Beasaingo EAJ-PNVk jasotako babesa eskertu du

Orain arte bezala, beasaindar guztientzat eta gertutasunetik lan egiteko konpromisoa berretsi dute jeltzaleek eta erantzukizun eta umiltasunez hartu dute, beste behin, gobernatzeko ardura Oso pozik azaldu dira lortutako emaitzekin: “Herritarrek lau urte hauetan egindako kudeaketa babestu dute eta orain ekindako bideari jarraipena emango diogu, martxan ditugun proiektuekin lanean jarraituz eta berriak martxan jarriz”

Beasaingo EAJ-PNVk jasotako babesa eskertu du 27Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 27 |
Beasain

PARTEKATU

Atzoko hauteskunde egunaren ondotik, gaur, Beasaingo EAJ-PNVk balorazioa egin nahi izan du. “Atzoko udal hauteskundeetan herritarrek lau urte hauetan egindako lana babestu zuten, gure lan ereduaren alde egin zuten etorkizunerantz egiteko, proiektu eta estrategia zehatzekin bai Gipuzkoan eta Beasainen ere; oso pozik gaude, beraz, lortutako emaitzekin eta bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu babesa azaldu diguten beasaindar guztiei” aitortu du Aitor Aldasorok. “Talde osoaren izenean nire eskerrik beroenak bozkatu gaituzuen 3259 beasaindarrei eta hitz ematen dizuet guztien alde, bozkatu gaituzuen eta ez gaituzuenen alde ere lanean jarraituko dugula” baieztatu du Aldasorok.

Beraz, orain arte bezala beasaindar guztientzat eta gertutasunetik lan egiteko konpromisoa berretsi dute gaurkoan jeltzaleek eta erantzukizun eta umiltasunez hartu dute, beste behin gobernatzeko ardura. “Lau urte hauetan bezalaxe, dedikazioz, ilusioz eta gogotsu lan egingo dugu Beasain hobetzearen alde eta Beasain eta besaindarren interesen defentsan jardungo dugu, pertsonak erdigunean kokatuz eta elkarlana, elkarrizketa eta gobernu ona oinarri hartuta” azpimarratu du Aldasorok.

“Beasaindarrek eta herriko eragileek bidelagun izango gaituzte datozen lau urteetan ere, eta oposizioko taldeekin ere elkarlanean jarduteko borondate eta konpromisoa dugu, guztien proposamenak entzun eta aztertuko ditugu eta herriarentzat aberasgarri eta onuragarriak direnak aurrera eramango ditugu, legealdi honetan egin dugun moduan, gehiengoa izanik ere, hori delako gure lan eredua, ELKARLANA” adierazi du, “jada martxan ditugun proiektuei jarraipena emango diegu eta berriak jarriko ditugu martxan, herritarrei aukera berriak eskaintzen jarraitzeko enpleguari, ongizateari, kirola, euskarari eta kulturari lotuta, besteak beste”.

Azkenik, taldeari egin dio Aldosorok erreferentzia “erabateko konfiantza dut nire taldearengan, lan bikaina egin dute lau urte hauetan eta datozen urteetan ere ziur naiz gogor eta gogotsu egingo dugula guztiok lan Beasainerako gure proiektua garatzen jarraitzeko; beasaindarrek azaldu diguten babesa eta gugan jarritako konfiantzari erantzuteko modurik onena lan egitea baita”. “Herritarren zerbitzura gaude lanean, zerbitzu horiek hobetzea eta herritarren beharrei erantzutea da eta izango da gure lehentasuna eta horretarako esperientziadun lan taldea dut nire alboan, eskerrik asko guztiei zuen konpromisoagatik eta eskerrik asko beasaindarrei gugan jarritako konfiantzagatik” esanez amaitu du Aldasorok.

Interesatu Zaitez