Euskadiko hiriburuan Probintzia Plazan egin den ekitaldian, EBBko presidenteak Larrión hautagaiaren metamorfosi faltsuaren kontra ohartarazi ditu herritarrak “Bildu zetaz jantzita ere, betiko Ezker Abertzalea da”
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“EAJ osoa jarri da Gasteizen eta Araba osoaren zerbitzura. Hemen da Aitor Esteban, negoziaketetan Abiadura Handia lur azpitik iristea defendatu duena; hemen da Urkullu Lehendakaria, eta bere lidergopean Jaurlaritza, hiri honentzako proiektu garrantzitsuekin bat egin duena: tranbia, Bus Elektriko Adimenduna, Final Four, hiriburutasun kanona nabarmen igo izana, inbertsioak osasunean eta ikastetxe berrietan, zuntz optikoa Arabako herri guztietako industrialdeetara, ziber-segurtasuna,… EAJ osoa jarri da Gasteiz eta Arabaren zerbitzura. Eta gaur argi baino argiago adierazi nahi dut: EAJ osoak jarraituko du hiri honen eta herrialde honen zerbitzura”. Gardentasun osoz mintzatu da gaur Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta gardentasun berberarekin adierazi du EAJ-PNVk Euskadiko hiriburuarekin eta Araba Herrialdearekin hitzeman duen konpromisoa. Gaur egin du, EAJ-PNVk Gasteizko Probintzia Plazan egin duen ekitaldira hurreratu diren xxxxx pertsonen aurrean . Gainerako hizlariak izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria, Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatu eta CEUS Europa Solidarioaren aldeko Koalizioko burua, Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den Ramiro Gonzalez eta Vitoria-Gasteizko alkate eta bigarren legealdirako aurkezten den hautagai Gorka Urtaran.
“Duela lau urte aldaketa ekarri genuen Gasteiza eta Arabara. Aldi honetan, Gorkak eta Ramirok bakea eman diote Arabako politikari. Duela lau urte zalaparta eta polemika hutsa; gatazka politikoa, gatazka soziala eragiten zuena. Hiri hau apurtuta zegoen. Gaur, akordioaren eta elkarrizketaren kultura Gasteizen eta Araban instalatu dira. Akordioaren kultura Aldundiaren eta Udalaren artean, akordioak Eusko Jaurlaritzarekin eta akordioak Estatuarekin”, gogoratu du Ortuzarrek. Erakundeen arteko lankidetza garai berri honek ekarri ditu “proiektuak, ekimenak eta inbertsioak Gasteizko auzoetan, eta baita ilusioa eta harrotasuna. Uste dut sekula ez dudala entzun Vitoria-Gasteizez horrenbeste eta horren ondo hitz egiten. Hiri honek energia transmititzen du, ilusioa… gaitasuna du, erronkei aurre egiten die eta aukerak baliatzen ditu”, esan du jeltzaleen buruak. Baina Vitoria- Gasteiz eta Araba eraikitzeko modu berri hau kolokan dago , ohartarazi du. “Igandean jokoan daukagu aldaketarekin jarraitzea ala ez. Jokoan daukagu Gasteizen gobernatzen duen Udalarekin jarraitzea, edo ez; alkate serio eta zorrotz baten eskutik, kudeatzaile onarekin, akordioetara iristen dena eta proiektuak dituena. Gasteizen EAJren eta Gorka Urtaranen alternatiba ez da Partido Popularra, Espainian eta Gasteizen desegite bidean dagoena, baizik eta Arnaldo Otegiren Ezker Abertzalea, Donostian eta Gipuzkoan porrot egin zuena. Han, Gipuzkoan, erraustegiaren kontra agertzen dena eta hemen, Gasteizen, eredugarri jartzen duena Kopenhagen bezala. Lagarteranaz mozorrotzen dena bere iragana ezkutatzeko. Baina Bildu orain zetaz jantzi arren, betiko Ezker Abertzalea da”. Horregatik eta “Gasteizentzat eta Arabarentzat onena nahi duelako”, Ortuzarrek gasteiztarrei eskatu die EAJ-PNVren alde bozkatzea.
