Eneko Goia: "Donostiak Dbusen guztiz elektrifikatutako linea bat izango du 2023an"

Donostiako garraioaren iraultzak oinezkoentzat gune gehiago lortzea ekarriko du, baita bidegorri berriak ere

Eneko Goia: 18Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 18 |
DONOSTIA
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Donostiako alkate eta alkategai Eneko Goiak aditzera eman du, 2023an Donostiak Dbuseko linea bat guztiz elektrifikatua izango duela. Goiak horren berri eman du gaur goizean Amaran, Isabel II kalean, mugikortasun alorreko proposamenen aurkezpenean.

Hautagai jeltzaleak adierazi du, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin akordioa lortu du Dbuseko linea bat guztiz elektrikoa izateko, Autobus Elektriko Adimentsuaren sistemaren bidez. Horiek horrela, esan du, Eusko Jaurlaritzak 26 milioi euro bideratu dituela sistema ezartzeko, hain zuzen ere, zerbitzu hobea eta azkarra eskainiko duen sistema. Horri esker, elektrifikatutako lineak erabateko eta kalitateko zerbitzua emango die erabiltzaileei. 

Hortaz, Goiak honakoa gaineratu du: "Behin akordioa lortuta, linea aukeratu behar da, jarraian proiektua garatzeari ekiteko. Eta prozesuak legealdi osoa iraungo du, izan ere, linea horretako hainbat puntutan lan egin beharko da ondo funtzionatu dezan".  

Ildo beretik, segidakoa nabarmendu du: "Donostia erreferente bat izaten ari da alde horretatik. Horrek sektorean puntakoak diren enpresak eraman ditu -CAF eta Irizar, esaterako-   hiria autobus elektriko modelo berrien probaleku gisa erabiltzera. Eta proba horiek ezinbestekoak izango dira Dbuseko linea bat guztiz elektrifikatzeko". 

Era berean, Eneko Goiak Dbusek unitate elektriko edo hibrido berriak erosten jarraitzeko duen konpromisoa nabarmendu du, 2035 urterako autobus flotaren %100 zero emisiokoa izan dadin. 

Dbus hiritarrek gehien eskatzen eta estimatzen duten zerbitzua da. Iaz 29,1 milioi bidai egin ziren, historian bigarren zifrarik altuena. Horren harian, Eneko Goiak adierazi du, Tranbiaren Konpainiaren arduradunekin elkarlanean jarraituko dutela Dbusek ematen dituen zerbitzuak hobetzen jarraitzeko. 

Horrenbestez, aztertzen ari diren neurrien artean honakoak daude: 33 linearen ibilbidea handitzea Larratxo, Intxaurrondo eta Igarako industrialdea lotzeko; Bertsolari Txirrita eta Larratxo modu azkarrean lotzeko linea berria jartzea aztertzea; 26 linea hobetzea beste autobus bat jarriz Txomineneari zerbitzu emateko; 38 linea zabaltzea Bidebietako osasun-zentroarekin lotzeko; edo mikrobusak operatzen dituzten lineatan Gautxori zerbitzuak jartzea.

30 Hiria”, oinezkoentzat eta bizikletentzat hiri-garraiobide gisa. 

“30 Hiri” baterantz aurrera egiten jarraitzea, oinezkoen guneak gehitzea eta bidegorrien sarea hedatzea” dira EAJk hauteskunde-programan jaso dituen beste proposamen batzuk, Hiri Iraunkorraren atalean.

"Hiri osoan abiadura muga 30 km/h-ra zabaltzea" proposatu du Eneko Goiak, sarrera eta irteera bide nagusiak izan ezik. “Hiriko bideetan abiadura murrizteko neurri bat da, pertsonen segurtasunean eta ingurumen eta akustika-kutsaduraren murrizketan eragiten duena.” 

Halaber, Goiak esan du "Topoaren pasantearekin espazio berriak berreskuratu ahal izango direla oinezkoen gozamenerako, bai hirigunean bai auzoetan". Horrela, Kontxan errei bat kentzearen alde egin du, espaloia eta bidegorria handitzeko; Horrekin, gainera, San Martin kalean, Foruen pasealekuan eta Mirakruzen zehar jarraipena izan lezake, eta oinezkoentzako ardatz berriak ahalbidetuko lituzke, horietako bakoitzaren bizitza dinamizatzen lagunduko dutenak.

Gainera, Eneko Goiak hiriko bidegorrien sarea zati berriekin hedatzea proposatu du, hiriko goiko auzoetara iristeko bide berriak eskainiz – Intxaurrondo Hegoa, Altza, Larratxo, Aiete–. "Bidegorri tarte berri horiei erantsiko genizkieke auzo guztietan bizikletak alokatzeko zerbitzu publiko berriak, bizikleta kopurua bikoiztu egingo genuke, eta donostiarrek garraio mota horren alde apustu egiteko askoz oinarri hobea izango lukete.”

Tren-garraioa

Goiak azpimarratu duenez, "tren-garraioari bultzada ematea da hirian ibilgailu pribatuen presentzia murrizteko elementu nagusietako bat", eta Topoa dela adierazi du "hiriaren mugikortasun-eskemaren aldaketaren aldeko apustua, batez ere, pasantearen etorrerarekin".

Hala, hautagai jeltzaleak gogora ekarri du, "egunero milaka pertsona etortzen direla kanpotik Donostiara autoz, batez ere, Gipuzkoatik", eta zehaztu du, "topoak 400 pertsona garraia ditzakeela aldi berean, ehun kotxek edo zortzi autobusek beste. Abiadura Handiko Trenaren iritsierarekin batera, funtsezkoa izango da milaka pertsonaren mugikortasun-ohiturak aldatzeko, baita CO2 eta berotegi-efektua duten gasen emisioak modu eraginkorrean murrizteko ere. 

ETS eta Renferen arteko aldageltokia errealitate bihurtuko da hurrengo legealdian. Eta are gehiago, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izanda. Aurreikusita dago Eusko Jaurlaritzak 9,3 milioi euro bideratzea hiru urtetan, hiriaren eta lurraldearen mugikortasuna eraldatuko duen proiektua garatzen laguntzeko. 

Ibilgailu elektrikoak

Bukatzeko, Eneko Goiak beharrekotzat jo du “ibilgailu elektrikoen iritsierarako estrategia eraginkorra garatzea”, eta adierazi du “Donostiak zenbait denbora  badaramala probak egiten, taxien bitartez bereziki, ibilgailu mota horren hazkundeak ekarriko dituen beharrei nola aurre egin erabakitzeko.”

Goiak gogoratu du “orain dela gutxi berriz aktibatu direla bateriak kargatzeko puntuak Erdialdean, Grosen eta Antiguan, Energiaren Euskal Erakundearen eskutik”, eta proposatu du “birgarga-puntuak jartzea aparkaleku publikoetan, eta ibilgailu elektrikoen erabilpena sustatzea Ibilgailuen Gaineko Udal Zergan edo TAO zerbitzuan”. 

Interesatu Zaitez