisa kokatzea; estatuan erreferentziazko marka turistiko jasangarria sendotzea; Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Turespañaren eskutik Gasteizek Euskadin, eta esparru nazional eta nazioartekoan duen posizionamendua sendotzea; produktu eta zerbitzu turistikoen kontsumoa –eta, ondorioz, baita eskaera ere– urte guztira zabaltzea; turista-fluxu handiagoak erakartzea Gasteizera, promozio-tresna eraginkor eta eskaera-profil desberdinetara ondo egokitutako produktuen bitartez; eta, azkenik, adierazle turistikoak hobetzea, bisitarien batez besteko egonaldiari eta gastuari, eta turismo-enpresen errentagarritasunari dagokienez.
Madrilgo eta Frantziako turistak helburu
Gasteizko 2018-2020 aldirako Turismoko Gida-planean Gasteizko turismoaren sektoreko agenteek hiriarentzako lehentasunezko turismo-merkatuen artean, Madril nabarmendu du estatuan, eta Frantzia nazioartean. Lehentasunezko beste merkatu batzuk –askotan Gasteizekiko airetiko lotura tarteko– Katalunia, Valentzia, Bartzelona, Andaluzia, Erresuma Batua, Alemania eta Italia dira.
Mezu nagusi bat, eta bost berariazko
Gasteizen irudia zenbait euskarriren bitartez zabalduko da. Horrenbestez, iragarki nagusi bat diseinatu da paperean zabaltzeko, eta handik eratorrita beste bost, zabaldu nahi diren bost mezuetako bakoitzarentzat bat. Horrez gain, gif formatuko animazioak egongo dira mezuetako bakoitzarentzat, eta baita ikus-entzunezko saio txikiak, bitarteko digitaletarako.