Iñigo Urkullu Lehendakariak bere aldetik nabarmendu du Vitoria-Gasteizen erakundeak,EAJ-PNVren lidergopean, hiriburu eredugarria eraikitzen ari direla, eredugarria industria aurreratuan eta trantsizio energetikoan, eredugarria garraio iraunkor eta jasangarrian. Hiriburu erakargarria, pertsonak helburu dituena. “Funtzionatzen duen eredua, pankarta eta gatazkaren Gasteizen aurrean”, baieztatu du. Urkulluk era berean nabarmendu du erakundeen arteko lankidetzarekin eraikitzen ari direla inbertsioekin eta lankidetza proiektuekin aurrera egiten duen hiriburua. “Gorka Urtaranen lidergopean abian jarri diren proiektuak egin ahal zian dira akordioak eta lankidetza eraikitzen jakin izan duelako. Euskadiko hiriburuan esku guztiekin eraikitzen da: akordioak eta lankidetza”.
Izaskun Bilbao Barandica Europako diputatuak EAJren lantaldearen abantailak deskribatu ditu, “Europara iristeko bidea, bertan azaltzeko eta konbentzitzeko. Europak super-hiri proiektua babes dezan, Koroatze auzoaren erreforma babestu duen moduan, martxoaren 3ko biktimei entzun dien modu berean”. Horrela ekarri ditu gogora Vitoria-Gasteizko alkatearekin eta Arabako ahaldun nagusiarekin lankidetzan Europan garatu dituen proiektuak. “Horretara dedikatzen gara gu: Gasteiz, Araba, telefono dei bat Europarekin. PAC laguntzetarako, Arabako Errioxako Jatorri Deituraren alde, Bruselatik Arabako berrikuntza proiektua babesteko, elkarrekin dieselaren salmentaren krisiari aurre egiteko. Abiadura Handirako, Bruselan plataforma logistikoa eta mugikortasun laborategia aurkezteko. Hori da konexioa”.
Vitoria-Gasteizko alkate eta berrautaketara aurkezten den hautagai Gorka Urtaranek Kanpaina osoan jaso duen babesa,energia eta konfiantza eskertu ditu, kalean ere oso hurbiletik sentitu dituenak: “EAJkoak fidagarriak dira, konfiantza ematen dugun pertsonak gara, lantalde bikaina. Alderdi serioa eta arduratsua gara, pertsonak ditugu helburu, Gasteizko Agenda, Arabako Agenda eta Euskadiko Agenda. Vitoria-Gasteiz hiria defendatzen dugu. EAJen eredua ehuneko ehunean”, aldarrikatu du. Urtaranek era berean gogoratu duenez “lau urte hauek latzak izan dira, baina zailtasunak gainditu ditugu eta hiria aurrera eraman dugu, Europa mailan erreferente bihurtu nahi dugun super-hiria”. Horregatik eskatu du Kanpaina amaitzeko falta diren ordu hauetan azken ahalegina egitea igandean hautestontziak EAJren aldeko botoekin bete daitezen.
Ramiro Gonzalezek bere aldetik gogoratu du igandeko hauteskundeen garrantzia “eraiki den guztia arriskutan ez jartzeko”. Zentzu berean azaldu duenez “ irabazteko benetako aukerak dituzten bi aukera baino ez daude. Eta aukeratu behar da aurrera egiten jarraitzea edo atzera egiteko urratsa ematea; elkarrekin lan egiten dugunon eta inposaketa besterik nahi ez dutenen artean; kudeaketa lanaren alde egiten dugunon eta erradikaltasunarekin tematzen direnen artean”. Horregatik, Arabako ahaldun nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagaiak EAJren formula aldarrikatu du: kudeaketa zuzena, egonkortasuna eta akordioa. Eta maiatzaren 26ra begira mobilizatzeko deia egin die “Arabak aurrera egitea eta bide onetik jarraitzea nahi duten pertsonei, Araba hobea nahi duten guztiei”. “Igandean bozkatzera joan beharra dago”, amaitu du.