Alkateak Gasteizko autobus-geltokiari emandako energia-eraginkortasunaren europar saria jaso du

SUDOE Stop CO2 europar proiektuaren barruan kalifikazio onena lortu duten garraio-azpiegiturei ematen zaizkie sariak.

Alkateak Gasteizko autobus-geltokiari emandako energia-eraginkortasunaren europar saria jaso du 12Ekainak
2019
2019 EkainaK 12 |
GASTEIZ

PARTEKATU

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Europar Batasunak Gasteizko autobus-geltokiari emandako energia-eraginkortasunaren saria jaso du, Santanderren. Estatuko beste hiru autobus-geltoki, Frantziako tren-geltoki bat eta Portugaleko tren eta autobus geltoki bana ere saritu dituzte. SUDOE Stop CO2 europar proiektuaren barruan kalifikazio onena lortu duten garraio-azpiegiturei ematen zaizkie sariak, Europako hego-mendebaldean emisio kutsatzaileak murrizteko politikak sustatzearren.  

"Gasteiz superhiri europarra da, iraunkortasunaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren erreferentea. Gaur izaera hori sendotu da, energia-eraginkortasunari eta berotegi efektua duten gasen murrizketari dagokienez Europako hego-mendebaldeko onenen artekotzat aitortzen gaituen sari hau jasota. Oporto, Lisboa, Bartzelona edo Montpellier hirien mailan gaude gaur, eta horixe da jarraitu beharreko bidea, Gasteiz nazioarteko eta Europako erreferentea izan dadin iraunkortasunaren alorrean”, adierazi du Gorka Urtaranek. 

2015eko martxoan ireki zenetik, 11 milioi pertsonak erabili dute Gasteizko geltokia. Garraio-geltokiei eta energiari buruzko jardunaldi baten barruan banatu dira sariak, zeinetan garraio-azpiegituren kudeaketa iraunkorrerako azken irtenbideak aurkeztu baitira. Hitzaldien ondoren egin da sariak banatzeko ekitaldia, eta horren bidez itxi da 2018-2019 aldian ingurumen eragina ebaluatzeko abiarazitako prozesua, zeinaren barruan Frantziako eta Iberiar Penintsulako 70 autobus- eta tren-geltoki aztertu baitira. 

Aztertutako geltokiek helarazitako datuak baliatuz, SUDOE Stop CO2 programakoek kalifikazio-sistema bat ezarri dute, zeinaren arabera Gasteizko terminalak lau zuhaitz jaso baititu bostetik (gehienekoa). Onarpen honek Estatuko bost hoberenen eta Europako hego-mendebaldeko onenen artean sartzen du geltokia energia-eraginkortasunari dagokionean.

Alderdi hauei esker eskuratu ditu Gasteizko autobus-geltokiaren energia-eraginkortasuna aitortzen duten lau zuhaitz horiek: eraikinean ezarri diren energia geotermikoa eta fotovoltaikoa aprobetxatzeko sistemak eta LED bidezko argiztapen sistema. Argiztapen sistema horrek, kudeaketa domotizatua izateaz gain, presentzia eta intentsitatea antzemateko gailuak ere baditu, emisio eta energia-kontsumo minimoa sortuta ahalik eta erosotasun maila altuena eskaintzeko.

Interesatu Zaitez