Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia eta berraukeraketarako EAJ-PNV-ren kandidatua gazte ekintzaileekin bildu da Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko plana partekatzeko
Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia eta berraukeraketarako EAJ-PNV-ren kandidatua, gazte ekintzaileen talde batekin bildu da Donostiako Arima Hotelean. Topaketaren helburua izan da EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoa partekatzea, zehazki, aurkeztu berri den Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko Plana, 2019-2023 aldirako, eta zeinari 200 milioi euro bideratuko lizkiokeen. Olanok nabarmendu du “ekintzailetza sustatzea Gipuzkoako ekonomia berria bultzatzek oinarri dela” eta gaineratu du “lurraldeko ekintzailetza ekosistema aberasten jarraitu behar dugula, ekonomia aurreratu, indartsu eta etorkizuna begiratzen duena eraikitzeko”.
Olanok Gipuzkoako ekintzailetza ekosistema goretsi du eta azpimarratu du Miramon inguruan startup-ak eta enpresa handi zein txikiak daudela, oinarri teknologikoa dutenak eta balio erantsi nabarmena, eta gainera “etorkizuneko sektore estrategikoetan jarduten direnak; Cyber Surgery, Mepro, Oreka Training, Ekomodo, Nuavis Technoloy, Biotech Foods, Bihurcrystal, Wimbitek y Onena Medicines-en kasua den bezala”. Topaketan zehar, hautagai jeltzaleak proiektu horiek sakonago ezagutzeko aukera izan du, baita bere proposamen ekonomikoa azaltzeko ere, zehazki, ekintzailetza ekosistemari eta talentuaren kudeaketari lotutako zatia partekatu du eta horren inguruan hausnartu dute, “giltzarriak gure etorkizuneko ongizate eta lehiakortasunerako”.
Hautagaiak azaldu du: “Gipuzkoako ekintzailetza eta jarduera ekonomiko berriak sustatzeko azpiegitura aurreratu eta espezializatuak bultzatzeaz gain, ekintzailetza kapitala indartuko dugu, aberastasuna eta enpleguaren sortzaile dena”. Horretarako, beste neurri batzuen artean, proposatzen du: oinarri teknologikodun jarduera ekonomiko berria garatzea, espezializazio inteligenteari lotutako arlo estrategikoetako enpresak garatzea, enpresa berrien azelerazioa sustatzea, ekintzailetzara bideratutako inbertsio eta finantza tresnak landu eta hobetzea, eta ekintzailetza kultura indartzeko sentsibilizazio jarduerak bultzatzea.
Markel Olanok azpimarratu du Gipuzkoako ezaugarri eta altxor nagusietako bat dela ekintzailetza kultura eta gaitasuna. “Lurralde ekintzailea gara izatez, urte luzean hori aprobetxatzen jakin dugu, eta horregatik, bereizgarri dugun ekintzailetza espiritu horren aldeko apustu garbia egiten dugu”. Gehitu du Gipuzkoako startup-en eta enpresa berritzaileen ekosistema “dinamikoa, berritzailea, oso aberatsa eta etorkizunera begiratzen duena” dela, eta adierazi du hori dela “ekonomia aurreratua eta indartsua” eraikitzeko oinarria.
“Baina -jarraitu du hautagaiak-, ekintzailetza sustatzeaz gain, talentuaren kudeaketa egoki bat egiten jarraitu behar dugu, gure lurraldeko beste aktibo garrantzitsuenetako bat”. Olanok ekintzaile taldearekin partekatu du Gipuzkoa Talent estrategia, egungo legegintzaldian martxan jarri dena, eta helburu duena talentua sortzea, erakartzea eta lurraldeko enpresetan txertatzea. “Enpresek talentua behar duten euren plantilletan, horrela jakinarazten digute. Aldaketa demografiko sakon bat ere bizi dugu; zalantzarik gabe, lehen mailako erronka dena Gipuzkoarentzat, eta gestionatu beharra dago, izan ere, gure etorkizuneko lehiakortasuna eta hiritar guztien ongizatea baldintzatzen ditu”, laburbildu du hautagaiak.
Enpresa indartsua, kalitatezko enplegua eta ekonomia berria
EAJ-PNV-ren proposamen ekonomikoak, Enplegua eta Ekonomia Berria sustatzeko Plan berriak, helburu du Gipuzkoako lehiakortasun ekonomikoa indartzea, “gure lurraldeko enpresak lehiakorrak izaten jarraitu dezaten eman behar diren aldaketak gauzatzen, eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak eman daitezen lagundu nahi dugu: fiskalitatean, azpiegituren sustapenean, politiken berrikuntzan, talentuaren kudeaketan, eta ekonomia berriaren eta sektore estrategikoen sustapenean”, adierazi su Markel Olanok.
Planak hiru oinarri ditu: enpresaren indartzea, enpleguaren kalitatearen hobekuntza eta ekonomia berriaren bultzada. Lehenengo zutabeari dagokionean, pertsonak eta euren ezagutza sustatzea bilatzen du, baita garapen teknologikoa, lehiakortasunerako azpiegituren ekosistema, nazioartekotzea, enpresa txiki eta ertainak bultzatzea, eta zailtasun egoeretan dauden enpresak laguntzea ere.
Bigarren ardatzak enpleguaren kalitatean sakontzen du: “Gure ekonomia garapenaren erronketako bat horri lotuta doa. Garapen pertsonal zein profesionalerako pertsona ororen baldintza duinak bermatu behar ditugu”. Horretarako, pertsonen gaitasunak sendotzeko eta kalitatezko enplegua hobetzeko, enpresak laguntzea proposatzen du hautagaiak, “enpresa sendo eta bideragarriak edukitzea delako modurik onena bizi-proiektu duinak garatzeko aukera ematen duten enpleguak lortzeko”.
EAJ-PNVren proposamen ekonomikoaren azken ardatza aktibitate ekonomiko berria bultzatzeari lotuta dago. “Egun bizi dugun testuinguru aldakor honetan, funtsezkoa da politika berritzaile eta ausartak martxan jartzea. Horregatik ekintzailetza, barne-ekintzailetza, ekonomia zirkularra eta industria sortzaileak sustatzea proposatzen dugu; Gipuzkoaren ezaugarri eta altxor garrantzitsuenetariko bat direlako, eta baita gure lurraldea hazteko aukeretako bat ere”, gehitu du Markel Olanok.