Markel Olano, Eider Mendoza eta Josu Mendikuterekin batera, EBBko presidenteak Gipuzkoako hiritargoa deitu du maiatzaren 26an bozkatzera, Eibarren apirilaren 28ko hauteskundeetan EAJ-PNV PSE-EEtik 133 botora geratu zela gogoratu ondoren
OHARRA: Ekitaldiaren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
“Apirilaren 28an 133 boto egon ziren gu eta sozialisten artean. Lortzeko moduko gauza da eta, gainera, desiragarria ere. Eibar ezin da geratu EAJk Gipuzkoan daraman suspertze prozesutik kanpo. Eibar ezin da geratu EAJk euskal erakunde guztietan bultzatzen duen ‘Euskadi proiektu’tik kanpo. EAJrekin Eibarrek etorkizun hobea izango du, Gipuzkoako Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lerrokatuta egongo da. Bere interesen defentsa sendoa izango du Madrilen eta Bruselan. EAJ eredua da: euskaltasunaren defentsa, erakunde guztietan gurea defendatzea”. Hori izan da Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak Eibarko herritarrei luzatu dien mezua EAJ-PNVk gaur arratsaldean Txaltxa Zelaian Unzaga Plaza aurrean egin duen ekitaldian. Mitin berean hitz egin dute Markel Olano diputatu nagusi eta berrautaketara aurkezten den hautagai jeltzaleak, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak eta Eibarko alkategai jeltzale Josu Mendikutek. Denek nabarmendu dute ezinbestekoa dela Euskadiko hiritargoak maiatzaren 26an bozkatzea hurrengo lau urtetan zer herri, Herrialde eta Herri eredua nahi duen erabakitzeko. “Jokoan dugu gure seme eta alaben etorkizuna”, ohartarazi du Ortuzarrek.
Jeltzaleen buruak gogora ekarri du Gipuzkoako herrialde osoak azken lau urteotan bizi izan duen metamorfosia, EAJ-PNVk Eibarri datorren legealdian eman ahal dion aldaketa eta bultzada azaltzeko. “Baina gogoratu aurreko legealdian Gipuzkoa zelan geratu zen. Oker baino okerrago. Baina, zorionez, Gipuzkoak indarra hartu du berriz. Meritu handia dauka Markelek eta bere lantaldeak egin duten lanak. Desastretik etorkizunera. Zorionez, aldaketa eman da, errealitate bat da. Eta Gipuzkoako gizarteak eskertu egin dio”, baieztatu du abertzaleen liderrak. “Hiztegia ere aldatu duzue: Gipuzkoan gaur ez da zabor poltsez hitz egiten , baizik eta elektromugikortasunaz, 4.0 industriaz, zilarrezko ekonomiaz, gobernantza partekatuaz, gizarte zerbitzu aurreratuez”. Ortuzarrek jakin badaki Eibar, Gipuzkoa eta Euskadiren erronka handia zein den: kalitatezko enplegua. “Hori da herritarren arazorik handiena, eta esparru horretan ditugu herritarrak zain”, esan du. “Jakin badakigu udaletik oso zaila dela enplegu aukerak sortzea, baina hor sartzen da EAJ eredua, EAJren konpromisoa delako erakunde guztietan elkarlanean aritzea. Udaletik Eusko Jaurlaritzaraino eta berdin Aldundian, Madrilen eta Bruselan. Denok elkarrekin gehiago ahal dugu. Eibarrek betidanik izan duen bultzada industriala berreskuratu ahal dugu, aberastasuna sortu eta gero denontzako zerbitzu publiko eraginkor eta egokiak banatu. Elkarrekin bat egin dezakegu. Elkarrekin eraginkorragoak gara. Elkarrekin etorkizuna gurea da”, bermatu du Ortuzarrek.
Josu Mendikute Eibarko alkatetzarako EAJ-PNVko hautagaiak hasiera eman dio gaurko ekitaldi politikoari; eta, berak nabarmendu duenez, Eibarren “aldaketa sakona” behar da. Mendikutek salatu du herriak bizi duen “larrialdi-egoera”; eta, horrexegatik, orain inoiz baino beharrezkoa da aldaketa hori Eibarren. “Eta, gainera, aldaketa hori inoiz baino eskuragarriagoa da. Kalean barrena ibiltzen ari gara eta ilusioa igartzen dugu. Batzuek ‘abanikoak’ oparitzen dituzte, baina Eibarrek ‘haize berriak’ behar ditu. Eta, hori EAJ-PNVk baino ez du ematen”, esan du.
