Iñigo Cambronero aurkeztu du EAJ-PNVk Debako alkategai, udalerria berriro ere eskualde mailan estrategiko bilakatzeko helburuarekin. EAJ-PNVk Gipuzkoarentzako etorkizuneko proiektua duela defendatu du Markel Olanok, hurrengo belaunaldien ongizatea bermatuko duena
Diputatu nagusi izateko EAJ-PNVren hautagai den Markel Olanok gogoratu du gaur lurraldeak asko duela jokoan datorren maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeetan eta, ohartarazi duenez, “Gipuzkoak ezin du egonkortasuna eta aurrerabidea dituen etorkizuna arriskuan jarri”. “Jokoan dagoena zera da: edo oraingo egonkortasun eta indarrarekin aurrera egiten jarraitu, edo atzera egin, iraganeko ezegonkortasunera eta kudeatzeko gaitasun faltara itzultzea. Gipuzkoak ezin du arrisku hori hartu”, nabarmendu du hautagai jeltzaleak.
Debako hautagaitza jeltzalearen aurkezpenean hartu du parte gaur Olanok, udalerri honetako Pasealeku Estalian egin dena. Iñigo Cambronero da EAJ-PNVren alkategaia, eta ekitaldira dozenaka alderdikide eta jarraitzaile hurbildu dira, inguruko herrietako hautagaiekin batera. Debako EAJ-PNVren hautagaitza honako pertsona hauek osatzen dute: Iñigo Cambronero alkategaia buru, zerrendan daude Eneritz Gomez, Miren Esnal, Joseba Andoni Aizpurua, Alazne Txurruka, Edurne Rodriguez, Iñaki Mandiola, Gaizka Azkoitia, Ariadna Veliz, Mikel Lopez, Miren Josune Urain, Maria Teresa Iruretagoyena eta Cristobal Del Corte.
Diputatu nagusi izateko hautagaiak, bere hitzaldian, nabarmendu du Gipuzkoa “ikaragarri indartu dela” legealdi honetan. Alde batetik, esan du “elkarbizitza eta klima sozialak nabarmen egin dutela hobera”, batez ere lurraldeko erakundeek “gizartearekiko mesfidati izatetik entzuera pasa direlako”. Gainera, esan du indartu egin direla ongizate eredua eta gizarte kohesioa, ezberdintasunak murriztu egin baitira.
“Legealdi honetan, blokeo egoera batetik hasi eta Gipuzkoak bere modernizaziorako behar zituen proiektuak seriotasunez, eraginkortasunez eta zorroztasunez gauzatzera pasa gara”, azpimarratu du Olanok. Horrela, adibide bezala jarri du hondakinen kudeaketaren arazoa konpondu izana, edota Bizkaira bidaiatzen dutenentzat AP-8ko bidesarietan 75 euroko tarifa plana ahalbidetu duen akordioa. Debako tokiko aktualitatera etorrita, ibaiaren gaineko zubiaren erortzea bezalako arazo konplexu bati emandako “erantzun azkar eta eraginkorra” gogoratu du Olanok, gaiari irtenbidea eman eta bizilagun kaltetuei alternatibak eskaintzeko.
Etorkizuneko proiektua
Hautagai jeltzaleak, honenbestez, ondorioztatu du EAJ-PNVk duela lau urte gipuzkoarrei eman zien hitza bete duela. Deba bailarari aipamen eginez, gogoratu du egungo Aldundiak “lehentasun osoa” eman diola industriari, bereziki Debabarrenan presentzia nabarmena duen makina-erremintaren sektoreari. Gainera, gogoratu du lau urte hauetan “zor historikoa” kitatu dela Deba eta Mutrikurekin, bi udalerriak lotzen dituen errepidea hobetzeko obren hasierarekin.
“Gainera, aurrera begira, EAJ-PNV etorkizuneko proiektua du Gipuzkoarentzako, guztion artean lurralde indartsuagoa eraikitzen jarraitzeko”, aldeztu du. Diputatu nagusi izateko hautagaiak azpimarratu du lurraldea prestatzeko garaia dela, “hurrengo belaunaldiek ere bizi kalitate ona izan dezaten”. Estrategia horren adibide bezala jarri ditu legealdi honetan egin diren apustu estrategikoak, etorkizuneko gaietan erreferentziazko zentroak martxan jarri, esaterako, elektromugikortasun, zahartze osasuntsu edota zibersegurtasunaren esparurruetan. “Gizartea entzuten eta konfiantza adierazten jarraitzea eskaintzen du EAJ-PNV; zorroztasunez eta segurtasunarekin proiektuak gauzatzen jarraitzea; ekonomia eta ezberdintasunaren aurkako borrokari lehentasun osoa ematen jarratzea. Gipuzkoa indartsuagoa eraikitzen jarraitzea eskaintzen dugu”, nabarmendu du.
Deba indartsua
Bere aldetik, Debako alkategai jeltzalea den Iñigo Cambronerok Udalak legealdi honetan egin duen lana nabarmendu du, bera zinegotzi izan baita. Azaldu duenez, honen ondorioz erabaki du aurrerapausoa eman eta EAJ-PNVren hautagaitzaren buru jartzearen erronkari eustea. “Lau urte hauetan egin dugun lana eta bizi izan dudan guztiak sortu dizkit EAJ-PNVren Debako proiektuaren buru jartzeko behar nituen gogo eta ilusioa”, adierazi du.
Horrela, Cambronerok gogoratu du duela lau urte debarrek aldaketaren alde egin zutela eta, lau urte hauetan, “transformazio horretan aurrerapausoak eman ditugu”. Hala ere, esan du “bidea hasi besterik ez dela egin” eta, ondorioz, EAJ-PNVren proiektuari bidea emateko eskatu du, Deba transformatzen jarraitzeko. “Gure herriak gobernu indartsua eta gai dena merezi du, hobekuntza sozialak eta garapen ekonomikoa oinarri dituen herriaren transformazioaren lidergoa hartu eta gauzatzen dakiena”, azaldu du.
Maiatzaren 26ko hitzorduari begira jarrita, esan du Debako herritarrek euren buruari egin behar dioten galdera honakoa dela: “edo EAJ-PNVrekin aurrera egiten eta etorkizunari begiratzen jarraitu, edota berriro ere iraganean katigatu”. “Guretzako erantzuna oso argia da, Debak EAJ-PNVren aldeko apustuarekin jarraitu behar du”, defendatu du. Cambronerok adierazi duenez, bere hautagaitzak Udala eraginkortasunez kudeatzen jarraitzeko “proiektuak, ideiak, ilusioa eta gaitasunak” ditu, “Deba berriro ere eskualdearentzako estrategikoa izan dadin, gure herriaren garapenari ekarpenari egingo dioten inbertsioak lortuz”. “Zuen babesarekin eta talde honekin, denon artean, aurrera egitea lortu eta etorkizuneko Deba eraikiko dugu”, amaitu du.