Azkoitiko EAJ-PNVk duela lau urte ekindako bideari jarraipena eman nahi dio

“Kudeaketa buruarekin, bihotzetik. Hori da gure eredua. Udal kudeaketa buruarekin, eraginkorra behar duelako izan, baina baita humanoa ere, erabaki bakoitzaren atzean pertsonak daudelako”.

Azkoitiko EAJ-PNVk duela lau urte ekindako bideari jarraipena eman nahi dio 17Maiatzak
2019
2019 MaiatzaK 17 |
Azkoitia

PARTEKATU

EAJ-PNVk, Zubizarreta alkatea buru dela, gaur egin du hauteskunde ekitaldi nagusia eta bertan 2019-2023 legealdirako dituen proposamenak eman ditu ezagutzera. Herritarrek berriro ere EAJ alderdiari euren babesa ematen badiote, proposamen horietan oinarrituko da hurrengo udal gobernu programa.

Gaurko ekitaldian Azkoitiko Uri Buru Batzarreko presidente Asier Aranbarrik, Ana Azkoitia hautagaiak eta Javier Zubizarreta alkategaiak hartu dute hitza.

EAJk hauteskunde programa lantzera bideratu ditu indarrak azken hilabeteotan. “Gure programak edukia du eta errealista da, pertsona jarri dugu erdigunean”, dio Javier Zubizarreta alkategaiak. “Gainera, izan dugu aukera ekarpen berriak egin dituzten hainbat eta hainbat herritarrekin programa partekatzeko. Esku artean dugun dokumentuak erronka berrien aurrean kokatzen gaitu. Kontu handiz ibili gara gauza batean: ez sartzen bete ezingo dugun ekimen edo proiekturik. Ezeren gainetik, seriotasuna“. Duela lau urte hasitako bidean jarraitu nahi dute jeltzaleek.

“Proposamenak baditugu, jende ona lanerako ere bai, eta gogoa eta indarrak ez zaizkigu falta, beraz, aurrera egingo dugu Azkoitiko herriaren alde. Lau urte hauetan erakutsi dugu badakigula gauzak egiten. Denborak jarri digu muga. Denbora eta osasuna dira erosi ezin daitezkeen gauza bakarrak eta guk denbora nahi dugu bideratuta ditugun proiektuei jarraipena eman eta egi bihurtuta ikusteko”, gaineratu du alkategaiak, taldekideei bere esker ona adieraztearekin batera.

Elkarguneko aretoa goraino bete da eta bertaratu direnek EAJ/PNV-ren herrigintzarako eredua babestu eta txalotu dute. Alkategaiak bere hautagaitza defendatu du “seriotasunagatik, ez dugulako testuinguruaren arabera, diskurtsoa moderatu edo gogortu beharrik izaten, elkarrizketa ez diogulako inoiz inori ukatu ezta ukatuko ere, eta argi dugulako herrigintza zer den”.

“Bizigune humanoa, lagunkoia, kalitatezko enpleguak eta zerbitzuak dituena, eta ingurumenarekin konprometitua nahi dugu”, esan du azkenik alkategaiak.

 

Datozen lau urteetarako proposamenak

Formakuntza eta enplegua lehentasunak izaten jarraituko dute. 2015etik 2019ra, langabezia %36,26 jaitsi da. 2015eko ekainean 775 langabetu zeuden. 2019ko apirilean langabezian daudenak 494 dira. Datu positiboak dira. Edonola ere, EAJren iritziz, adi egon behar da eta lanean jarriatu laneratzea errazteko, nagusiki, emakumearen kasuan. Arlo ekonomikoan, lursail industriala egokitzea da beste proposamenetako bat, ekimen enpresarial berriak herrira erakartzeko.

Emakumeak protagonismoa hartzen duen beste puntuetako bat gizarte laguntzena da. EAJ-k gizarte laguntzen onuradunen profilak aztertu nahi ditu, batez ere, fokua emakume alargunetan jarriz.

Herrian bertan osasun zerbitzuak zabaltzea da alderdiaren beste nahietako bat, beste herri batera joan beharrik ez izateko.

Aparkalekuen arazoari soluzioa ematea, San Martin eta Floreaga auzoetako irisgarritasuna hobetzea, Santa Klarako espaloia konpontzea, komun publikoak jartzea Oteiza frontoietan, baserri bideak zaintzea, luminariak aldatzea edota kaleetako garbitasuna bermatzea dira hauteskunde programak jasotzen dituen beste hainbat proposamen.

Plazaberriren eraberritzeak eta kirol instalazioen hobetzeak, igerilekuen handitzearekin eta entrenamenduetarako futbol zelai bat eraikitzeko aukera jorratzearekin batera, dira programaren zatirik handiena osatzen duten planteamenduak. San Jose egoitza jaistearen eskaeraren aurrean, EAJk dio bere esku dauden neurri guztiak jarriko dituela martxan egoitzaren gaur egungo kokapenak eragiten dituen eragozpenak murrizteko.

Etxebizitza da beste giltzarrietako bat. Floreagan eta Idiakez Ederra Etxean Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikiko dira eta baita Txalon Errekan ere. Halaber, Intsaustiko eremua sustatuko du EAJk.

Kultura alorrean, alderdiak kontutan du 2024an Azkoitiak bere 700. urteurrena betetzen duela. Herriko ondarea balioan jarriko du EAJk  “Inaziotar bidea“ eta “Euskal kostaldea“ marka turistikoez baliatuz.

Halaber, EAJk sail ezberdinei dagokien eta ondo funtzionatzen duten programak eta zerbitzuak indartzen jarraituko du. Berdintasuna, euskera edota ingurumenarekiko errespetua, berriz, gai transbertsalak dira, “esparru guztietan izan behar dute presentzia eta guztietan hartu behar dira aintzat”.

Interesatu Zaitez