Bere aldetik, Diputatu nagusirako hautagaiak, Markel Olanok, datozen Udal eta Foru Hauteskundeetan “gauza asko” daudela jokoan eta, beraz, herritarrek aukeratu egin beharko dutela “bi eszenatokiren artean”: “aurrera egiten jarraitzea, ala gelditzea; guztientzako ala gutxiengo batentzat gobernatzea; enplegua eta ongizatearen alde egiten jarraitzea, ala Gipuzkoako motorra itzaltzea. “Orain dela lau urte Gipuzkoak ezetz esan zion inposaketari. Denon artean gauza asko lortu ditugu legealdi honetan. Orain ezin dugu gure seme-alaben etorkizuna arriskuan jarri”, osatu du.
Egungo diputatu nagusiak gogorarazi du zein egoeran zegoen lurraldea orain dela lau urte, “klima sozial kaltegarri batean murgildura, norabiderik gabe, krisialditik atera ezinda, enpresengandik eta gizartearengandik erabat urrundu ziren erakundeekin”. “Azken legealdian buelta eman diogu egoerarik, gobernatzeko modu berri batekin, gizarteari entzuten, gobernatzen dugun erakundeetan kudeaketa eragingor bat eginez. Ikusi besterik ez dago udal gobernuaren ardura dugun herrietan, kale eta auzoetan nabari da giro hori, guk guztiontzako gobernatzen dugulako”, aipatu du Olanok, eta eraldatze horren “erantzule nagusia” EAJ dela gogorarazi du.
“Erakundeen arteko elkarlana” ere EAJren ereduaren balio nagusietako bat dela aipatu du diputatu nagusiak, baita ere. Horren lekuko, azpimarratu du Eibarko ospitalea egikaritzeko lankidetza hori “ezinbestekoa izan dela”. Osakidetzarekin izandako elkarlanaren ondorioz, gainera, ospitale berrian adineko pertsonen arreta sozio-sanitariorako gune berri bat irekiko dela jakinarazi du Olanok.
Eider Mendoza Batzar Nagusietarako EAJren Bidasoa-Oiartzungo zerrendaburuak gogorarazi du, “Garitano jaunari esaten genionean enpresak ixten ari zirela, langabezia hazten ari zela, eta ekimena hartzeko, berak erantzuten zuen planek ez zutela ezertarako balio. Entzungor egin zion gizarteari, eta porrot egin. Markel Olanok, aldiz, apustu garbia egin du arlo honetan, urtero 50 milioi euro bideratuz. Ez du bakarrik egin, gizartearekin esku hartuta baizik. Eta emaitzak hor daude. % 13tik % 7,9ra jaitsi da langabezia. Esportazioak, zerga bilketa eta per kapita errenta markak hausten ari dira”.
Azpimarratu duenez, hori ez da egin “batzuen mesedetan bakarrik. Lurralde hau gero eta berdinagoa da, Suediaren pare dago horretan. Behartsuenen eta aberatsenen arteko diferentziak murrizten ari gara. EAJk ez du hori bakarrik egin. Herritarrekin batera eta beste eragileekin, eragile aktiboa izan da ekonomia egonkortzen, eta behar gehien dutenei inklusiorako tresnak ematen. Badakigu bakoitzak zer egin duen, iraganean eta horregatik konfiantza eskatzen dugu, herri hau aurrera ateratzeko”, amaitu du.
Josu Mendikute Eibarko alkatetzarako EAJ-PNVko hautagaiak hasiera eman dio gaurko ekitaldi politikoari; eta, berak nabarmendu duenez, Eibarren “aldaketa sakona” behar da. Mendikutek adierazi duenez, orain inoiz baino beharrezkoa da aldaketa hori Eibarren. “Eta, gainera, aldaketa hori inoiz baino eskuragarriagoa da. Kalean barrena ibiltzen ari gara eta ilusioa igartzen dugu. Batzuek ‘abanikoak’ oparitzen dituzte, baina Eibarrek ‘haize berriak’ behar ditu. Eta, hori EAJ-PNVk baino ez du ematen”, esan du.